Règlement intérieur des accueils périscolaires

HARRERA MOTA ETA KUDEAKETA

Harrera zerbitzu hau borondatezko zerbitzua izanik, Hendaiako eskoletara joaten diren haurren gurasoei eskolaldi inguruko hainbat harrera mota eskaintzea hautatu du Herriak:

  • Goizeko harrerak, 7:30etik 8:30era: eskola orotan.
  • Eguerdiko pausako harrerak, 12:00etatik 14:00etara:
    • Otordua eta animazioa lehen mailako eskola orotan,
    • Otordua eta aisialdia edo pausaldia ama eskoletan
    • Eguerdiko zaintzak, 12:00etatik 12:30era eta 13:30etik 14:00etara, eskola orotan.
  • Arratseko harrerak, 16:30etik 18:00etara: ama eskola orotan.
  • Estudio zainduak, 16:30etik 18:00etara: Hiri-barneko, Geltokiko eta Intzurako eskoletan.

Harrera hauek zenbait udal zerbitzuk kudeatzen dituzte:

  • Finantza Zerbitzuak: izena ematean erantsi beharreko administrazio dokumentuen kudeaketa; harrerei lotu fakturen ordainketa.
  • Eskola Zerbitzuak: lokalak, ATSEM langileen eta garbiketa langileen administrazio kudeaketa.
  • Hezkuntza eta Haurtzaro zerbitzuak: langileen administrazioa eta kudeaketa, izen emateak eta erreserbak, harrera orotako pedagogia.

HEZIKETA ETA PEDAGOGIA PROIEKTUAK

LURRALDEKO HEZIKETA PROIEKTUA:

Proiektu hau hautetsiek dute sortzen; herrian dugun 2011ko heziketa proiektua eta Gazte Aisialdi Kontratua ditu oinarrian, lurraldeko heziketa proiektua eskola erritmoen erreformarako lanekin batera sortu baitzen.

Gizarte ekintza izateaz gain, heziketa ekintza da ere, haurrak ongi hartuak eta harrerak koherente izatea xerkatzen baitu; proiektuak gidalerro orokorra eskaintzen die Hendaiako udal harrera guziei.

LURRALDEKO HEZIKETA PROIEKTUAREN XEDE NAGUSIA

Horretan aritzen diren eragile guziekin batera ezarririk, lurraldeko heziketa proiektuak haurrek eskolan arrakasta ukaitea eta haien ongizatea lortu nahi du.

Horren egiteko, Hendaiako Herriak bere baliabide guztiak erabiliko ditu heziketa jarraitua izan dadin eskola proiektuen eta eskolaldi denboraz at haurrei proposatu jardueren arteko heziketaren jarraikitasuna bermatzeko; eskolaldi inguruko jarduerak heziketako zerbitzu publikoaren jarraipena dira eta haren osagarri, koherentzia eta kalitate asmo batekin.

HENDAIAKO HERRIAREN HEZIKETA XEDEAK

Lurraldeko heziketa proiektu hori bete-betean gauza dadin, partzuergo batez lotu behar dira haurrekin aritzen diren esku-hartzaile guziak. Partzuergo horrek ingurune orotan eginen diren ekintza guztien bidez sustatu beharreko baloreak eta heziketa ezagutzak landuko ditu.

2021eko abenduaren 14ko gidaritza batzordearen ondorioz, hiru xede nagusi zehaztu ditzakegu jadanik, hain zuzen ere, honako hauek:

  1. Haurrak gure lurraldearen ezaugarriak ezagutzea
  2. Haurraren gizarteratzea
  3. Heziketaren jarraikitasuna:

Horrez gain, honako hauek lirateke bigarren mailako xedeak:

  • Herritartasuna
  • Norbanako loratzea
  • Tokiko nortasuna
  • Belaunaldien arteko loturak
  • Ingurumenaren eta garapen iraunkorraren zaintza.

PEDADOGIA PROIEKTUAK:

Proiektu horiek lurraldeko proiektuaren lekuko gauzatzea dira. Talde bakoitzaren gogoeta eta jardunetik sortzen dira.

Pedagogia proiektua haurraren harrera egituran bertan kontsulta  dezakezu.

ZERBITZUETAKO LANGILEAK

Eskaintzen diren harrerak heziketa lekuak dira, horietan gai diren lantaldeak haurraren ongizatearen alde lanean ari dira, herriaren heziketa helburuei erantzunez.

Hainbat eratako baliabideak dituzte:

  • Lan gaitasuna: laguntzea, mintzatzea, jarraipena egitea, behatzea, jostatzeko jarduerak eta tailerrak…
  • Diru baliabideak: harrera bakoitzak aurrekontu bat du, tailerretarako edo harrerak antolatzeko behar dena erosteko.
  • Lan bilkurak: lantaldeen bilkuretan, egindakoak ebaluatzen dituzte eta hurrengo harrera saioak plantan ezartzen dituzte.
  • Formakuntza: urtero, Hezkuntza eta Haurtzaro zerbitzuak formakuntzarako gai zenbait proposatzen du, langileen eskarien arabera eta etengabeko formakuntza segurtatzeko.

Heziketa ardatza indartzeko, Herriak «Aisialdi harrera» gisa izendatu ditu ama eskoletako goizeko eta arratseko harrerak eta lehen mailako eskoletako goizeko eta eguerdiko  harrerak. Hala izendatzeak dakar indarrean den araudia bete behar dutela egitura horiek: gidarien kopurua, langileen kalifikazioa, heziketa proiektua eta pedagogia proiektua izatea, animazio denboraren antolaketa…

Hara zergatik Hendaiako arduradun taldeak honela osatuak diren:

  • Ama eskolara doazen 14 haurrentzako pertsona heldu bana. Lanpostu horietan animatzaileak aritzen dira, gehienetan haur ttipiekin lan egiteko LGA, AIGA edo LeSFoZ tituludunak dira.
  • Lehen mailako eskolara doazen 18 haurrentzako pertsona heldu bana. Lanpostu horietan animatzaileak aritzen dira, batez ere AIGA, LeSFoZ… tituludunak.

Eskolaldi ingurukoak udal zuzendari batek gidatzen ditu; lekuan bertan atzemanez mintza zaitezkete harekin edo hitzordua eskatuz.

Ama eskoletako eguerdiko pausaldia ez da  «aisialdi harrera» gisa izendatua; lantaldea ATSEM lantaldea da: gehienek Lehen haurtzaroko LGA dute eta eskola jantokietako langileen laguntza ukan dezakete.

IKASTETXEETAKO HARREREN ORDUTEGIAK

Auzapezaren ardurapeko ordutegiak:

Goizeko harrerak:

  • 7:30etik 8:30era

Eguerdiko pausaldiak:

  • 12:00etatik 12:30era eta 13:30etik 14:00etara: eguerdiko haurtzaindegiak
  • 12:00etatik 14:00etara: otordu eta jarduera aldia

Arratseko harrerak:

  • 16:30etik 18:00etara: arratseko harrerak, ama eskoletan edo estudio zainduak lehen mailako eskoletan (Hiri-barnea, Geltokia eta Intzura).

ESKOLALDI INGURUKO HARRERA BATEAN IZENA EMATEA EDO AITZINETIKO IZENA EMATEA

Urtero egin behar da haurraren izena ematea edo aitzineko izen ematea.

Ezinbestekoa da zeinahi harrera motarako. Haurraren segurtasunagatik, aitzinetik izena eman duten haurrak soilik joan daitezke harreretara.

Eskolaldi ingurukoen zuzendariei eman behar zaie haurraren izena, Hezkuntza eta Haurtzaro zerbitzuak prestatu «Eskolaldi Ingurukorako Izena Emateko Fitxa Bakarraren» bidez. Haurraren legezko arduradun batek egin behar du.

Urtean zehar familian gertatu aldaketa ororen berri eman behar diozu zure haurra joaten den harreraren arduradunari.

Desmartxa hau ez zaio Hezkuntza Ministerioari lotua; haurraren harrera ez da eskolaren ardura, Herriarena baizik.

«Eskolaldi Ingurukoetarako Izena Emateko Fitxa Bakarra» honako harrera hauetarako baliatzen da:

Goizeko harrera: 7:30tik 8:30era

Eguerdiko haurtzaindegia: 12:00etatik 12:30era eta 13:30etik 14:00etara.

Eguerdiko pausaldia: 12:00etatik 14:00etara

Arratseko harrera edo estudio zaindua: 16:30etik 18:00etara (estudio zaindua Hiri-barneko, Geltokiko eta Intzurako 1. mailako eskoletan).

EGUERDIKO PAUSALDIA

Otordua:

Zure haurraren otorduaren antolamendua Herriko Etxearen ardura da.

Janaria Elior sozietateak prestatzen du, otordu batzorde batek baieztatu duen elikatze planaren eta menuen arabera.

Menua zure haurraren eskolan afixaturik eta www.hendaia.eus webgunean ikus dezakezu.

Bi hilabetez behin, batzorde bat biltzen da eskolako jantegi batean, menuen osaera etengabe hobetzen joateko. Gurasoek parte har dezakete bilkura horietan. Horretarako, zure haurraren jantokiko lantaldeari jakinaraz iezaiozu zure nahia eta zer egin behar duzun erranen dizu.

Janaria eskolako udal langileek manatzen dute.

Eskola jantokietan ez da Elior sozietateak kozinatuez gain beste janaririk onartuko, salbu norbanakoen arabera egokitzeko protokolo batetan aurreikusiak izan direnak. Halarik ere, kasu bereziak azter daitezke auzapezari idatziz eskatuz gero.

Kasu: Zure haurrak ezin du jantokian jan ez bada goizean eskolan izan.

Otordu eskariak:

Hiru aukera dituzue:

  • Urtean erreserbatu otorduak: Jadanik baldin badakizu zure haurrak zein egunetan eskolako jantokian janen duen: egun horiek urte osorako erreserba ditzakezu, eskolan emanen zaizun aitzineko izen emate fitxaren bidez. Zerbait aldatuz gero, jantokiko lantaldeari abisua ematea aski zaizu, aldatzen den otorduaren aitzineko asteko ostegun goizean berantenez.
  • «Noizbehinkako» otorduak: Ez badakizu noiz bidaliko duzun haurra eskolako jantokira: zure haurrak «noizbehinkako» deitu otorduak ukanen ditu. Haurraren otordua eskola jantokira etorriko den egunaren aitzineko asteko ostegun goizean erreserbatu beharko duzu, berantenez
  • Egunean manatu apairuak: Zure lan motarengatik edo lanari dagokionean duzun egoerarengatik, ezin baduzu aitzinetik jakin zein egunetan eginen duzun lan: bitartekakoa, larrialditakoa… Zure enplegatzailearen frogagiria aurkeztuz gero, zure haurraren otorduak egun berean eskatu ahalko dituzu, goizeko 8:30ean.

Animazio aldiak, aisialdi harrera:

Lehen mailako eskoletako haurrei, janaldia aitzin edo janaldiaren ondoren, aisialdi jarduera zenbait proposatuko zaizkie, betiere, «ezer ez egiteko» aukera ere utziz. Gure zerbitzuko animatzaileak prest dituzu zeinahi informazio emateko proposatzen zaizkien tailerrei buruz, zure haurraren bizipenaz…

EKARRI BEHARREKOA

Otordurako:

Urte hasieran, haurrari izen-deiturarekin seinalatu eskuoihal bat eman behar diozue edo, jantokien arabera, paperezko mokanes pakete bat.

Arratseko harrerarako/ estudio zaindurako:

Haurrari krakada eman iezaiozu: giro arruntean honda daitekeen krakadarik ez eman.

osasuna

37,5° edo gehiagoko tenperatura edo jauzteren bat… duten haurrak ezin dira zerbitzu hauetara joan. Gurasoak engaiatzen dira haurra ez eramatera haurrak edo senideren batek gaitz kutsakorren bat baldin badu.

Harrera bitartean eritasun edo gertakari larriren bat gertatzen bada, langileek SAMU deituko dute (tel: 15) lehenik, gero gurasoak, Herria (sakelako telefonoak) eta eskolako zuzendaria.

Larri ez den eritasun edo gertakarien kasuan, langileek gurasoak deituko dituzte.

Haurrak eritasun kronikorik baldin badu, eskolako zuzendariari eta harrerako lantaldeari jakinarazi behar diete gurasoek. Horrela, gurasoen, eskolako medikuaren, eskolako zuzendariaren eta harrerako lantaldearen artean banakako harrera proiektua (BHaP) presta dezakete haurrarentzat. Gurasoekin bilduz, haurraren beharrak, ditugun baliabideak eta plantan eman ditzakegunak kontuan hartu eta, ahal badugu, harrera haurrari egokituko dugu, haren segurtasuna bermatuz.

Botikak: Medikuen aholkuei jarraikiz Herriak hartu erabaki batek debekatu die zerbitzuetako langileei haurrei botikak ematea. Horregatik, biziki gomendatzen dizugu medikuari eska diezaiozun goiz eta arratseko botika agin diezaion haurrari, haurraren osasun egoerak hala egiteko aukera ematen badu. Haur ororen segurtasunerako, erabat debekatua da haurren eskola zorroan botikak sartzea. Hala ere, soilik haurraren osasun egoerak horren beharra badakar eman lekioke haurrari botika eguerdian. Horretarako, tratamenduarekin batera, medikuaren agindua ekarri beharko da, non botika 3 aldiz eman beharra dela zehazten den, bai eta botika emateko gurasoek langileei eman baimena ere, eta guztia heldu bati eman beharko zaio haurraren izena daraman zorro batean. Zorrozki debekaturik da, haurren segurtasunerako, haurren eskola zakuan botikak sartzea.

segurtasuna

Haurren iristea:

Goizeko harreretan: haurren segurtasunerako, gurasoei haurra harreretaraino laguntzea eta animatzaileen eskuetan utz dezaten aholkatzen diegu.

Aldi berean, nazio mailan grebak deituak diren egunetan bereziki erne izan zaitezte. Langileek ez dute lanean hasteko unerarte greban direla adierazteko beharrik.

Horregatik eskatzen dizugu kasu berezia egin diezaiezun greba egunetan eskolan ezarriko diren afixei. Harrerako animatzailea ez bada lanpostuan, zure haurra bakarrik gerta daiteke.

Eguerditan:

Erregularki joateko edo aitzineko asteko ostegunean izena eman duten diren haurren kasuan: haurrak hor dira erreserbaturiko egunetan.

  • Deialdiko gorabehera: lantaldeak burasoek erreserbatu egunetan haurra etorri dela ziurtatuko du. Deia egiten duen animatzaileak gurasoek eman idatzizko agiria eskatuko die janaria erreserbaturik ukanik eta eskola eguerditan utzi nahi duten haurrei.
  • Erantzukizuneko gorabehera: aipatu agiria aurkeztuz gero, haurra eguerdiko harreran ez dela izanen ulertuko da eta eskolako zuzendariaren erantzukizunaren pean alde eginen du eskolatik. Ez badu gurasoen agiria aurkezten, haurra eguerdiko harreran izena emanik dela ulertuko da eta ez da, inolaz ere, bakarrik joaten utziko; eguerdiko pausaldiko lantaldearen erantzukizunaren pean izanen da. Gurasoen baimena duen norbaiten esku utz daiteke, baina erreserbaturik zena ordaindu beharko du familiak.

Baimen bereziaren bidezko noizbehinkako harreran izena emana duten haurren kasuan, haien etortzea ala ez ezin da goizeko erreserbatze arte jakin:

  • Deialdiko gorabehera: lantaldeak 8:30ean lekua erreserbatu duten haurren presentzia soilik du egiaztatuko.
  • Erantzukizuneko gorabehera: lekua erreserbatu ez duen haurra eskolako zuzendariaren erantzukizunaren pean izanen da edo langile bat arduratuko da hartaz, baldin eta haurra haurtzaindegian izen emana bada.

Harreretako langileek eginen dute deia. Aurreikusi haurren zerrendaren eta etorri diren haurren zerrendaren artean alderik bada, lantaldeak ments den haurraren gurasoei, eskolaren zuzendariari eta Hezkuntza eta Haurtzaro zerbitzuari jakinaraziko die.

Haurren abiatzea:

Goizeko harreretan: haurrak eskolako harrera egiten duen irakaslearen esku utziko dituzte langileek, 8:20etan.

Ama eskoletako arratseko harreretan: haurrak gurasoen esku edota izen emate fitxan seinalaturik diren eta nortasun agiriren bat dakarten pertsonen esku utziko dira. Ez da haurrik adin txikiko inoren esku utziko.

Idatziz jakinaraz iezaguzu, otoi, zure haurra jadanik har ez dezakeen pertsona ororen berri.

Arratseko harrerara haurraren xerka berantarekin heltzeak salbuespena izan behar du. Hala ez bada, ordutegiak gogora ekarri ondoren, haurra kanporatuko dugu. Harrerara ezinen du gehiago etorri, zuk barne araudia bete ez duzulako.

Eguerditan: haur taldea zaintzan ari den irakaslearen esku utziko dute, nor etorri den eta nor ez den etorri ziurtatu ondoren, 13:50etik landa.

Greba egunetan: Langileek ez dute lanean hasteko unera arte greban direla adierazteko beharrik. Horregatik eskatzen dizugu kasu berezia egin diezaiezun greba egunetan eskolan ezarriko diren afixei. Egun horietan jantokia hetsirik bada, zure haurrak, lehen mailako adinekoa bada, legez bakarrik joan daiteke.

ASURANTZAK

Eskola jardueretarako eskatzen den asurantza mota bera eskatzen da honetarako ere: erantzukizun zibilekoa. Bestalde, aisialdi jarduera guzietarako, Gizarte Kohesiorako Departamendu Zuzendaritzaren Gazteria, Elkarte Bizitza eta Kirol Sailaren aholkuz, familiei azkarki gomendatzen diegu, gorputzeko istripuetarako asurantza har dezaten.

Herriak zerbitzuaren antolamenduari lotuak zaizkion arriskuak estaltzen ditu.

ARAUAK BETETZEA

Talde bizitzarako arauak bete ditzaten eskatzen zaie haurrei. Jokamolde oldarkorrak, errespetu gabekoak… zigortuak izan daitezke, gaztigu bat betetzetik haurra harreratik eta eskola jantokitik kanporatzeraino.

Idatziz hiru abisu eman bazaizkio, gurasoekin elkarrizketa izan bada eta hautetsiek hala erabaki badute, orduan soilik kanpora daiteke haurra, aldi baterako, harreratik edo eskola jantokitik.

Haur batekin arazo larriren bat bada, lantaldeak Hezkuntza eta Haurtzaro zerbitzuari jakinaraziko dio eta gero haurraren gurasoei.

ZERBITZU HAUEN TARIFAK

Goizeko eta arratseko harrerak:

Tarifak oren erdiko tarteen kopuruaren arabera edo prezio finko batez kalkulatuak dira, familiaren diru-sartzeen eta harrerara joateko maiztasunaren arabera. 2022an, ordu erdiaren prezioa 1€ eta 1,46€ bitartean kokatzen da.

Argibiderako: 2009an, harrerako oren erdiaren kostu prezioa 2,05 eurokoa zen; familiei egokitu tarifa, berriz, familia kozientearen arabera,  0.90 € eta 1,15 € artekoa zen.

Eguerdiko pausaldia:

Tarifak eguneko kalkulatzen dira, familiaren diru-sartzeen arabera. Janariaren kostua gehi haurren animazio edo harrerari lotu gastuak sartzen dira hor. 2017an, zerbitzuaren prezioa 1,10€ eta 5,00€ bitartean kokatzen da.

Argibiderako: 2009an, eguerdiko pausaldian zen haur bakoitzaren kostua (janaria gehi animazioa) 8,20 eurokoa zen, familiei egokitu tarifa, berriz, familia kozientearen arabera, 1,10 € eta 4,60 € artekoa zen.

ZERBITZU HAUEN ORDAINKETA

Zerbitzu hauen prezioak urtero erabakitzen ditu Herri Kontseiluaren deliberamendu batek.

Ordainketak Finantza Zerbitzuan egiten dira: Herriko Etxearen beheko solairuan, kentze automatikoz edo banku-txartelaz, zure familia kontuaren bidez.

Haurrak joaten diren egunei buruzko arazo oro Hezkuntza eta Haurtzaro zerbitzuarekin ikusi behar da.

Goizeko eta arratseko harrerak:

Behin epea bururatua denean, zure etxean eskuratuko duzu haurra izan den egunei dagozkien faktura.

Goizeko eta arratseko harrera denboren fakturak zergetatik kengarri dira eta zati bat zenbait enpresa batzordek beren kargu hartzen dute. Etorri izanaren agiria Hezkuntza eta Haurtzaro zerbitzuak egiten du; zerbitzuari edo harreraren ardura duen pertsonari eskatu beharko diozue.

Eguerdiko pausaldia:

Behin epea bururatua denean, etxean eskuratuko duzu zeure haurrarentzat egin dituzun erreserbei dagokien faktura.

Kasu! Otordua erreserbatu baduzu eta zure haurra hor ez bada, ordaindu beharko duzu ez baduzu medikuaren agiririk aurkezten.

Ordainketetan egunera ez den orori, abisua eman ondoren, zerbitzuak baliatzeko eskubidea ken dakioke.

 Barne araudi hau berrikusia eta aldatua izanen da, horretarako beharra izanez gero.

Guztion onerako, gurasoei eskatzen diegu barne araudia zorrozki bete dezaten.

Zerbitzuetarako izena emateak araudi hau onartzea dakar.

Hendaian eginik, 2022ko martxoaren 24an