Euskara ikasi, zergatik ez?

Euskal Elkargoak eta Euskararen Erakunde Publikoak komunikazio-kanpaina abiatzen dute, helduek euskara klaseetan izena eman dezaten ikasturte hastapenean.

Euskal Elkargoak “Vivez le Pays Basque en VO” (Bizi ezazu Euskal Herria jatorrizko bertsioan) lema mantendu du aurten ere, erdaldunak euskarara erakartzeko. Euskararen Erakunde Publikoak du kanpaina sustengatzen.

Lema guziak euskara-frantsesa homografietan oinarritzen dira, eta euskaraz ez dakitenen jakin-mina pizten dute. Kanpainaren xedea da jokoa eta umorearen bidez erdaldunek euskararekin lehen harremana izatea eta haiei gure hizkuntza ikasteko gogoa piztea. Gainera, betiere umorea baliatuz, euskaldunei zuzendu irudi espezifikoak sortu dira, haiek ere erdaldunen izen emateak bultza ditzaten.

WEB ORRIA

Kanpaina hau www.japprendslebasque.com web orrian ikus daiteke. Webguneak lurraldean proposatzen diren formakuntzak biltzen ditu. Bost formakuntza erakundeek (AEK, Adixkideak Urruñan, Angeluko ikasleak, Elealdi Angelun, Jakinola Baionan) parte hartu dute kanpainan, eta Hendaia bezalako herriek ere horren berri ematen dute.

BIDEOKLIPA ZINEMETAN

2021eko kanpainako mini-filmen (“BAI” eta “MAITE ZAITUT” arrakasta ikusirik, aurten esperientzia errepikatuko da bideoklip berri batekin, betiere komediaren erregistroa erabiliz. Filma sare sozialetan zabalduko da, baita ere TVPI telebistan eta lurraldeko zinemetan, hala nola Hendaiako Variétés gelan.

ZERGATIK HELDUAK?

Datu soziolinguistikoek erakusten dute kasik euskaradunen erdiak 50 urte baino gehiago dituela. Bestalde, lehen mailako irakaskuntzako ikasleen % 41k hezkuntza elebiduna jasotzen du, eta azken urteetan etengabe emendatzen den kopurua da. Baina, bien artean, hau da, 25- 49 urte artekoen baitan, %16 baizik ez da euskalduna. Ondorioz, euskara lurraldean biziarazteko eta euskararen transmisioa bermatzeko ezinbestekoa da jende multzo honek euskara bereganatzea.

NON IKASI EUSKARA HENDAIAN?

Hendaian, AEKk ditu euskara klaseak eskaintzen helduentzat. Xehetasunak eskatu eta izena ematen ahal duzue:

  • irailaren 12tik 21era, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
  • irailaren 16an (ostirala), 10:00etatik 13:00etara

Hendaiako Gau Eskola – Merkataritza karrika, 11 – 05 59 20 55 30 –

Bestalde, Mintzaian elkarteak Mintzalaguna programa kudeatzen du Hendaian, eta izen-emateak irekiak dira.

Xehetasunak eta izen-emateak: / https://mintzalaguna.topagunea.eus

Navigation de l’article