Jokoen Lurraldea labelaren harira, Herriari da 2024ko olinpiar jokoak biziaraztea. Proposatu diren ekintzen artean, kirol klubak biziarazten dituzten bolondresak aurkeztearena agertu da argiki. Ur kirol batera jo dezagun Nelly Rozès Chaudiere, Hendaiako Txingudi itsas Klubean ahalmen urritasunen bat dutenen bela atalean bolondres aritzen denarekin.
HENDAIA bela eta Nelly… (zure parte hartzea, zure ibilbidea, zure jardunak…)
Bela jarduna 40 urterekin ezagutu dut CMHT klubean; orain 57 urte ditut eta ia astero ibiltzen naiz, eguraldia lagun.
Badira zenbait urte itsasorako ateraldiak gidatzen dituzten bolondresen taldekide naizela. Txalupak mantentzen ere hartzen dugu parte, estropadak edo bestelako ekitaldiak, bai eta estropaden ondoren egin ohi diren apairuak antolatzen ere!
CMHT kluba, zenbait atal klub beraren barnean… (nola atalak elkarrekin moldatzen diren CMHT klubean)
Bai, arrantza atala eta bela atala.
Joko desberdinak jokaleku bakarrean.
Egia errateko, hegaluze sasoian atxamarta bat jarri ohi dut belaontzian.
Gehienetan plastiko puskak biltzen ditut eta behin antxeta gazte bat harrapatu nuen. Gauza ongi bukatu zen biontzat… baina ez arrantzaleei erran!
Nola kokatzen duzu ahalmen urritasunen bat dutenen kirola zure kirolean?
Bolondresen artean hainbat gara paramedikuntzan lanean ari garenak eta, natura betean jende guztiak ari ahal izatearekin interesaturik garenez ere, gure itsas tirria partekatzeko gogo biziz gara.
Ahalmen urritasunen bat dutenen kirolaz haratago, bela guztiontzat nahi dugu garatu.
Zer iruditzen zaizu belak hendaiarren artean duen ezagutza?
Iruditzen zait hendaiarrek itsasoaren kultura eskasa dutela.
Inon ez da ageri Hendaian arrantzak ukan duen historia, ez da, herrian, bela batere edo oso gutxi sustatzen.
Bela sakela guztietarako ez den kirol gisa ikusten ote da? Laket portuari loturik ikusten da…
Horregatik zabaltzen dugu guk geure Bela guztiontzat sinismena!
Ez da oso helgarri den kirola, zer erranen zenieke ekin nahi bai baina zalantzan direnei?
Egun erdiko ezagutze ateraldia egitera etor daitezen proposatzen diet, hobe eguraldi onarekin. Ateraldi batean, ontzian partekatzen den atsegina da gehien axola zaiguna, hats hartzea eta askatasun sentsazioa, arratsalde batean besterik ez bada ere argi senti litezkeenak.
Eta gero, bakoitzak bere helburuak ditu, hala aisialdiko belan nola lehia ontzietan.
Gure idazkariak emanen dizkie behar dituzten argibide guztiak, besteak beste, ahal bezain eramangarri nahi ditugun prezioak.
Bela, talde kirola ala bakarkako kirola?
Biak ene kapitaina!
Bakarka, Laser bezalako txalupetan, non maniobren oinarri sendoak eta kiroltasun zerbait ere ikasten baita.
Eta taldean, eskifaian, hori bera ere abentura bat delarik. Bela eskifaian eginik segurtasunean nabigatzen ikasten da, pertsonentzako segurtasunean nola ontziarentzakoan ere, ontziburu baten ardurapean.