Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordearen (SGPTB-CLSPD) osoko bilkurarako zenbait egunetara, hitzarmen sinadura horrek hurbileko ekintza osagarria dakar, emazteei eta senitartean egin indarkerien biktimengandik ahal den hurbilen, eta eskubideak baliatzeko bidea ematen die, besteak beste.
Hendaiako Herria urte anitz dira engaiaturik dela emazteei egin indarkerien aurkako borrokan. Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordea (SGPTB-CLSPD) 2009an sortu zen herrian eta 2019an eguneratu zen; harrezkero, partzuer anitzeko topaketen dinamika bati ekin dio indarkeria mota horren aurka borrokatzeko ekintza plana plantan emateko. Haurra, indarkeria horren ikusle izanik, biktima bihurtzen da sistematikoki. Horregatik, SGPTN-CLSPD batzordearen emazteen aurkako indarkerien aurka borrokatzeko lantaldea senitarteko indarkerien aurkako borroka izenaz berrizendatu da.
Iaz, data berean sinaturiko indarkeria sexista, sexuzko eta senitartekoen aurkako borrokarako tokiko mobilizazio kontratua sinatzearekin batera, egun CIDFF64 zentroarekin sinatu hitzarmena abian eman lanen jarraipen koherentea da. Honako hauek zehazten ditu:
- Partzuergo lanaren moldeak, eta prebentzioaren alorrean ari diren profesionalen diziplinarteko sare baten koordinazioa areagotzen du. Horren harira, CIDFF64 zentroak jende hartze bat eskaintzen du, urririk eta isilean, Hendaian, Denentzat gizarte zentroan, informazio juridikoa emateko, hileko bigarren ostiral orotan, 14:00etatik 16:30era.
- Tresnak eta ekintzak prestatzea partzuergo lan hori laguntzeko. Adibide baterako, 2022ko martxoaren 25ean, CIDFF 64 zentroak eta Emakumeen Eskubideen eta Berdintasunaren aldeko arduradunak laneko eraso sexista eta sexuzkoen gainean ohartarazi dituzte udal hautetsiak. Helburua Osasun Publikoko arazo horretaz ohartaraztea da, batzuen eta besteen ekintzak zeharkakoak izan ahal daitezen.
- ASPTN-CLSPD batzordean ekintza bereziak plantan ematea, departamenduaren jardunaren osagarri, indarkeria horietatik jalgitzeko ibilbidean jario arinagoa lortzeko. Hor ere, hil honetan, animazioaren kargu diren udal langileek Departamenduaren formakuntza bat ukan dute haurrengan zeinu kezkagarrietaz ohartzeko bideaz eta haurren babeserako aritzeko gomendioetaz.
Herriak ez du horretan geratzeko asmorik. Haur txikiekin ari diren profesionalak, harreren langileak eta prebentzio langileak ohartarazi nahi ditu ere.
Frantzian, 2023an, 3 egunetik behin, emazte bat hiltzen da, ezkontidearen indarkeriaz.
Erran dute
«Herriaren eta CIDFF64 zentroaren arteko hitzarmen hau lehen aldi bat da eta argi zait heldu den urtean berrituko dugula eta areagotu ere areagotuko dugula. Gogora ekarri nahi dut ere herrian beste aitzinapen handia eginen dugula, hau da, 2023ko lehen hiruhilekoan nazio polizia kokatuko dela lehen herriko etxea izan zenaren lokaletan, horrek aukera emanen baitie arriskuan sentituko diren emazte guztiei salaketa hurbil egiteko. Senitarteko indarkerien aurkako borrokan Herriak daraman jarduna ez da axalekoa eta hitz hutsa, jardunean eta aterabideen xerka gabiltza». Léonor Labeau, bereizkerien aurkako borrokaren arduradun kontseilaria.
«CIDFF64 zentroak urte anitz darama Hendaian lanean. Bozkariatzen nau lurralde mailako sareketaren koherentzia bultzatzen duen partzuergo eta lankidetza lan horren areagotzeak. Azaroaren 24 ostegun honetan, CIDFF zentroak 50 ute beteko ditu. Emazteen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko eta eskubidea eskura emateko ororen onerako zeregina daraman elkarte horrek orori zabalduriko jardunaldia antolatuko du, Colisée aretoan, Biarritzen, 9:00etatik 17:00etara». Françoise Besnard, CIDFF64 zentroaren lehendakaria.
«Denentzat zentroarekin daramagun partzuergoa osagarria da. Gero eta eskari gehiago dugularik, lekuan egiten dugun lana funtsezkoa zaigu informazioa eta eskubideak eskura ematen laguntzeko. Bada oraindik zeregin handia eta gure laguntze lana adin txikienetik hasi behar da». Claire Sabalo, CIDFF64 zentroaren zuzendaria.
«Elkarlanerako nahi hori oso egoki zaio gizarte zentroaren lantalde osoari. Elkarlan hori koherentea da eta gure familia bitartekaritza zerbitzuaren bitartez eta gure hezitzaile espezialduen bidez proposatzen ditugun zerbitzuak osatzen ditu». Marc Viera, Denentzat gizarte zentroaren zuzendaria.