Alexandre ORLOWSKI, 34 urte, komunikazio batzordekidea ()
Web irakaslea
Distantzia erdiko jokalaria
Maiteen dituen atletak: Lionel Messi / Ma Long / Simon Gauzy
Zergatik hautatu duzu mahai tenisa?
Egiatan, ene lehen kirola futbola nuen. Senitartean hiru anaia gara. Egun batean, Nicolas, nire bigarren anaiak mahai tenisa entseatu zuen. Elkarrengandik oso hurbil garenez, gutako batek kirol bat entseatzen zuenean, besteok ere entseatu behar genuen. Halatan, 15 urte inguruan, kranpoiak zintzilika eta mahai tenisera eman nintzen. Hendaian hasi nintzen, bakarrik ikasiz, hasieran ez baikenuen entrenatzailerik. Klubak antolatu udako txapelketek eman didate kirol horretarako zaletasuna.
Mahai tenisa bakarkako kirola izanik ere, zure klubaren eta Hendaiako herriaren izenean ari zara lehiaketetan. Haur bat mahai tenisean hasi eta lehiaketa baterako prestatzen denean, galdu nola irabazi, esperientzia horrek erruz erakusten dio bere buruaz. Talde kirolekin dagoen aldea da hori, alegia, zeure buruarekin besterik ez duzula kontatzen gurean.
Noiz erabaki zenuen elkarteaz arduratzea?
Hastapenean jokalari hutsa nintzen. Baina aski goiz hasi nintzen, web eta grafismo alorretan gaitasunak nituenez, horretaz arduratzen, bulegokide izan gabe, halere. Handik gutxira, kapitain izatera pasatu nintzen taldean. Betidanik ukan dut lagundu nahia. Jagoitik, sare sozialekin loturiko guztiaz, webgunea sortu eta kudeatzeaz, bai eta elkartearen komunikazio euskarrietaz ere, arduratzen naiz urririk.
Klubari buruz besterik erran zeniezadake?
Gaur-egun, gure 1. taldeak nazional aitzineko maila du. Familia giroa da gure elkartean. Badira urte osoan zehar txapelketa homologatuak antolatzen dituzten klub anitz. Guk bestelako estrategia dugu eta udako 8 edo 9 txapelketa antolatzen ditugu. Txapelketa horiek kanpoko jendeei ere zabalik dira. Taldekako edo banakako txapelketaz gain, klubak badu beste une garrantzitsu bat: barne txapelketa. Horren asmoa belaunaldi guztiak nahastea da. Gutako bakoitzak jakiren bat ekarri eta guztiok apairu baten inguruan biltzeko aukera dugu ere hori. Arratsaldean, kirol berri baten ezagutzera joan ohi gara.
Mahai teniseko eskolak ere badu bere une nagusia. Ez da txapelketa bat zehazki, baina gazteek inguruko klubekin partidak egiten dituzte.
Azkenik, gure jokalarietako batzuek Europako senior lehiaketetan ematen dute, beren aldetik, izena. Nornahik har dezake parte horietan, klub batean lizentzia ukanez gero.
Zein egoeratan da orain kluba?
Anaiak orain dela hiru urte klubaren burua hartu zuen eta harrezkero inoiz baino lizentzia gehiago dugu. Egun berrogeita hamar bat gara. Aurten, Covid-arekin eta, zenbait kide galdu dugu eta horrek erakutsi digu Covid-ek ez zigula utziko txapelketa behar bezala atxikitzen. Beste batzuek beldurra zioten osasun egoera horri. Datorren denboraldiarekin kezkaturik gara. Horregatik, lizentzia jadanik zutenei berritzea eskaini diegu.
Uda honetan, osasun baimena indarrean hastearekin, asteazkenetako gure txapelketetan ohi baino jende gutxiago ukan dugu. Horregatik, gure edantegiak gutxiago funtzionatu du. Guretzat, txapelketa horiek garrantzitsuak dira klubaren finantzen osasunerako.
Covid aldi honetan, kanpoan jokatu behar izan dugu, baina hor zaila zaigu, gure kirolean pilotatxoa oso arina izan eta haizea oso garrantzitsua baita. Halarik ere, Covid arduradun bat eman dugu plantan eta horrek jokatzeko aukera eman digu.
Elkarteen foroan hilabeteko jarduna eskainiko diogu mahai tenisa gure elkartean entseatu nahiko lukeen orori eta kirola gustukoa badu, lizentzia eginen genuke gero.
Gazteen formakuntzari eta mahai teniseko eskolari ematen diegu garrantzi handia. Astean bi entrenamendu egiten saiatzen gara, klubeko entrenatzaileekin.
Mahai tenis ala ping-pong?
Mahai tenisaren arazoa da ping-pongaren fama duela. Ping-ponga oporretan egiten da, kanpoan, klubetan erabiltzen den ez bezalako materialarekin. Ping-ponga oso ezagun da, baina mahai tenisa ez horrenbeste. Mahai tenisak egiazko prestakuntza fisiko eta burukoa eskatzen duen kirola da.
Baduzue harremanik mugazgaindiko klubekin?
Irunen badute Espainiako lehen mailan dabilen klub bat, ia 200 kide dituena. Noizean behin, adiskidantza partidak antolatzen dira han. Espainia aldetik jende anitz etorri ohi zaigu udako gure txapelketetara. Elkarri materiala utzi ohi diogu ere, ekitaldietarako baten batek behar izanez gero. Adiskide gara bi klubak.
Zein aholku emanen zenioke elkarte batean lagundu nahiko lukeenari?
Lehenik eta behin, denbora behar da. Gero, emateko gogoa behar da. Elkarte batean ongi aritzeko, proiektua gogoko izan behar zaizu edo elkarteari atxikia izan behar duzu. Ama dut gogoan, mahai tenisean oso sartua baita bi seme dituelako elkartean.
Garapen iraunkorrerako politika eman ote duzue plantan elkartean?
Elkartean badugu afrikar jatorriko jokalari bat, jokalarien arropak bil eta Afrikara doanean –Kamerunen taldearen nazioarteko entrenatzaile izana da han- material hori hango haur behartsuei ematen die.
Badu zuen klubak Mahai Teniseko Frantziako Federazioak garatu labelen bat?
Label horiek guztiak kalitatearen bermatzaileak dira eta norbait klub berri baten xerka dabilenean erabakiorrak izan litezke. Gure elkarteak label horietako hiru ditu: PROMO PING, jendeei lehiaketatik at aritzeko aukera ematen diena, EQUIP PING eta ACTI PING, klubak bere jardun bereak antolatzen dituela adierazteko, kalitatezko hornidurak baliatuz bere egituran.
Zer espero duzu «Jokoen Lurra 2024» labelaz eta Pariseko jokoetaz? Norantz nahiko zenuke joan dadin kluba?
Klubaren bizirauteko garrantzizkoak zaizkigun gure ekitaldiak zabaltzea oso interesgarria litzaiguke. Gure elkarteaz honako hau bezalako ekintzen bidez mintzatzea ere oso lagungarri zaigu eta jendeengana hurbiltzen gaitu. Zergatik ez herrian gertatzen diren kirol eta kultura ekitaldiak tokiko irrati baten bidez ere zabaldu?