HENDAIA ETA IRUNGO AUZAPEZEN JAKINARAZPENA
Mugaren bi aldeetan ditugun hetsialditik ateratzeko neurriek, zubia hetsirik dagoelarik, garrazki zailtzen dute Santiago zubia zeharkatzea eta azken egunotan auto ilara handiak gertatzen ari dira.
Iragan martxoaren 16an, Bidasoaren bi aldeetan larrialdi egoera deitu eta mugak hetsi zituzten eta kontrol puntuak kokatu ziren Bidasoa gaineko nazioarteko zubietan mugako beste pasalekuetan bezala.
Handik zenbait astetara, apirilaren 12an, mugako hainbat puntu hetsi zituzten, hala nola Pausu, Ibardin, Lizuniaga, Lizarrieta, Sara eta Izpegi. Santiago zubia eta Biriatuko autobideko pasalekua ditugu mugan zabalik diren bi pasaleku bakarrak.
Hainbat egunetan, konfinamenduari esker Santiago zubian ez da arazorik izan mugazgaindiko trafikoa bideratzeko. Azken egunotan, aldiz, mugaren bi aldeetan konfinamendutik ateratzeko hartu diren neurri berrien ondorioz, trafikoa handizki areagotu da eta horrek arras zailtzen du zirkulazioa Santiago zubian.
Ekonomia jardunari berriz ekin zaio, bai eta enpresan bertan egin beharreko lanari ere enpresa anitzetan, eta bi aldeetako saltegiak ireki dira, bai eta eskolak ere.
“Ulertzekoa da mugalde bietako herritarrek beren eguneroko jardunetan mugaren alde batera eta bestera joan behar izatea. Hartara, auto galkadurak behin eta berriz gertatzen dira” diote Kotte ECENARRO eta José Antonio SANTANO auzapez biek.
Gauzak horrela, bi auzapezek indarrak bil eta bi estatuei gure mugaren egoera kontuan har eta keinutxo zenbait egin dezaten eskatu diete, hala nola mugako pasalekuak ireki, jendeen eguneroko bizitza errazteko eta mugako pasaleku soiletik luzaz haratago dauden bi hirietako bideak ere butxatzen dituzten galkadurak gerta ez daitezen.
José Antonio SANTANO Irungo auzapezak Espainiako Gobernuaren ordezkariari igorri dio bere eskaria eta Kotte ECENARRO Hendaiakoak Pirinio Atlantikoetako Prefekturari.
Horrez gain, bi hirien lehendakariek koordinazio hobea eskatu dute mugazgaindiko herrietako komunikazioan, alde bakoitzak beste aldeko egoerari buruzko informazio hobea ukan dezan, hala murrizketa neurriei buruz nola muga pasatzeko behar diren dokumentuei buruz.
Ekonomia jarduna bi herriko etxeei zaie kezka, beren lurraldeetan bete-betean mugazgaindiko merkataritzan ari diren saltegiak eta zona osoak baitituzte eta mugitzerik ez bada ezin dira horiek ireki. Zirkulazioa ez hobetzeak haiek hetsirik atxikitzea dakar.