Gazteak sostengatzeko covid-19 laguntzak

Osasun krisiak gazteengan sortu duen ezinegonari arrapostua emateko, Estatuak laguntza anitz sortu edo azkartu ditu, bereziki enpleguaren eta goi irakaskuntzaren alorretan.

https://www.1jeune1solution.gouv.fr/

Gazte langileentzat

«Gazte 1, lanpostu 1» baliabideak hainbat aterabide proposatzen ditu.

  • Aldizkatzea faboratzeko neurriak hartu dira (kargen ordaina enplegatzaileentzat 26 urtez peko jendeak kontratatuz gero lanpostu finkoan edo behin-behineko kontratuan; ezohiko laguntza aldizkako norbait kontratatuz gero, 18 urtez goitikoa nola 18 urtez pekoa izan).
  • Mentoretza zerbitzu bat plantan ematea, lanean ari den norbaitek edo erretretan den norbaitek gazte batekin parteka ditzan bere ezagutzak.
  • Zerbitzu zibikoaren balioztatzea, orori zabalik 16 urteetatik 25 urte bitarte (30 urte arte ahalmen urrikoentzat), zeinahi ikasketa maila dutelarik ere, hilean 580 € garbi ordaindurik eta 108 €ko gehigarriarekin ikasketa laguntza dutenentzat.
  • Kalifikazioa ematen duten formakuntzak egiteko aukera («Gazte Bermeak») lanpostua lortzeko bidean laguntzeko, baita gaitasun batere edo gutxi dituzten gazteentzat ere. Hilean 497 €ko laguntza gaineratzen da horretarako.
  • SESAME baliabidearen garapena; baliabide horrek 16-25 urtekoak laguntzen ditu kirol hezitzaile edo animatzaile formakuntza egin nahi badute. Nor bakoitzari egokitu laguntza edota diruzko laguntza eman litezke. Lanpostua lortzen laguntzeko beste baliabide batzuk ere badira, hala nola PACEA, PEC edo AIJ baliabideak.

Ikasleentzat

  • Ikasketarako diru laguntza berrikusi eta diruzko sostengua lor liteke. Gisa berean, diruzko zailtasun larrien kasuan, Crous erakundearen gizarte zerbitzuek eman diezazukete laguntza. Bestalde, Crous erakundeak une jakin batzuetarako ematen dituen larrialdi laguntzak (500 €ko laguntza eman dezake) eskuratzeko egin beharrekoak erraztu dira.
  • Ikasleak sostengatzeko, Crous erakundearen apairuak 1 €tan dira, eguerdi eta arratsean, eta lekuan berean jan litezke.
  • Izen emate gastuak izozturik dira eta egonaldian diren ikasleen dirulaguntzak eta doktoretza kontratuak luzatu dira. Horrez gain, Estatuak bermatu ikasle maileguak azkarturik dira.
  • Laguntza psikologikoa garatzen ari da lehenik eta behin aurrez aurreko eskolak berriz ematearekin, bai eta psikologoak urririk kontsultatzeko aukerarekin. https://santepsy.etudiant.gouv.fr/
  • Unibertsitateko osasun zerbitzuak eta BAPU direlakoak ikasleen esku dira. Plantan da jadanik Crous-etan eta unibertsitateko osasun zerbitzuetan higiene babesen banaketa.
  • Bizilekuei dagokienean, unibertsitate egoitzen alokairuak izozturik dira eta otsailaz geroztik 25 urtez peko gazte langileek 1000 euroko laguntza jaso dezakete beren lehen kokatzean.

Ekonomia eta gizarte desberdinkeriak gutxitzeko, Akitania Berriko Eskualdeak elkartasun funts bat eman du plantan lizeoan diren ikasleen familientzat.

Ikastetxe publiko orok edota Hezkuntza Ministerioarekin kontratupean den ikastetxe pribatu orok duen gizarte laguntzarako batzordeak aztertuko du jateko, ostatatzeko, eskola garraiorako edo eskolatzeari loturiko beste zeinahi gastutako faktura ordaintzeko arazoak azalduko lituzketen familien eskaria. Osasunari loturiko laguntza, berriz, familiarekin hautsi duten gazteentzat da soilik. Gastuen % 80 arte estaltzearaino eman litezke laguntzak.

Horien eskuratzeko eskaria egiteko inprimakia Akitania Berriko Eskualdearen webgunean telekarga ezazu (https://les-aides.nouvelle-aquitaine.fr/) eta zure ikastetxearekin jar zaitez harremanetan.

Informazio gehiagorako, Gazteria eta Digitalaren Zerbitzua zuri adi duzu.

Tel. 05 59 20 41 41
Helbidea: Portu karrika 15

Navigation de l’article