Hendaia Euskaraz: martxoaren 17tik 23ra

Hendaia Euskaraz-en programak segitzen du, ttipi eta handientzako animazioekin!

Martxoaren 17an: Pirritx, Porrotx eta Marimotots

2019ko martxoaren 17an (igandea), 11:00etan, Hendaiako Daniel Ugarte (Beltzenia) pilotalekuan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo talde famatuak “Musua”, bere azken ikuskizuna, aurkeztuko du.

25. aldikotz, eta orain Hendaia Euskaraz-en baitan, Akelarre elkarteak bere Udaberriko Besta antolatuko du. Horren karietara, ikusgarri hau proposatzen dizue, haur elbarrituak eskolan integratzeko helburua duen Seaskako Integrazio Batzordearen alde.

Mundua mundu denetik, eguzkia biraka ari da eta gu haren inguruan. Eta dei egiten dio lurrari esnatzeko, azaleko zomorroak astindu eta mozorrotzeko. Mundua mundu denetik, hartzak kobazulora sartzen dira neguko solstizioetan eta kilkerrak kanpora atera udakoetan. Eta guk dantzatu eta kantatu egiten dugu negu zein uda, egin arren euria, atera arren eguzkia, apurtu arren zeruan tximista…

Ihauterietan, San Joanetan, Gabonetan ohitura zaharrak mantendu eta berriak sortzera jolasten dugu.

Munduak biraka segi dezan. Eguzkiak ez ezik, musuek ere biraka jartzen dutelako mundua. Eta musuek biraka jartzen gaituztelako gu. Eta zu?

Txartelak salgai dira martxoaren 1etik goiti honako toki hauetan:

  • Hendaiako Bakarxoko ostatuan (Beltzenian)
  • Irungo Real Union ostatuan (Zabaltza plazan).
  • Prezioa: 8,50€.
  • Pasa diren urteetako esperientziak direla eta, hobe da txartelak aitzinetik eta lehenbailehen erostea.

Martxoaren 20an: hizkuntzak lantzeko joko gaualdia

2019ko martxoaren 20an (asteazkena), 18:00etatik 20:00etara, Hendaia Euskaraz-en baitan, Hendaiako Herriko Etxeko Haur eta Gazte Animazio Zerbitzuak eta Gazte Informazio Bulegoak frantsesa-euskara hizkuntza-bikoteak osatzeko izena eman dutenei hizkuntzak jokoaren bidez lantzea proposatzen diete. Joko gaualdi hau 2018ko azarotik irekia eta Geltokiko 1. Mailako eskolan kokatua den Ondarraitz klubaren egoitzan iraganen da.

Gaualdi honetarako jokoak 2018ko azarotik irekia eta Geltokiko 1. Mailako eskolan kokatua den Udal Ludoteka elebidunak utziko ditu. Hautatutakoak hizkuntza eta adierazpen jokoak dira, giro goxoan aritzeko. Izan lehiaketa edo elkarlan jokoak, helburua adierazpen (Dixit, Dream on), informazio (Time’s up, Timeline) eta argudio (Loup garou, Catane) diskurtsoak garatzea izanen da beti.

Horrela, parte hartzaileek euskaraz eta frantsesez ikasitakoa sendotzeko aukera izanen dute.

Gaualdi horretan parte hartzeko, baitezpadakoa da martxoaren 18a aitzin izena ematea Gazte Informazio Bulegoan: 05.59.20.41.41

Martxoaren 21ean: haur ttipientzako ikuskizuna Dongoxenian

2019ko martxoaren 21ean (osteguna), 10:00etan, Hendaia Euskaraz-en baitan, Angeluko Au Fil du Théâtre konpainiak “Zure txanda Malu! A toi de jouer Malou” txotxongilo ikuskizuna aurkeztuko du Dongoxenia udal haurtzaindegian.

Malu irribaretsu dagoen neskatxo bat da. Baina egun batez, irria galtzen du: bere amak laster eskolara joanen dela jakinarazi dio… Baina Maluk ez du eskolara joan nahi…Nola egin behar da eskolara ez joateko?

Poesiaz beteriko ikusgarria, emozio baten parean den haur batek bere sentimenduen adierazteko zailtasunak aipatzen dituena. Hemen, eskolara joateko bere gurasoetarik bereizia izateko beldurra.

Ikuskizuna haurtzaindegiko haurrentzat da bakarrik.

Martxoaren 22an: Zubilanak, euskal mitologia Mediatekan

Martxoaren 22an (ostirala), Hendaia Euskaraz-en karietara, Bi’Arte elkarteak Hendaiako Mediatekara euskal mitologia ezagutzera gomitatzen zaituzte, Zubilanak proiektuaren bitartez.

Iaz, Zubilanak Eginez ikuskizuna ikusteko parada ukan genuen, eta ibilaldi-erakusketa hau horren segida da, Mediateka bezalako egitura ttipientzat egokitua. Mitologiaren azaltzen du bost elementuetan: lurra, ura, sua, airea eta eterra. Lehenengo lauak ezagunak dira, eta euskal mitologia elementuen bitartez aurkezteak errazten du gaiaren inguruko ezagutza eraikitzea eta komunikatzea. Horrez gain, Euskal mitologiako pertsonaien eta/edo kontzeptuen inguruko artelanak ibilaldiaren euskarriak dira, haien balio sinboliko eta unibertsalean harturik.

Ixabel Millet-ek, euskal mitologian espezializatua, eskoletako ikasleei proposatuko die erakusketaren bisita gidatua 9:00etatik 11:00etara eta 14:00etatik 16:00etara. Gero, publikoak erakusketa ikusten ahalko du 11:00etatik 12:30era eta 16:00etatik 18:00etara. Azkenik, 18:00etan, euskal mitologiaren inguruko mintzaldi bat eskainiko du kontalariak.

Sartzea dohainik da, toki kopuru mugatua.

Martxoaren 23an: Euskaraz irakurtzen ausartu!

Martxoaren 23an (larunbata), 11:00etan, Hendaia Euskaraz-en eta Kalakaño Haurtzaroaren hilabetearen karietara, Libre Plume elkarteak euskaraz irakurtzeko tailerra proposatuko die 0 eta 4 urte bitarteko haurren guraso erdaldunei Hendaiako Mediatekan.

Ez zira euskalduna baina zure haurra bere euskararen ikaskuntzan lagundu nahi duzu? Liburuaren inguruan momentu goxo bat harekin partekatu nahi duzu, euskaraz? Joko eta trukaketen bidez, tailer praktiko honek euskaraz irakurtzeko gakoak emanen dizkizu.

Tailerra Euskal Hirigune elkargoarekin elkarlanean proposatua da. Toki mugatuak, izena ematea gomendatua da mailez:

Martxoaren 23an: Korrikaren aldeko kantu-lotoa

Martxoaren 23an (larunbata), 18:00etatik goiti, Hendaia Euskaraz-en eta Korrika Kulturalaren karietara, Hendaiako AEKk kantu-lotoa proposatuko du Bakarxoko ostatuan (Beltzenian).

Lotoaren arauak segur aski ezagutzen dituzue… baina kantu-lotoan, zenbakia kantu baten atzean ezkutatua da! Kantuaren titulua asmatu beharko duzue, geroztik zenbakia ezagutzeko! Korrika sostengatzeko era ludiko eta originala, musikaz eta euskaraz!

Kartoiaren prezioa: 2€.

Navigation de l’article