Bil Ta Garbi Sindikatuak eta Euskal Herriko Hirigune Elkargoak, AIMA eta AIMA Autonomie elkarteekin elkarlanean, adinekoen edota ahalmen urritasunen bat dutenen autonomiarako laguntza teknikoko hornikuntzen eta materialen berreskuratzea antolatzen dute. Gizarte Ekintzarako Udal Zentroak (GEUZ) eragiketan parte hartzen du.
Heldu den azaroaren 19tik 26ra, Hondakinak Murrizteko Europar Astean zehar, partikularrek utzi ahalko dituzte autononomiarako laguntza teknikoko hornikuntzak eta materialak, beste norbaitek erabil ditzan, bota edota erabiliezin bihurtu ordez. Eragiketa hori Gizarte Ekintzarako Udal Zentroarekin egiten da, Etxean Laguntzeko Zerbitzuarekin zehazki (ELZ-SAAD) Gaztainalde karrikaren 24an, 39. apartamentuan. Harremanetarako: 05 59 48 23 12
Zer uzten ahalko da?
Handiegi ez diren baliabideak dira, hala nola jarririk mugitzen laguntzen dutenak (aulki gurpilduna, kuxin altxagarria, lekualdaketetarako heldulekua, bainu jarlekua, dutxako aulkitxoa…), ibiltzeko lagungailuak (makilak, makuluak, bermagailua…) edota erabileraren lagungailuak (botoi handidun telefonoa, galtzerdi luzeak janzteko gailua, oratzeko matxarda …). Hornidura handiak, hala nola medikuntza oheak edota pertsonen altxagailuak, ez dira bilketa ezohiko honetan onartuko. Halarik ere, halako emaitzak proposatzeko, AIMA elkartearekin jar zaitezkete harremanetan, 06.18.30.22.44 telefonoan.
Zer da autonomiarako laguntza teknikoa?
Laguntza teknikoak gisa anitzetako materialak dira, hala ongizaterako nola informazioa eta komunikazioa eskuratzeko, etxeko hornidurak edota mugikortasuna eta garraiorako laguntza produktuak. Laguntza teknikoari esker adineko pertsonek edota ahalmen urritasunen bat dutenek beren autonomia berreskura dezakete edo atxiki eta, halatan, egunerokoa errazten zaie eta gizartean molda daitezke.