Eta zinema saio bat etxean eginen bazenu?

«Les Variétés» udal zinemak eskuhartzailez lagunduriko zinema saio birtualak bizitzea proposatzen dizu.

Nola dabil?

Jokamolde erraza da. Aski duzu “La 25ème heure” plataformara konektatzea

Eta gida zaitzaten utz: nahi duzun filma hauta ezazu lehenik; gero «Les Variétés» zinemagela eta nahi duzun saioa hauta. Nahi duzun saioaren egun-ordua ageriko zaizkizu. Orduan ez duzu txartela erostea besterik egin behar. (Plataformak transakzio guztiak segurtatzen dituen SSL babes protokoloa du).

Filmak telebistaz, ordenagailuz, tauletaz edo sakelako telefonoz ikus daitezke.

Ordainketa

1/Pantailaren erdian leihotxo bat zabalduko zaizu. Zure e-helbidea eman ezazu bertan; saioa hasteko unean aretora sartzeko identifikatzaile gisa balioko dizu.

2/ E-helbidea baiezta ezazu eta “ENVOYER” (igorri) klika. Zure banku datuak eman itzazu eta ordainketa bali egin. Berehala, e-postaz, ordainketaren baieztapena jasoko duzu, filmaren izena, saioaren ordua eta antolatzen duen zinemagela ere zehazturik.

Filma nola ikusi?

Saioa abiatu baino minutu batzuk lehenago konekta zaitez zinema birtualeko aretora, hautatu duzun filmaren afixan klika ezazu eta zure saioaren lekua eta ordua hauta.

Pantailaren eskuin aldean, zinema txartela hauta “Badut jadanik txartela-J’ai déjà mon billet” adieraziz. Zure identifikatzaile/e-helbidea idatz ezazu. Saioaren abiatze ordua ikusteko, pantailan ageri den denboraren gibelkako kontaketari beha.

Zinema birtualeko aretoa itzaltzen den unean, irudiaren neurria zure gailuaren pantaila osora zabal ezazu.

Saioa bitartean, egileari galderarik egin nahi badiozu, pantailaren goi-ezker aldean duzun txat interfazea balia dezakezu; zinemagileak berehala erantzunen dizu.

Afixan diren filmak

Lehen saioa ostiral honetan, maiatzaren lehenean, izanen da, 20:15ean, «J’VEUX DU SOLEIL» filmarekin; emanaldiaren ondoren eztabaida izanen da François Ruffin eta Gilles Perret egileekin. Tarifa: 5 €

Xehetasunak: «Road-movie bat egungo Frantzian zehar. Beren umorea eta beren kamera bizkarrean, herrialdea zeharkatzen dute Gilles Perret eta François Ruffin egileek: biribilgune horiztatu bakoitzean opari bat irekitzea bezala zaie dena. Zer aterako da? Irriak ala malkoak? Samurtasuna ala sumindura? Artea ala etsipena? Bi lagunek gizatasun tarteak eskaintzen dizkigute, magiazko liparño bat harrapatzen digute, zeinean gizon-emazteak, etsiturik izan ohi diren gizon eta emazteak, zutitzen baitira, berriz altxatzen, harro, eder, beren zorion partea eskatzeko».

Hurrengo filmak

Maiatzaren 3an, igandearekin, 20:15ean «DEPUIS MEDIAPART». Tarifa: 6 €

– Maiatzaren 4an, astelehenarekin, 20:15ean, Michel Toesca egilearen «LIBRE» filmaren inguruko arrats saioa; filmaren emanaldiaren ondoren eztabaida Cédric Herrou-rekin. Tarifa: 5 €

– Maiatzaren 6an, asteazkenarekin, 20:15ean, Mounia Meddour egilearen «PAPICHA» filmaren inguruko arrats saioa; emanaldiaren ondoren eztabaida Lyna Khoudri jokalariarekin (Etorkizun ederrena duen emakumezko César sariduna film honengatik). Tarifa: 5 €

– Maiatzaren 7an, ostegunarekin, 20:15ean, «LES GRANDS VOISINS» filmaren inguruko arrats saioa; filmaren emanaldiaren ondoren eztabaida, Bastien Simon zinegilearekin. Tarifa: 6 €

– Maiatzaren 14an, ostegunarekin, 20:30ean, «SANKARA N’EST PAS MORT». Tarifa: 5 €

Horra zure zinemagelarekin harremanetan jarraitu eta arrats saio ederra bizitzeko aukera ederra!

Navigation de l’article