Energia soiltasuna: Herriak bere argiteria publikoaren parte bat itzali du urriaren 15eko gauean

Herriko etxeak erabaki du, esperimentazio gisa, gauerdi eta goizeko bostak artean itzaltzea, urriaren 15ean, herriko zenbait sektoretako argiteria.

Egun bizi dugun egoerak energia soiltasunera deitzen gaitu. Herriko etxeak zenbait hilabete darama jadanik gaia aztertzen eta egiturazko neurriak lantzen energia soiltasunerako herri plana plantan emateko. Haatik, egungo larrialdiaren aitzinean, berehalatik mobilizatu beharra dago energia kontsumoak iraunkorki murrizteko.

Bestalde, gobernuak urriaren 6an aurkeztu zuen Energia Soiltasunerako Planak behartzen ditu lurralde kolektibitateak bi urtetan beren energia kontsumoa % 10ean murrizteko jardunak ezartzera. Hendaiako Herriak agindu horiek beteko ditu, negu honetan argindar etenak izateko arriskuak ahal bezain txiki izan daitezen.

Hartu diren azken erabakien artean, herriak argi kutsaduraz ohartarazteko Agir elkarteak antolatu «Le Jour de la Nuit» (Gauaren eguna) nazio mailako eragiketa baliatu nahi du berrogei bat transformadore noizbehinka itzaltzeko.

UKITURIKO SEKTOREAK

  • Errepublika plaza,
  • Geltokiaren ataria,
  • Zokoburuko aparkalekua,
  • Croisière delako plazatxoa,
  • Surf klubaren plazatxoa,
  • Palmondoaren biribilgunea,
  • Bide nagusiek ukitzen ez dituzten etxetoen auzoak: Olazo, Laparka/ Ihiztariak, W Disney/7 ipotxak/Edurne xuri, Errekart/Pardo/Goiara, Agerreko bazter herrixka, Bigarrenaren gimnasio aldea, Irandatz parkea, Beltzeneko skate parkea, Kanetako ibiltokia.
  • Komunikazio eragiketaz haratago, erabaki horrek, iraunkorki betez gero, herriko berrogei transformadore horietan besterik ez bada ere, urtean 40 000 € aurreztuko genituzke gutxienik. Ekimen horrek emanen liguke diru kopuru hori ganderailuak berritu eta modernizatzeko erabiltzeko aukera eta, hartara, herriko argiztapen publikoaren energia kontsumoa murrizteko.

 

JOKAMOLDEAK ALDARAZTEA

Udal zerbitzuak prestatzen ari diren energia soiltasunerako plana herriaren hornikuntza guztiak erabiltzen dituztenei (eskolak, elkarteak, udal langileak…) ezarriko zaie, egunerokoan ahal bezain zuhurki erabili eta gehiegizko xahutzearen aurka borroka dezaten. Badakigu zuetako bakoitzaren gainean konta dezakegula urraspide horretan eta herriaren energia soiltasunean parte hartzeko.

Kotte Ecenarro auzapezaren sar hitza – 2022ko urriko herri aldizkaritik.

Nola energia krisiari buru egin?

Zenbait astetik hona, negua hurbiltzen ari eta, energia fakturak gora eta gora doazelarik eta klima testuingurua kezkabide dugula ere, energia neurritasunaren gaia buru guztietan dabilkigu.
Herriak hainbat hilabete daramatza egiturazko neurriak lantzen (bero sareak; eguzki panelak udal eraikinetan; energia berriztapena ikastetxe eraikinetan eta herriaren ondarearen berriztatze programa orotan; egur berogailua kokatzea, Larretxean eman denaren gisara…). Halarik ere, aldian aldiko erabakiak hartu behar dira hemendik goiti epe luzeko ekintza horiek osatzeko.
Lehen neurria, oraindik esperimentazioan, karrikako argiztapenaren murriztea da. Urriaren 15ean, «Gauaren eguna» ekitaldirako, ia berrogei aldagailu itzaliko dira gauerdi eta goizeko 5ak artean. Zenbait sektore ez dira argiztatuak izanen: plazak, plazatxoak, aparkaleku publikoak, bide nagusiek ukitzen ez dituzten etxetoen auzoak…
Esperientzia hori urtea amaitu aitzin iraunkortu beharko litzateke eta beste sektoretara heda liteke ere esperientzia arrakastatsua gertatuz gero. Energia aurrezteko eta herriko karrika argiztapena energia gutxiago xahu dezan modernizatzeko aukera emanen du horrek.
Herria eskari bidezko argiztapena baliatzeko aukera aztertzen ari da ere, «J’allume ma rue» (ene karrika argiztatzen dut) aplikazioarekin, zeinaren bitartez biztanleek beren sakelako telefonoaren bidez argizta bailezakete beharko duten karrika lekua. Herriaren energia kostuak mugatzeko beste neurriak dira jadanik edo abian edo abiatzekoak: argizko taulak eta elkarreragite zutoinak
gauerdi eta goizeko 6ak artean itzaltzea, eraikin publikoetako eta eskoletako tenperatura gehienez 19 °C izatea Omiasainduko oporren ondorengo sartze egunetik goiti (eguraldia eztia bada, noski),
aldageletan eta komunetan jendeen detektagailu gehiago kokatzea, kirol eraikinetako dutxen berogailuak izarizko graduetara mugatzea, klubei, entrenamenduen ondoren, udal instalazioetako argiak itzali beharraz ohartaraztea…
Energia ekonomiak egiteko garaian gara inoiz baino gehiago. Energia xahuketaren kostua (argindarra, gasa eta erregaia) 942 000 €koa zen 2021ean, eta 1 062 000 €koa dugu egun, hau da, % 18 goragoa. Eta urtea ez zaigu oraindik amaitu.
Orain abian eman ditugun neurriek gure gastuak murriztu beharko lituzkete 2023an, gobernuak iragarri digun goratze mugatuagatik ere (% 15).
Karrika argiztapen sarearen bilakaera, eraikin publikoen berritze politikaren areagotzea eta energia sareen bilakaera oinarri sendo baten funtsa zaizkigu gure energia kontsumoa murrizteko aukera ukan dezagun udazken honez geroztik beretik.

Navigation de l’article