Elikagaien biohondakinen kudeaketa entseatua

Akitania Berriko «Turismo Berritzailea» Esperimentazio Deialdiaren harira (2022ko edizioa), sarituriko Tribioval enpresak hiru turismo egitura mota lagundu nahi zituen, zeinetan bakantzatiarrak autonomo baitira beren apairuak prestatzen eta, halatan, sukaldeko biohondakinak kudeatzen ere hala izan bailitezke. Landetan opor herrixka bat eta akanpaleku bat hautatu ziren, beraz, eta Hendaian berriz, Herriak proposaturik, Hondarraitz geltoki ondoko karabanen udal gunea hautatu zen Frantzian inoiz egin gabea den esperimentazio horretarako.

Akitania Berriko Turismo Berritzailearen esperimentazio deialdia Akitania Berriko Eskualdeak darama eta turismo adarraren ekologia, ekonomia eta gizarte trantsizioak iraunkorki lagundu nahi dituen baliabidea da. Patricia Bonneau, Tribioval enpresako gidarienetako baten iritziz, «Helburua turismo ostatalekuetan zerbitzu berriak entseatzea da, eskaintza edota aterabide ekoarduratsuak entseatzea elikagaien hondakinak sortzen diren lekuan bertan sailkatzeko. Beren apairuen prestaketan autonomo diren bakantzatiarrei sortzen dituzten biohondakinen kudeaketan ere hala izan daitezen proposatzea da ideia.».

Halatan, bada, ekainaz geroztik, biohondakinak borondatez ekartzeko gune bat eta konpostagailu bat kokatu dira 20-25 ibilgailu hartzen dituen karabana gunearen sargian. Bakantzatiarrak bi aukera ditu: edo bere elikagaien hondakinak ontzi batean uzten ditu, besterik gabe, gero bilduak eta lurrustela egiteko plataforma batera eramanak izan daitezen; edo gehiago egiten du eta hondakinak konpostagailu batera sar eta bere ekarpena materia idorrarekin nahastekatzen du. Konpostagailu hori bi udal langilek kudeatzen dute, astean bi aldiz joan eta horretaz arduratuz. Hondakin horiek herriaren berdeguneetarako baliatuko dira. Bi aterabide horiek plantan ematearekin batera, langileei gunearen kudeaketa egokirako eta bakantzatiarren ohartarazteko gakoak emanen zaizkie formakuntza batean.

«Egitekoa atsegin eta erakargarri egiteko gisan hautatu dira hornidurak» dio Fanny Couronne, Tribioval enpresaren bigarren gidariak, eta honela darrai: «ingurumenera ongi egokitua delarik, ontzia zabaldu eta erabiltzeko gogoa eman behar zaie erabiltzaileei. Erabiltzaileari biohondakinak sailkatzera bultzatzeko estetikak ere balio du».

ATAL SOZIOLOGIKOA ERABILERAK ULERTZEKO

Tribioval enpresak 10 partaide hartu ditu, haien artean galdeketak eta lantegiak esperimentazio osoan zehar eginen dituen lantalde bat. Ideia jokamoldeak ulertzea

da, zer ongi doan eta zer ez, bakantzatiarrak erraztasuna hautatzen ote duen ala sailkatze jokamoldeak bereganatuak ote dituen, lurrustela egitea oporretan ezagutzen ote duen, bere etxean ere jarraituko ote duen horretan… Tribioval enpresaren egitekoa enpresak eta kolektibitateak laguntzea da biohondakinen kudeaketa estrategia plantan eman dezaten 2024ko urtarrilaren lehenean indarrean sartuko den araudiaren arabera*. Esperimentazio horrekin batera, biohondakinen sorbideari buruzko lurralde diagnostikoa ere egiten da (zein hondakin mota sortzen den, noiz, nola, nork?…) hortik, gero, biohondakin horien kudeaketarako aterabide onena aholkatzeko eta lurralderako egoki diren aterabide zehatzak plantan emateko. Diagnostiko horren laguntzeko, atal elektromekaniko eta informatikoa pentsatu da. Ekarpenerako ontzian kokatu ikurraren bitartez, erabileraren datuen jarraipena eginen da, tokian bildu diren eta balioan emaniko kopuruak ezagutzeko.

Kotte Ecenarro auzapezak eta Ganix Grabières Bizi Ingurunearen eta Ingurumenaren ardura duenak uste dute ezen «egiazko neurrian egin test hau oso interesgarria zaio Herriari. Oso interes handia dugu gaian eskumena duen Euskal Elkargoaren lana gure herrian laguntzen».

«Lurrustelaren gaia, hala etxean eginikoa nola partekaturikoa, ezinbestekoa bilakatuko zaigu 2024ko urtarrilerako, biohondakinen sortze bereko sailkapena orokortuko baita. Esperimentazio honek erakutsiko digu zer dabilen eta zer ez. Herriak sortzen dituen hondakin berde anitzen kudeaketa ere hartzen da kontuan, gure lore sailetan erabil dezakegun lurrustela sortzeko balia baititzakegu» dio auzapez arduradunak, eta honako hau gaineratu du: «parte hartze bidezko aurrekontuaren harira udazkenerako behereko auzoan eta Hondarraitz auzoan plantan emateko ditugun lurrustelerako ontzi kolektiboek ere lagundu beharko ligukete erabilerak ulertzen».

Hondarraitzeko tren geltokiaren ondoko karabanen gunean kokaturikoak irail hondarrean kenduko ditugu, 4 hilabeteko entseguaren ondoren, eta horren bilana eginen dugu, esperimentazio horri zein jarraipen eman erabakitzeko. Oraingoz, karabanetakoek oso ongi hartu dute urraspide hori.

* xahutzearen aurkako borrokaren eta ekonomiaren gaineko legea

Navigation de l’article