Euskaraldia: izena emateko garaia da! 

2025eko maiatzaren 15etik 25era iraganen da Euskaraldiaren 4. Edizioa, “Elkar mugituz egingo dugu” lemapean. Ariketa sozial horrek hizkuntzaren erabilera egunerokoan bultzatu nahi du. Helburua hizkuntza ohituretan eragitea da, euskararen erabileraren aldeko ingurumen soziala sortuz eta euskaraz mintzatzeko aukerak ikusgarri bilakaraziz.

Ariguneak

Aurten ere, administrazioek, elkarteek, saltegiek eta enpresek entitate gisa desafio kolektibo horretan aktiboki parte hartzeko aukera izanen dute, erabilpen guneak plantan ezarri, antolatu eta identifikatuz: “ariguneak”. Horrela, herriko hainbat tokitan, euskaraz aritzeko aukera ukanen dute herritarrek. Hendaiako Herriak hainbat arigune eskainiko ditu bere zerbitzuetan: Mendi Zolan Kulturgunea, Variétés zinema, udal Ludoteka eta, Herriko Etxean berean, Harrera-Erregistro Zibila, Ordaintokia eta Euskara zerbitzuak. Kanpoko beste zerbitzu batzuek ere gisa parte hartuko dute, hala nola Hendaia Turismo (Turismo Bulegoa, Andaye – Oroitzapenen Hiria eta Abadia Gaztelu-Behatokia), Dongoxenia haurtzaindegia edota CPIE Euskal Itsasbazterra elkartea. Azkenik, aurtengo berritasuna, Antzerkiaren Maiatza jaialdia ere “Arigune” izanen da, 40. urtemuga ospatzeko manera ederra!

Herritarren parte hartzea

Baina betiere herritarren parte hartzean oinarritzen da ariketa hau. Parte hartzaileek hautatzen dute bi “rol”-en artean, txapa bat soinean emanez: Ahobizi eta Belarriprest rolak. Parte hartzaile hauek denak boluntarioak dira, 16 urte baino gehiago dituzte, eta ariketak iraunen duen denbora osoan beren rolari doazkion engaiamenduak hartu dituzte. Hala nola:

  • “Ahobizi”: engaiatzen dira elkarrizketa guziak euskaraz hastera, denekin eta egoera guzietan, eta beren solaskidearen mailaren arabera egokitzen dira. Ahobizia arau urratzailea da, hizkuntza ohiturak eraldatzera engaiatzen da.
  • “Belarriprest”: euskara ulertzen dute, berdin mintzatzen dakite, baina egoera guzietan euskaraz mintzatzeko gogorik ez dute. Txapa ezarriz, beste hiztunak gonbidatzen dituzte haiekin euskaraz aritzera. Elkarrizketa elebidunak izan daitezke.

Izena eman eta txapa eskuratu

Hendaiarrek www.euskaraldia.eus webgunean ematen ahal dute izena. Horretarako, aski da rola hautatzea eta formularioa betetzea.

Mintzaian elkarteak txapak banatuko ditu honako egun eta lekuetan:

  • Maiatzaren 2an eta 15ean: 17:30 – 20:30 – Borderline Fabrikan
  • Maiatzaren 8an: 12:00 – 13:00 – Akelarren
  • Maiatzaren 9an: 16:30 – 17:30 – Ikastolako atarian (Irandatz)
  • Maiatzaren 12 eta 14an: 16:00 – 18:00 – AEKn (Merkataritza karrika, 11)
  • Maiatzaren 13an: 16:30 – 18:00 Gaztelu Aretoan eta 18:00 – 19:00 Xaia ostatuan (Pausun)

Ongi prestatzeko

Euskaraldia ongi prestatzeko, Plazara elkarteak motibazio tailerra proposatuko du Ahobizi eta Belarriprest guztientzat, maiatzaren 13an (asteartea), 18:00etatik 20:00etara, Gaztelu Aretoan (Mintzaian elkarteak antolaturik, Herriko Etxeko Euskara zerbitzuaren laguntzarekin).

KASU! Toki kopuru mugatua da, lehenbailehen izena eman ezazue edo helbidera.

11 egunetan zehar, ekitaldi batzuk ere antolatuko dira, herritarrei euskaraz mintzatzeko aukera gehiago eskaintzeko xedearekin. Programa maiatzaren hasieran aurkituko duzue webgune honetan. Anartean, parte hartzera animatzen ditugu euskara ulertzen duten guztiak, ariketa honekin hizkuntza ohiturak astintzen direlako eta euskara erdigunean jartzen delako. Beraz ez duda, eta izena eman!

Navigation de l’article