Intzurako industrialdeak jokagai bikoitza du: zona dinamikoa da, non ia 1400 langile ari baitira 105 enpresatan banaturik, mugazgaindiko zona batean. Halatan, bada, langileen lekualdaketak ahal beste hobetzearen gaia agertzen zaigu, betiere energia trantsizioaren ikuspuntutik. Herriak hainbat ekintza eman ditu abian ikuspuntu horretatik.
Euskal Herri-Aturriko Mugikortasun Sindikatuak, Hendaiako Herriarekin elkarlanean POCTEFA SMARTMOB proiektuaren baitan eramaten duen enpresen arteko Mugikortasun Planaren emaitzak 2022ko maiatzaren 22an aurkeztu ziren. Onbidezkoak dira egun bizi dugun ekologia krisia ikusirik. Etxearen eta lanlekuaren arteko lekualdeketen alorrean aldaketak egin beharra azaltzen digute: langileen % 68 nor bere aldetik eta autoz joan ohi dira lanera. Hala izanik ere, haietako % 30 garraio moldea aldatzeko prest dira.
15 proposamen dira egun aztergai arazo horri heltzeko, baina badira jadanik abian eman direnak ere, hala Herriaren ekimenez nola tokiko beste eragile publikoren ekimenez.
Elkarbidaiarako leku berria Intzuran
Maiatzaren 13 ostiralean, autoportuaren ondoko elkarbidaia aparkalekua ireki zen industrialdeko langileen elkarbidaiak errazteko. Chantal Kehrig lehen auzapezorde eta Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Sindikatuaren lehendakariordeak, horren karietara, jakitera eman zuen ezen “Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Sindikatuaren laguntzaz, Herriak galdeketa bat eginen duela Intzurako industrialdeko enpresen artean, autoportuaren aretoaren antolaketari dagokionean dituzten beharretaz galdetzeko, hala nahi lituzketen zerbitzuetaz nola hornikuntzetaz. Industrialdean enpresen esku egitura eta tresna ahal bezain egokiak emateko gogoeta egin behar dugu”.
Hendaiar enpresak jadanik engaiaturik
2018ko urtarrilaz geroztik, Energia trantsiziorako eta Hazkunde Berderako Legeak mugikortasun plan bat ezartzera behartzen ditu 100 langiletik gorako enpresak, hau da, langileen etxe eta lantokiaren arteko joan-etorriak egiteko norbanakoen autoa ez den bestelako garraiobideak bultzatzeko neurriak ezartzera, isurpen kutsatzaileak eta bideetako trafikoa murrizteko.
Hendaian jadanik bi enpresek eman dute plantan egin beharreko hori: EPTA eta Sokoa enpresek. EPTA enpresak txirrindaren erabilerari eman dio lehentasuna; Txirrinda Erabiltzaileen Frantziako Federazioaren kide da (FFUB) enpresa hori eta errerentzia enpresa txirrindaren aldeko langileentzat. Sokoa enpresa, bere aldetik, partaidetza batez lotu da Hendaiako Recycl’arte elkartearekin bere langileek elkarte horrek txirrindak konpontzeko proposatzen dituen zerbitzuak balia ditzaten.
Azkenik, Txingudi Partzuergoak webgune hirueleduna (frantsesa, euskara, espainola) garatu du biztanleei eskura dituzten mugazgaindiko talde garraioen berri emateko, garraio molde hori mugaren bi aldeetan balia dezaten bultzatzeko.