Gazteak orientazio ibilbidean laguntzea

Orientazioaren Biltzarra Euskal Herriko Garapen Kontseiluak eta Akitania Berriko Eskualde Kontseiluak elkarlanean antolatu dute, gazteen eskola eta lan arrakastaren lurralde biltzarren barnean eta urtarrilaren 26 astearte honetan egin da.

Hastapenean Hendaian 2020aren hondarrean egitekoa zen arren, azkenean Angelun egin da, zati batean bideomintzaldiz, osasun krisiaren kausaz.

Elkarteak, ikastetxeak, formakuntza erakundeak, eragile sozioekonomikoak, kolektibitateak eta erretoreordetza… izena emanik ziren 160 pertsonak gogoetak trukatzen aritu dira bereziki gazteak orientazio ibilbidean laguntzeaz eta nola laguntze hori lurraldearen ahalekin bateratu aztertuz. Aztertu dituzte ere gizartearen aldaketak, ekonomiarenak, digitalak, osasunekoak, aitzina hartu behar baitzaie, hala gazteen orientazioan nola urruneko formakuntzan.

Mugazgaindiko jokagaiak aztertu dira

Kotte Ecenarro auzapeza, Nicole Butori Hezkuntza auzapezordeak lagundurik, Hendaiaren egoera berezia eta hizkuntza aniztasunari loturik dituen arazoak azaltzeko mintzatu da.

Herriko eskoletan diren ikasleen erdia baino gehiagok atzerriko naziotasuna dute (hogeita hamar bat naziotasun daude) espainiarrak nagusitzen direlarik nabarmen. Herriko zenbait eskolatan, ikasleen % 65 dira espainiar jatorrikoak. Bi kolegioetan ere errepikatzen da egoera hori.

Elebitasuna, bai eta hirueletasuna ere (frantsesa, espainola, euskara) aukera bat behar lirateke izan, baina balio eskasa ematen zaie. Hezkuntza ministerioa jakinaren gainean da eta urte zenbaitetik hona onartzen ditu egoera horretara egokitu zaintzaile kopuruak.

Hirueletasna irakaskuntzan aipatu den gaia izan da

«Hendaian, kolegio eta lizeoko irakaskuntza orokorra hiru eletan eskaintzea garrantzi handiko jokagaia da demokraziaren aldetik, ekonomiaren aldetik eta gizartearen aldetik so eginik» dio auzapezak eta zehaztu du «Demokraziaren aldetik, herritar gazteei bizi duten lekua ongi ezagut dezaten irakatsi behar zaielako. Horretarako hizkuntzazko gizarteratzea behar da. Hendaian Espainiatik etorri 6000 inguru pertsona bizi dira (biztanleriaren 1/3) eta haietatik oso gutxi dira herriaren bizitzan egiazki engaiaturik. Ekonomiaren aldetik, Bidasoaren alde batean nola bestean, enpresa anitzek dituztelako gazte kalifikatuak atzemateko arazo berdinak. 2019ko urrian, mugazgaindiko jardunaren foro bat antolatu genuen eta ohartu ginen traba anitz daudela lan mugikortasuna egiazki gerta dadin. Bestalde, alor berezi batean aritu gara, norbanakoen laguntzarako lanpostuen alorrean, hain zuzen ere; oro har, erran liteke lanbideak berdinak izanik ere, formakuntza ibilbidea eta diplomen ezagutza hobetu behar ditugula oraindik. Bi aldeetan ditugu kontratatzeko arazo berberak. Gizartearen aldetik, argi baita gizarte sektore ahulena dela formakuntza eskaintzaren eskasia jasaten duena. Hastapeneko formakuntzarik ez bada, orientazioa ere eskas izanen da. Formakuntza hori defautez eta ez gazteen nahien arabera eginen denaren arriskua dago. Hendaiako biztanleriaren diru sartzearen erdibideko kopurua 20 k€ da, hau da, naziomailan den batezbestekoa baino % 5 apalagoa eta euskal kostaldeko batezbestekoa baino anitzez apalagoa.

Hendaian, izan ere, formakuntza eskuratzeko trabak bizi ditugu eta horrek, ene ustez, mugaondoko lurraldeari ekonomia hazkundea egiteko ahal zerbait kentzen dio. Bikaintasun eta esperimentazio lurralde izan gintezke hirueledun formakuntzetan eta oraindik ez gara halako, baina uste dut geure partzuerrek ongi ulertu dutela jokoan zer dugun!»

 

 

 

Navigation de l’article