Garapen ekonomikoa

Argibide gehiagorako:

Oroitza elkartea
Oroitza webgunean > Hendaye et ses vieux métiers (leiho berria)

INDUSTRIA

Edari bizia

 Edari biziak egin zuen Hendaiako fama. Herriko espezialitate nagusia izan zen XVIII. mendetik aurrera, eta likore bihurtu zuten. 1906an sortu zen “La Véritable Liqueur d’Hendaye” Sozietate Anonimoa. 1955ean, Izarra enpresak destilategia erosi zuen, baina 1991etik likorea ez da gehiago egiten.

Xahakoen fabrika

Xahakoen fabrika: Lehen lantegia Hendaian sortu zen 1908an. Ikerketa anitzi esker, xahakoen kalitatea hobetu zuten. 1932an, patente bat sortu zuten. Enpresak ikaragarrizko hedapena ezagutu zuen, eta esportazioak benetako arrakasta bildu zuen.

Arma-manufaktura

Arma-manufaktura: 1923an sorturik, hasieran 6.35 kalibreko pistolen fabrikazioari zuzendua, enpresaren jarduerak teknika zailagoko modeloen egiteko bidea hartu zuen. 1969an sortu zen “DES/69 pistola berezia”, gero Frantziako txapeldun izan zena. Haren arrakasta baieztatua da gaur egundaino. Berdin izan da nazioarteko lehiarekin, arma horrek beste tituluen artean Estatu Batuetako marka nazionala baitu. Modelo berri anitz sortu ziren. 1998ko bukaeran itxi zuten arma-manufaktura.

Euskal txapela manufaktura

Euskal txapela manufaktura: 1920an sorturik, Hendaiako fama oso gora eraman zuten industrietarikoa zen. “Perez Jauregui” txapela laster biziki ezaguna eta maitatua izan zen Frantzia osoan, atzerrian eta batez ere Hego Amerikan.

Espartinak

Espartinak: 1947an, Berasategui jaunak familiako espartin-lantegi ttipi bat ireki zuen. 1968an “manufaktura” bihurtu zen, garai onenetan miloi bat pare fabrikatzen ahal zuena. Gaur egun, Berasategui espartinak Estatu Batuetara, Ingalaterrara eta Italiara esportatuak dira. Fabrikak 2000an itxi zituen bere ateak.

 Maumejan artezko beirateak eta mosaikoak

Maumejan artezko beirateak eta mosaikoak: 1923an ireki zuten, Santiago karrikan, beirate-fabrika eta gure herriaren izena mundu osora eraman zuen 13 urtez. Elizetarako beirateak fabrikatzen zituzten batez ere. 1936an, fabrika bigarren aldikotz erre zen, eta ez zen berreraikia izan.

BATELARIAK

Erdi Aroan, Bidasoa zeharkatzeko, bertakoek eta beilariek Pausuko pasagunea zuten edo Prioreniako pasalekua. Xalanten bidez zeharkatu ohi zen. Bazen bat Pausun eta beste bat irunen. Xalanta 1914 arte ivili zen eta gero, 1960. urteen hastapenean, batelariak erruz gutxitu ziren.

MERKATARITZA

Galeries Lafayette saltokia

Galeries Lafayette saltokia: 1927an ireki zen, Geltokiko bidean, mugako norabidean. Oso ongi horniturik, saltoki handi horrek Hegoaldeko bezero anitz erakartzen zituen. 150 pertsonek lan egiten zuten bertan. Espainiako errepublikaren etortzeak eta pezetaren debaluazioak Galeries Lafayette-n itxiera eragin zuten.

Hotelak

Hendaiako behialako hotelen artean, 3 ezagunenak aipa ditzagun:

  • Frantzia eta Ingalaterrako Hotela, Hostailbidean, egun lanbide lizeoa dagoen lekuan
  • Imatz Hotel Handia, Errepublika plazan, egun bizilekuetan banaturik
  • Eskualduna hotela, itsas etorbidean, bizitegietan banaturik egun

HENDAIAKO HONDARTZA AUZOAREN SORTZEA eta GARAPENA

1925ean, geltoki berria sortu zen Hondarraitz edo Hondartza auzoan.

Sortze horri esker irekitzen ziren perspektibak interesgarriak baizik ezin ziren izan Hendaiako herriarentzat, hondartza aberastasun-iturri garrantzitsua baita.

1884an, estilo moriskoko Kasinoa eraiki zuten. Hotel anitzek, hala nola luxu handiko Euskalduna hotelak (1911), Abadiako gazteluak (1864), Abadia eremuko golfak (1911), turista-andana bat erakarrri zuten.

Etxe anitz eraiki ziren Itsas etorbidean, euskal estilo hutsean, Henry MARTINET Hondartza auzoaren diseinatzaileak 1907tik goiti nahi zuen bezala.

SENDATEGITIK Itsas Ospitalera

Osasun egoitza “Paris Hiriaren Sendategia” izenarekin ireki zuten 1899ko ekainaren 15ean; hezurretako tuberkulosia zuten erientzat zen (238 ohe). 1950. urtean, Helio Marin izena hartu zuen (itsas ertzeko sendategia). 1970ean, adimen urritasun sakona zuten 58 haur ekarri eta bere bidea atzeman zuen ospitaleak. 1973. urtean, 350 egoiliar hartzeraino hedatu zen. 1979. urtean, heldu nola haurrak hartzen hasi zen.

Sendategi hori Itsas Ospitalea deitzen da orain eta helduak dira bertan hartuak. Pariseko Ospitaleen Laguntza Publikoaren menean da.

Raymond Pointcaré, Errepublikaren lehendakaria Paris Hiriaren Sendategian izan zen 1913ko urriaren 3an, Espainiarako bidean zihoala. Bisita hori erietxearen irekitze ekitaldi ofizialtzat hartu izan da. Sendategiaren garai hartako zuzendaria Hendaiako Camino doktorea zen.