Urtarrilaren 6az geroztik, Hendaiak France Services Etxe bat du herri barnearen erdi-erdian, Errepublika Plazan.
Laguntze leku horrek administrazioarekiko urraspideak errazteko xedea du eta Herriak eta bere partzuerrek zerbitzu publikoak herritarrengana hurbiltzeko duten engaiamendua erakusten du.
France Services Etxeak laguntza pertsonalizatua eskaintzen du Hendaiako Herriak kontrataturiko bi aholkulariren bitartez. Aholkulari horiek astelehenetik ostiralera hartzen dituzte herritarrak, 8:30etik 12:30era eta 13:30etik 16:30era. Funtsezko hainbat alorretan aritzen dira:
- Administrazioarekiko urraspideetan orientabidea eta laguntza eskaintzea.
- Herritarren galderei erantzun eta zalantzak kentzea.
- France Services zerbitzuaren partzuer diren nazio mailako honako 11 eragile hauekin lotzen laguntzea: FLK-CAF, ANTS, Assurance Retraite, Assurance Maladie, Chèque Énergie, Finances Publiques, France Travail, France Rénov’, La Poste, MSA, eta Point-Justice.
Zerbitzu hauek herritar ororentzat dira. Halarik ere, Kotte Ecenarro auzapezak azpimarratu duen gisan, «egun, administrazioarekikoak nagusiki bide digitalez egin ohi dira. Nolanahi ere den, gure herritar guztiak ez dira berdin moldatzen tresna digitalekin. Bada zenbait oztopo, belaunaldien arabera, heziketaren arabera, gizarte mailen arabera edo diru mailaren arabera. Tresna digitalak zereginak erraztu ditzake eta arindu, baina giza harremana, jendeei aditzea eta laguntzea behar-beharrezkoak dira, bereziki zailtasun handienetan direnentzat».
Horiek ikusirik, udalak urraspide horri jarraitu eta France Services labela jasotzeko lan egitera deliberatu da, alde batetik gizarte lotura atxikitzeko, eta, beste aldetik, informazioa hobetzeko, baina baita partzuergo berriak garatzeko zerbitzu publikoekin, gizarte eragileekin eta enpleguaren alorreko zerbitzuekin, bai eta, azkenik, ahulenak, bereziki adineko jendeak, tresna digitalak erabiltzen laguntzeko ere.
Tresna digitala oso tresna ona da, baina ez du giza harremana ordezkatzen, batez ere ahulenen kasuan. Izan ere, «Administrazioarekiko zereginez haratago», jarraitu du Kotte Ecenarro auzapezak, «bi udal langile daude hor informatika tresnak erabiltzen eta lineako urraspideak egiten laguntzeko. Ororen helburua urraspideak erraztea da».
Elkarlan emankorra partzuerrekin
France Services Etxea partzuergo sendotuaren dinamika bati zaio jarraitzen. FLK-CAF eta EALK-CPAM erakundeak 4 urte dira jadanik Hendaian ditugula, eta leku berri honetan jendeak hartzeko ordu gehiago dute orain, lurraldean biztanle gehien dituzten
bizi harroetako bat den gure bizi arro honetako asurantzadunei hurbileko zerbitzuak eskaintzeko. Frédéric Domercq FLK-CAF erakundearen zuzendariak bertan izate horren garrantzia azpimarratu du: «Urterik urte handitzen doan laguntze kopuruak direla eta erabakigarria zitzaigun eskari handi horri erantzutea. Hendaian, gure teknikariak astearte eta ostegunetan arituko dira France Services Etxearen bi aholkulariei laguntza ematen azken uneko galderatxoei erantzuteko, zuzeneko linea batez eta linean erantzuteko plataforma batez.
Véronique Toulouse EALK-CPAM erakundearen zuzendariak, bere aldetik, zerbitzuak tokiko beharretara egokitu beharra azpimarratu du: «Etxe honek eskubide bereziak dituzten mugazgaindiko herritarren beharrei erantzuten die. Gure laguntze lanaz haratago, digitalari buruzko eta osasun prebentzioari buruzko atelierrak proposatzen ditugu ere, gure medikuntza lantaldeekin elkarlanean, bai eta atelier bereziak ere, muga ondoko lurretan baikara hemen. Espainian bizi eta Frantzian lan egin edo alderantziz diren eta, halatan, zer edo zer aldatzen diren eskubideetarako laguntza behar duten jendeei egokituriko zerbitzu eskaintza egin behar dugu».
Estatuak sostengaturiko proiektua
France Services Etxeak 2024ko abuztuan jaso zuen labela eta Estatuak 45 000 €ko laguntza eman dio 2025, urterako. Fabrice Rosay suprefetak dioenez, baliabide hori arrakala digitalaren eta eskubideen eskuratzearen erronketarako erantzun zehatza da: «France Services hurbiltasuna eta erraztasuna da. Herritar orori, nonahi izanik ere, kalitatezko laguntza eta dituen funtsezko eskubideak eskuratzeko bermea eskaintzen dizkio. Kopuruek baieztatzen dute baliabide horrek eragin handia duela departamenduan: 102 000tik gora laguntza 2024an, 2023an 87 300 izan zirelarik. Hendaian, etorkizun handiko dinamika ageri da jadanik, erabiltzaile maila departamendu egituretakoaren parekoa baita ireki eta egun bakar batean jadanik».
Kokaleku estrategikoa eta tresna egokiak
Lehengo herriko etxea izan zenaren lokaletan kokaturik, Errepublika Plazan, France Services Etxeak ingurumen atsegin eta funtzionala eskaintzen du. Zerbitzu erraz eta sinplea eskaintzeko elkartu diren hamaika partzuerrekiko lotura bideratzeko bertan diren bi udal langileez gain, badira libreki erabiltzeko informatika postuak ere, erabiltzaileek beraiek egin ditzaten beren urraspideak aholkularien laguntzaz.
France Services Etxea irekitzeak zedarri unea zaio Hendaiari. Kotte Ecenarro auzapezak honela erran du «partzuergo berriak garatu eta eragile publikoekin elkarlana areagotuko dugu hendaiarren nahiei erantzuteko. Horregatik sortu nahi izan dugu leku helgarri, aldi berean fisiko eta gizatiar hau, gizarte lotura atxiki eta gure herritarrak laguntzeko».
Informazio orotarako, herritarrek France Services Etxera jo dezakete, 05 59 48 20 16 telefonora deituz edo e-helbide honetara idatziz: