Emakume eta gizakumeen arteko berdintasuna: Herria ofizialki engaiatzen da

Goiz honetan, Chantal Kehrig Cottençon, lehen auzapezordeak eta Xabier Manterola, bereizkerien aurkako borrokaren arduradunak, Elkartasun Batzordeaz inguraturik, tokiko bizitzan emakume eta gizakumeen arteko berdintasunerako europar gutuna sinatu dute.

«Hendaia dugu gai hori hartu eta urraspide horretan engaiatu den lehen euskal herria dugu, 2017an Euskal Hirigune Elkargoak gutuna bozkatu zuenetik» erran dute pozez bertan ziren hautetsiek. Horrekin, jadanik sinatua duten Frantziako 294 kolektibitateetara lotzen da Herria.

Halatan, Herria ofizialki kokatzen da emakume eta gizakumeen berdintasunaren printzipioan, bere lurraldean gauzatzen dituelarik gutunak zehazten dituen engaiamenduak eta Herri Kontseiluaren abenduaren 16ko bilkuran aho batez onartu zuten ekintza plana eginez.

Ekintza plana

Herria honela zehaztu dituen bere engaiamenduak gauzatzeko ekintza plana prestatzera engaiatu da:

  • Erabakigune orotan (politika, administrazio, sindikatu mailakoetan…) emakumeek eta gizonek orekatuki parte har dezatela eta orekatuki ordezkaturik izan daitezela,
  • Gainerako bereizkeria faktoreak (jatorria, hizkuntza, sexu joera, sinesmen politikoak, erlijiozkoak, ezintasun bereziak…) kontuan har eta haien aurka borrokatzea,
  • Sexuaren araberako estereotipoak kentzea. Genero estereotipoak traba handia dira emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasunerako eta generoan oinarritu bereizkeria faboratzen dute. Emakumeei eta gizonei sexuaren arabera mugatu rol jakinak ezartzen dizkieten aurreiritziak dira,
  • Berdintasunaren gaia sartzea Herriak enplegatzaile gisa, agindu emaile gisa, zerbitzu emaile gisa, antolatzaile gisa eta abar egiten dituen jardun politikoetan eta diruztapenetan (aurrekontua ere barne).

Ekintza planak lau ardatz ditu. Euskal Hirigune Elkargoak zehaztu dituenekin koherentzian zehaztu dira.

  • Barne funtzionamendua eta jokamolde politikoa. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna kontuan hartzea giza baliabideen kudeaketan eta lanaren antolakuntzan, bai eta parezkotasuna betetzea Herriko Etxean,
  • Politika publikoak. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna Herriaren politika publikoen erdi-erdian kokatzea, prestaketa unetik gauzatze eta balioztatzerainioko guztian,
  • Estereotipoen aurkako borroka eta berdintasun kultura hedatzea herriko etxean,
  • Ekintza planaren jarraipena bai eta haren eguneraketarena, hautetsiak eta gizarte zibila horretan parte hartzera lotuz.

2021rako proposatu zazpi udal ekintzak

  1. ekintza. Berdintasunari dagokionean herrian dagoen egoerari buruzko txostena egitea,
  2. ekintza. Enplegatzailearen egitekoa – Berdintasunaren gaia udal langileen formakuntzan sartu eta langileek lituzketen nahiak zerrendatzea,
  3. ekintza. Hautetsiak emakume eta gizonen arteko berdintasunaz ohartaraztea,
  4. ekintza. Sexuaren araberako azterketa – Politika publikoak onuradunen sexua kontuan hartuko duen azterketa batez aztertzea,
  5. ekintza. Kultura, kirola eta aisialdia – Kirol klubak eta kultura elkarteak emakume eta gizonen ikusmolde estereotipatua zalantzan emanen duten jardunak sustatzera bultzatzea,
  6. ekintza. Estereotipoen aurkako komunikazio plana plantan ematea,
  7. ekintza. Emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko herri mintzaldiak plantan ematea.

Herriko Etxea «ikasle ona naturalki»

Herriko Etxeak gai hori ardatz nagusitzat hartzeaz gain, bereizkerien aurkako borrokarako arduradun bat izendatuz, parekotasun «betea» oroitarazi du ere herriaren langileen artean (147 emazte eta 147 gizon). Halarik ere, Richard Irazusta, langileen ardura duen auzapezorde eta elkartasun batzordeko kideak zehaztu digu zenbait zuzenketa landu beharko dela, bereziki formakuntzaren alorrean.

Azkenerako, Elkartasun Batzordeak, urraspidearen jarraipenaren arduradun izanik, 2021erako egingarri eta bideragarri izan litezkeen ekintzak balioztatzea besterik ez da geratzen.

 

 

Navigation de l’article