Euskaraldia: Izena emateko garaia da!

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra iraganen da Euskaraldiaren 3. Edizioa, “Hitzekin ekiteko garaia” lemapean. Ariketa sozial horrek hizkuntzaren erabilera egunerokoan bultzatu nahi du. Helburua hizkuntza ohituretan eragitea da, euskararen erabileraren aldeko ingurumen soziala sortuz eta euskaraz mintzatzeko aukerak ikusgarri bilakaraziz.

Ariguneak

Aurten ere, administrazioek, elkarteek, saltegiek eta enpresek entitate gisa desafio kolektibo horretan aktiboki parte hartzeko aukera izanen dute, erabilpen guneak plantan ezarri, antolatu eta identifikatuz: “ariguneak». Horrela, herriko hainbat tokitan, euskaraz aritzeko aukera ukanen dute herritarrek. Hendaiako Herriak hainbat arigune eskainiko ditu bere zerbitzuetan: Mendi Zolan Kulturgunea, Variétés zinema, Mediateka, udal Ludoteka eta, Herriko Etxean berean, Erregistro Zibila eta Ordaintokia. Kanpoko beste zerbitzu batzuek ere Arigune gisa parte hartuko dute, hala nola Hendaia Turismo eta Dongoxenia haurtzaindegia.

Herritarren parte hartzea

Baina betiere herritarren parte hartzean oinarritzen da ariketa hau. Parte hartzaileek hautatzen dute bi “rol”-en artean, txapa bat soinean emanez: ahobizi eta belarriprest rolak. Parte hartzaile hauek denak boluntarioak dira, 16 urte baino gehiago dituzte, eta ariketak iraunen duen denbora osoan beren rolari doazkion engaiamenduak hartu dituzte. Hala nola:

“ Ahobiziak”: engaiatzen dira elkarrizketa guziak euskaraz hastera, denekin eta egoera guzietan, eta beren solaskidearen mailaren arabera egokitzen dira. Ahobizia arau urratzailea da, hizkuntza ohiturak eraldatzera engaiatzen da.

➢ “Belarriprestak”: euskara ulertzen dute, berdin mintzatzen dakite, baina egoera guzietan euskaraz mintzatzeko gogorik ez dute. Txapa ezarriz, beste hiztunak gonbidatzen dituzte haiekin euskaraz aritzera. Elkarrizketa elebidunak izan daitezke.

Hendaiarrek www.euskaraldia.eus webgunean ematen ahal dute izena azaroaren erdia arte. Horretarako, aski da rola hautatzea eta formularioa betetzea. Azaroan zehar, Mintzaian elkarteak txapak banatuko ditu herriko hainbat tokitan (AEKn, ikastolaren irteeran, Mendi Zolan kulturgunean Axut! konpainiaren ikuskizunaren kari…).

Ongi prestatzeko

Euskaraldia ongi prestatzeko, Mintzaian elkarteak hainbat hitzordu proposatzen dizkizue:

  • Azaroaren 9an, 18:00etan, Gaztelu Aretoan AZAROAREN 15era ATZERATUA: prestakuntza eta motibazio tailerra, Ahobizi eta Belarriprest guztientzat (goizean, beste bat izanen da herriko langileentzat, Herriko Etxeko Euskara zerbitzuak antolaturik)
  • Azaroaren 11n, 18:00etatik landa, pintxo-potea, txapa banaketa eta Mintzatonbola Baleak elkartean
  • Azaroaren 12an, 18:30ean, Borderline Fabrikan, argazki lehiaketaren sari banaketa, Mintzatonbola eta ondotik, “Gure erro eroak” ikuskizuna, Erica Liqueteren eskutik.

Hamabostaldian zehar, ekitaldi batzuk ere antolatuko dituzte elkarteek eta Herriko Etxeak, herritarrei euskaraz mintzatzeko aukera gehiago eskaintzeko xedearekin. Programa azaroaren hasieran aurkituko duzue webgune honetan. Anartean, izena eman eta parte hartu!

Navigation de l’article