2023ko otsailaren 14 asteartean, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak herriko etxean hartu ditu Julien Charles jauna, Pirinio Atlantikoetako prefeta eta, gero, Joëlle Gras andrea, bizitegien gaiaren ardura duen Idazkariorde Nagusia.
Emankor izan diren lan saio bi horien ondoren, honako hau erran du Kotte Ecenarro auzapezak:
«Biharko Hiri Txikien harira daramagun inbestimendu egitaraua dela edo Aizpurdi lizeoko irakaskuntza orokor elehirudunaren proiektua dela, edota erlaitzeko errepidea dela edo mugako Avenida zubia berriz zabaltzea dela, prefeta adi izan da Hendaiako herriarentzat ditugun asmoei.
Udal igerileku berriaren eraikitzea, Errepublika plazaren berritzea, hiri bero sarea antolatzea edota Bixintxo elizaren berritzea, prefet jaunak baieztatu digu Biharko Hiri Txikien egitarauan sartu dugun zenbait inbestimendu proiektu Estatuak diruzta ditzakeela. Ahal beste diruztapen eskuratzen ahaleginduko gara, hendaiarrei eskaintzen diegun zerbitzu publikoaren kalitatea eta maila atxikitzeaz bat.
Bizitegiei dagokienean, lur funtsen mentsak berritzaile izatera behartzen gaitu eta prefekturaren idazkariorde nagusiak interesaz hartu ditu guk daramatzagun jardunak, hala nola bizitegi lagunduen aldeko Gizarte Mistotasunerako Kontratua sinatzea eta bizitegi hutsen gaineko borondatezko urraspide bat abian ematea. Gure proiektuetarako Estatuaren sostengua ukanen dugula ziurtatu digu.
Erlaitzaren gaiari dagokionean, gogora ekarri diot urte luzetan dudala Jean Jacques Lasserre departamenduburuaren iritzi berdina: azter dezagun, epe laburrean, errepidea zenbait hamarkada metrotan gibelatzeko aukera orain dauden laupabost puntu ahuletan eta elkarrekin landu dezagun epe luzerako aukera iraunkorrago bat.
Azkenik, oso gogoan dudan muga eta Avenida zubia berriz zabaltzearen gaiari dagokionean, prefetari erran diot hetsitura hori erabat gehiegizko eta ulertezina zaiela gure herritarrei, egunero jasaten dituztelarik horren ondorioak. Gure solasaren berri Gérald Darmanin barne ministroari ematera engaiatu da eta ziurtatu dit egoera hori bide onetik aldatzen ari dela Bartzelonan, iragan urtarrilaren 19an egin zen 27. Frantzia-Espainia gailurraren ondoren eta Frantzia eta Espainiaren arteko adiskidetasun eta lankidetza itun bat sinatu zutelarik Emmanuel Macron Errepublikaren lehendakariak eta Pedro Sánchez espainiar gobernuburuak».