Adin orotako ia hirurogei biztanle bildu ziren apirilaren 26ko arratsaldean, Denentzat gizarte zentroaren deiari erantzunez eta Bizilekuen 64 Erakundearen laguntzaz. Helburua: herritarrak ekoherritartasunaz ohartaraztea, auzoa atseginago egiteko.
Asmoa ez da auzoa garbiago izatea bakarrik, baina baita ahal beste jende lotzea ingurumenaren begiramenera. Aisialdi zentroko haurrak, gazteak, txokoko ohikoak, gurasoak eta gizarte zentroko adinekoak, talde txikitan banaturik, ia 2 orenez aritu ziren elkarrekin auzoan gora eta behera, hondakin zakuak eta eskularruak eskuetan. Eragiketa horri dimentsio pedagogiko zabalagoa gaineratzeko, Bil Ta Garbi Sindikatuaren animatzaile bat aritu zen herritarrei sailkapenaren arauak azaltzen, bereziki urte hastapenean plantan eman berri direnak.
Egun horretan, Okzitaniako Tolosako Bagatelle gizarte zentroko 9 gazte ziren auzoan bisitan eta bertakoekin aritu ziren auzo bilketa horretan lanean.
Bilketaren ondoren, gizarte zentroak askari bio bat proposatu zien parte hartu zutenei, non zenbait produktu agerian eman zituzten, hala nola Abadia eremuan ekoitzi sagar zuku ospetsua
Urraspide horri jarraipena emateko, Bizilekuen 64 erakundeak diruztatu hogei bat argazkiko erakusketa bat eginen da, gizarte zentroaren eta eskolaren arteko espaloi ertzeetan.
«Auzotarrak bete-betean saiatu dira. Haiena da ekintza horren arrakasta. Oso jardunaldi positiboa gertatu zait, espero genuen bezainbeste jende bildu baita, belaunaldi anitzetakoak gainera» erran du Marc Viera, Denentzat gizarte zentroaren zuzendariak.