Abuztuaren 26 honetan, ostiralarekin, Geneviève Darrieussecq, ahalmen urritasunen bat dutenen ardura duen ministroa ASEI Haiekin zentrora eta AP-HP Itsas Ospitalearen Handiplage gunera etorri zaigu.
Ez da arrazoirik gabe ministroa Hendaiako egitura hauekin interesatu, ahalmen urritasunaren gaia Herriaren politika publikoen barnean baitugu erroturik bai eta herriko erakunde anitzen politiketan ere. Artatzea, laguntzea, laguntza ematea, hartzea, aditz horietako bakoitzak adierazten du herrian ditugun eragile guztiak etengabe egiten ari direna.
EGITURA ERAKARGARRI ETA BERRITZAILEAK
Eragile horien arteko bat Haiekin institutu mediku-hezitzailea dugu, autismoaren eremuko arazodun pertsonak eta hainbat ahalmen urritasun batera dituzten pertsonak hartzen baititu. Haur autistentzako atseden unitatea bisitatu ondoren, ordezkaritza ofiziala* pedagogia etxalde bat bisitatzera joan da; urtebete da etxalde hori sortu zela eta lagunduriko pertsonen eta duten ingurunearen arteko lotura atxikitzeko xedea duen giza bitartekaritzako eta pedagogiako baliabidea da.
Gero, langileak ministroarekin solastu dira egunerokoaz eta hor agertzen zaizkien zailtasunetaz: egoiliarrek artamendua eskuratzea, medikuek duten denbora tartea eta duten estatutua, artatzaileen eskasia, SEGUR sisteman ez direnak, senideak laguntzea, ahalmen urritasunaz lehenbailehen ohartzea eta egitura orotan kontuan hartzea, baita eskola ingurunean, eskolaldi ingurukoetan, aisialdi zentroan eta eskola jantokian eta abar ere.
HENDAIA, «HANDIPLAGE» HERRI AITZINDARIA
Hendaia Frantziako herrien arteko lehenetarikoa izan zen mugikortasun urriko pertsonei uretara joateko aukera eskaintzen, uretarako orgatxoen sistema bidez, herriko lehen enplegatzailea dugun APHP itsas ospitalea hasi zelarik. Ministroak ezin zuen bisitatu gabe utzi ahalmen urritasunen bat dutenei aire zabaleko kirol jardun egokituak proposatzen aitzindaria den erakunde hori. Handisurf elkartearekin elkarlanean, hainbat jarduera proposatzen baititu: surf, paddle, kayak, ur gimnastika, itsas hegiko ibilketa… Ministroa eta ordezkaritza ofiziala kirol horietan aritzen direnen ikustera joan dira eta haiek aipatu dizkiete egunerokoan dituzten beharrak, batez ere, ingurune barneratzaileen beharra.
Geneviève Darrieussecq poztu da bisita eginik, erakunde horietako langileek ekartzen duten erakargarritasun guztia neurtzeko aukera eman baitio, bai eta ahalmen urritasunen bat dutenak eta haien laguntzaileak bizi proiektuan eragile izateko bidea irekiko dien partzuergo batean kokatu beharraz ohartzeko ere.
Honako hauek osatzen zuten ordezkaritza ofiziala:* Anna NGUYEN Oloroe-Donamariako prefetordeak; Vincent BRU diputatuak; Frédérique ESPAGNAC senatariak; Claude OLIVE departamendu kontseilariak, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluaren lehendakariaren ordezkari etorria; Kotte ECENARRO Hendaiako auzapez eta Lurraldeko Ospitale Kontseiluaren lehendakariak, eta Chantal KEHRIG lehen auzapezordeak.
Honako hauek izan ziren haiekin:
- Nadine BARBOTTIN, ASEI elkartearen lehendakaria
- Géraldine BUIL, IME institutuaren zuzendaria
- Benoit ZADRO, Haiekin zentroaren zuzendaria
- Philippe LAPERLE, Eskualdeko Osasun Agentziaren departamendu ordezkaritzaren zuzendariordea
- Delphine BART, AP-HP itsas ospitalearen zuzendaria
- Brigitte SOUDRIE, Neurologia eritasunen medikuntzako unibertsitate departamentuaren mediku zuzendaria eta medikuburua
- Monsieur SAINT-GEOURS, Handisurf elkartearen zuzendaria eta lRAZU andrea, Bidasoa Surf Club elkartearen burua