Baina non geldituko da ikastetxe hori ingurumenari dagokionean? Jantokiaren bio hondakinak lurbeltza egiteko biltzearen ondoren, komun idorrak kokatu dituzte orain 400 ikasleentzat eta langileentzat.
Azaroaren 6 asteazkenean, San-Bizente eskolak eta kolegioak, Herriarekin elkarlanean, garbiketa zirkularraren jokagai eta aukerei buruzko aurkezpen arratsalde bat antolatu dute, herrian egin esperimentazio berritzaile baten azaltzeko: gernua bil eta laborantza ongarri gisa erabiltzea.
Ekintza ekologiko eta hezitzailea
Orain dela lau urte eman zen abian, komunak berritu beharra zegoelarik, San Bizente ikastetxearen proiektuak baliabideen kudeaketa ekologiaren eta iraunkortasunaren aitzindari gisa kokatu du San Bizente ikastetxea. Philippe Bancon, ikastetxearen zuzendaria, ekologiarekin eta ikasleak arduratsu bilakatzearekin duen engaiamenduarengatik ezagutzen genuena, eta Jérôme Gaillard, lehen mailaren zuzendaria pozik agertu dira programak egin dituen aitzinamenduekin. 2024ko martxoaz geroztik, ikasleak, lehen mailako laugarren urtekoetatik hirugarren mailakoetaraino, bai eta langileak ere, komun idorrak erabiltzen ari dira, urraspidean ongi lagundurik, eta proiektuaren lehen fasea arrakastatsu gertatzen ari da. Philippe Bancon zuzendariak dioen bezala «Taldean, ekologia larrialdia ikusirik, gure pedagogia eta heziketa jokamoldeak galdekatzen saiatzen ari gara. Hemen, elikagaiaren zikloa ulertu eta ura aurreztu nahi dugu aldi berean. Egun, gure kontsumoaren % 60 eta % 75 arteko aurrezpena kalkulatzen dugu».
1. fasea: egiturak plantan ematea
Proiektuaren lehen etapa San Bizente ikastetxean ur gabeko komunak kokatzea izan da. Instalatze horrek erabat aldatu du ikastetxearen azpiegiturak kudeatzeko moldea. Komun horiei esker ikasleen gernua bil eta gero eraldatzeko bidera daiteke.
Lehen fasearen etapetan sartu dira ur gabeko komunen kokatzea, gernua biiltzeko hornikuntzak plantan ematea eta Pierre et Terre deitu ekozentroaren laguntza. Azken horrek funtsezko zeregina ukan du, gaitasuna eta sostengua ekarriz, instalazioaren arrakasta bermatuz eta ikasleak ohartarazteko pedagogia jarraipena eginez.
2024ko martxoaren 4an zerbitzu ematen hasi zirenetik, instalazio horiek ikastetxearen ohiko ur kontsumoa murriztu dute. Eragin nabarmen horrek erakusten du garbiketa zirkularreko aterabideak egingarri eta eragingarriak direla.
2. fasea: gernua tokian balioan ematea
Proiektuaren bigarren fasea bidean da orain eta bilduriko gernua tokiko laborantzarako ongarri natural bihurtzeko xedea du. Fase horrek zabalago egiten du garbiketa zirkularraren ulertzeko manera, honako etapa hauek dituen balio emate zirkuitua ezarriz:
- Garraioa, metatzea eta zabaltzea: bilduriko gernua biltegi txikietara eraman eta gero azota ongarri gisa baliatuko da tokiko laborantza lurretan.
- LEESU eta Pierre et Terre ekozentroaren laguntza: partzuer horien gaitasun jarraituak prozesua ahal bezain ongi eramateko aukera ematen dute, ingurumenaren begiramenez egiten diren eta ekonomia aldetik bideragarri diren jokamoldeak bermatuz.
Garbiketa zirkularraren jokagaiak
Proiektu eredugarri hori baliabideen kudeaketa iraunkorreko eta klima aldaketaren aurkako borrokako urraspide orokor batetan kokatzen da, abantaila anitzekin:
- Hasieran ura aurreztea: ur gabeko komunak plantan emateak ur kontsumoa % 70 baino gehiago murrizteko aukera ematen du, ura baliabide gero eta eskasagoa delarik.
- Bukaeran, uraren kalitatea: saneamendu kolektiboko sistemetara doan jarioa % 80 baino gehiago murrizten duelarik, proiektuak ibai-erreken eta itsas hegiaren kalitatea hobetzen laguntzen du.
- Laborantzaren autonomia: gernua ongarri natural gisa baliatuz, kanpotik ekarri beharreko sintesiko azota ongarrien beharra gutxitzen du. Egun, Frantziako laborantzak dituen azota beharren % 34 besterik ez da tokiko ekoizpenaren bidez asetzen. Ekintza horrek tokiko aterabide iraunkorra eskaintzen du, beraz, eskasia horren betetzeko.
- Energia kontsumoaren murriztea: sintesiko azota ongarrien ekoizpenak argindar behar bereziki handia du; azota tona baten ekoizteko tona bat petrolioren heineko energia behar da. Gernua ongarri bezala erabiltzeak kontsumo hori gutxitzeko aukera ematen du, bai eta araztegien tratamenduei loturiko karbono arrastoa mugatzeko aukera ere.
San Bizente ikastetxearen proiektuak, garbiketa zirkularraren ikuspuntu berritzaile horrekin, erakusten du zenbateraino den ikastetxea engaiatua etorkizun iraunkorrago eta erresilienteago baten alde. Urraspide hori guztiek onartu eta ikasleek eta langileek arazorik gabe erabiltzen dute. Azaroaren 6ko bisitak ikuspuntu hori partekatzeko aukera eman digu, bai eta beste kolektibitateei, herrian erroturiko aterabide ekologiko egingarrietarako bidean, eredu horri jarraitzera bultzatzeko. Garapen Iraunkorraren, Bizi Ingurunearen eta Ingurumenaren, 2023 Agendaren, Banabide Laburren eta Elikadura Burujabetzaren ardura duen Ganix Grabières auzapezordeak erran du «ekintza inspiragarri horrek heziketaren, herritartasunaren eta tokiko garapenaren erdi-erdian kokatzen du ekologia eta Herria urraspide horretan lagunduko du bere fruta arbolak eta bere loreak hazteko baliatuz».
Partzuerrak
Ekintzan partzuer direnak
- Hendaiako Herria. Fruta arbolen eta lore multzoen ongarriztatzea
- Biriatuko Herria. Herriko hesien ongarriztatzea
- Senpereko St Christophe laborantza lizeoa. Fruitu baratze baten ongarriztatzea
- CIVAM BLE (Biharko Lurraren Elkartea). Baratzeen eta zerealeen ongarriztatzea
- Riscle-ko Pierre et Terre ekozentroa. Laguntza teknikoa.
- Marne La Vallée-ko LEESU (Laboratoire Eau Environnement Systèmes Urbains). Laguntza agronomikoa
- Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea. Gizartearen onartze mailaren jarraipena
Diruzko partzuerrak
- Aturri-Garona Ur Agentzia
- St Matthieu Fundazioa
- Crédit Coopératif bankua
- Hetzi Fundazioa
- Le Cèdre Fundazioa
- Caisse d’Epargne Nouvelle Aquitaine delakoaren zuzkidura funtsa