Pertsonaia famatuak

Jende anitz pasatzen da Hendaian, mugazgaindiko herria baita!

Hemen, Hendaian bizitu diren pertsonaiak pasa besterik egin ez dutenetik bereziko ditugu.

PERTSONAIA FAMATUAK

Etienne Pellot

1765ean Hendaian sortu zen kortsario hau bere ausardia eta arrakastengatik famatua zen. Ohorezko Legioa jaso zuen. Hendaian hil zen 1856an, eta hilarri bat badago Beltzenia karrikan haren oroimenean. Urte guztiz, urtarrilean, herriko festen kari, desfile bat antolatzen da haren ohorean.

Pierre Loti

Julien Viaud egiazko izena zuen idazle ospetsu hau Frantziako Akademiara sartu zen 1891an. Euskal Herriaz maitemindurik, Hendaian “Bakaretxea” deitu zuen etxean bizi izan zen. Han hil zen 1923an. Haren bidaia anitzek eta Euskal Herriko edertasunak eragina izan zuten beraren obran (Ramuntxo, 1897).

Antton Abadia Urrustoi

1810ean Dublinen sortua, 1820 aldera etorri zen Frantziara. Geografia eta astronomiaren zale amorratua, 12 urte baino gehiago eman zuen Etiopian, ikerketa-misio baten arduradun gisa. Euskal Herriaz zuen zaletasun handiak Hendaiako itsas bazterrean ondasun baten eraikitzera bultzatu zuen: Abadia deitu gaztelua. Han bertan hil zen 1897an.

MIGUEL UNAMUNO

Poeta, eleberrigilea, antzerkigilea eta filosofoa, Miguel Unamunok (1864-1936) egonaldia egin zuen Hendaian, Geltoki auzoan, 1925etik 1930 bitarte.

Albert MARQUET

Margolari ospetsua, Albert Marquet (1875-1947) 1926ko uztailean izan zen Hendaian eta egonaldi horretan margotzen aritu zen.

Hendaiatik pasatu ziren…

Frantzisko I.a

Madrilen preso hartu, eta handik zetorrela, Frantzisko I.a 1526ko martxoaren 15ean trukatu zuten, Bidasoaren erdian, “Jaun Haurrak” haren semeen ordez eta haiek Espainiara eraman zituzten bahiturik. Semeak 1530eko uztailaren 1ean askatu zituzten gero, Frantzisko I.arekin ezkondu behar zen Austriako Elionorrekin batera, diru truk.

Ibaiaren erdian baita ere, Asturiaseko printzearekin ezkondu behar zuen Henri IV.aren arreba, Elisabet Frantziakoa, trukatu zuten Louis XIII.arekin ezkontzera zetorren Austriako Ana  (Espainiako Felipe III.aren alaba) Espainiako infantaren ordez.

Napoleon III

Baionan kokaturik Espainiaren Erresumaren zortea erabakitzeko, Hendaiara etorri zen 1808ko ekainaren 12an, eta otordu arin bat jan zuen ostatu onenean, Hendaiar hotelean (Iturbideko karrika)

HITLER

Historiak Hitler eta Franco jeneralaren artean 1940ko urriaren 23an, Hendaiako tren geltokian eginiko elkarrizketa ezaguna bildu du ere. Egun hartan, nazismoarekin gogaide izanik ere, Francok bere herrialdea bigarren mundu gerlan ez sartzeko erabakia berretsi zuen.

WINSTON CHURCHILL

Bigarren Mundu Gerlaren ondoren, Churchill-ek eta bere emazteak Bordaberriko eremuan, Brutinel jeneralak 1928an erosi etxean, egin zuten egonaldi bat. Erlaitzan kokaturik den etxe hori «Enfant Roi» (haur erien egonlekua) egoitza bilakatu zen gero, eta horren ondoren, oporleku.

RAYMOND POINCARÉ

Raymond Pointcaré, Errepublikaren lehendakaria Paris Hiriaren Sendategian izan zen 1913ko urriaren 3an, Espainiarako bidean zihoala. Bisita hori erietxearen irekitze ekitaldi ofizialtzat hartu izan da.