Hendaia Turismo eta Merkataritzak iragan urtarrilaren 17an egin zizkien agiantzak bere partzuerrei.
Bi hamarkada dira Hendaia Turismo & Merkataritza etengabe ari dela berrikuntzak egiten bisitariei oroitzapen on-onak eskaintzeko eta turismo lekuaren bilakaeran parte hartzeko. Alabaina, azken proiektua, «Oroitzapenen Hiria», ireki berri dugularik, hona hemen erronka handi bat: kostalde osoan bizitegi turistikoak mugatzeko elkargoaren araudi berria.
Bizitegi turistikoak nahasmendu betean
Neurri horiek arras gutxituko dute Hendaian turismorako ostatalekuen eskaintza, %40an bizitegi turistikoen bidez egiten baita. Horrek ekar lezake Herriak biltzen duen egonaldi zerga % 50ean apaltzea. «Galera horrek kalte bikoitza ekarriko digu: ostataleku eskaintzen apaltzea eta, horren ondorioz, bezeroen gutxitzea gure saltokietan», aipatu du Philippe Kehrig Hendaia Turismo eta Merkataritzaren buruak bere solasean.
Kotte Ecenarro auzapeza, dosier horri bereziki adi delarik, mintzatu da ere araudi horren eragin kaltegarriak salatzeko. «Kezkatzen nau Euskal Elkargoan harturiko erabaki horrek Hendaia duela bereziki kaltetzen, beste zeinahi herri baino gehiago. Gehiengoaren hautetsiek eta neuk ere ez dugu deliberamendu horren alde bozkatu, izan ere, honako hau gogoan bait genuen: muga horiek bete-betean kaltetzen gaituzte», erran du.
Auzapezak gogora ekarri du bizitegi turistiko anitz, udaldian behar-beharrezkoak izanik, ezin direla neguan berreskuratu. «Hamarkadetan zehar etortzen ari diren bezero leial horiek ez dira jadanik itzuliko. Herriaren finantzarentzat kezkagarria da hori eta hala azaldu nuen elkargoan eta berriz ere aipatuko diot elkargoaren lehendakariari. Gaia Peio Dufau diputatuarekin aipatu dut ere» gaineratu du.
Turismoaren gaineko eraginaz gain, Herriak zerga sistemari loturiko beste kalte zenbait ukanen du ere: «Bigarren bizitegi zenbait bizitegi nagusi gisa aurkezten dira faltsuki eta horrek 170 000 €ko galera ekarriko du herriaren diru sartzeetan, bizitegi nagusien gaineko bizileku zerga kendua baita.»
Erakargarritasuna atxikitzeko, estrategiak egokitzea
Mehatxu hori hor dugularik ere, kudeaketa zorrotz bati esker % 80ko diruzko autonomia lortzera heldu den egiturak ez du etsitzeko asmorik. Egoera berrira egokitu beharrari aitzina hartzeko neurriak eztabaidatu dituzte elkarrekin zuzendaritza batzordekideek eta tokiko hautetsiek. 2025etik bertatik, % 10eko apaltzea aurreikusi da zerbitzu publikoko zereginetarako funtzionamendu aurrekontuan, eta 2026an, beharbada, egokitzapen zorrotzagoak eginen dira.
Turismo Bulegoak turismo jarduna sasoiz kanpo azkartzeko eta tokiko merkataritza sostengatzeko ekintza berriak aurreikusi ditu. Halarik ere, zenbait ekintza, batez ere komunikazioan eta merkataritza animazioetan, arrazionalizatu beharko dira.
Horrekin batera, auzapezak turismo bulegoaren lana eskertu du eta jakitera eman du aurrekontua bozkatzean 50 000 € gehiagoko kopuru bat ezarriko dutela egitura sostengatzeko. «Turismo eta Merkataritza Bulegoak orain arte bezala lanean jarrai dezan nahi dugu, turismoaren alde, begirakor, tokiko animazioa eta ingurumena balioan emateaz bat» erran du azkenik.
Testuinguru kezkagarri hori gorabehera, emaitza bihotz-sustagarriak aipa ditzagun. Merkataritza leku hutsen kopurua %9koa baino apalagoa izatera jaitsi da, 2018an % 17koa zelarik (% 14 nazio mailan) Herriak eta Hendaia Merkataritzak elkarrekin egin ahaleginei esker. «Kopuru horiek erakusten digute badakigula erronkak altxatzen eta emaitzak lortzen, baita ingurumen gaitzean ere» gaineratu du lehendakariak.
Bete-betean engaiaturik diren 20 pertsonen lantalde batekin, Turismo Bulegoak datozen erronkei buru egiteko prest dela dio eta erakargarritasuna atxikiko duela hala oporlarientzat nola bertako biztanleentzat.
Azkenik, Jean- Sébastien Halty, IMEParen zuzendariak egituraren 3 langile omendu ditu. Bruno, erretretara doana, Oihana, beste bide bati ekinen diona, egituran 15 urte egin ondoren, eta Claire, zerbitzuan eman dituen 20 urteak eskertzeko lan medaila eman zaiolarik.