Herri kontseiluaren bilduma 2020ko urriaren 21, asteazkenean, 18:30ean egin

Erref. KE.IG – 377.2020

Bi mila eta hogeigarren urtean, urriaren hogeita batean, asteazkenarekin, 18:30ean, Herri Kontseilua bildu da Kotte ECENARRO jaun auzapezaren lehendakaritzapean.

BERTARATUAK: ECENARRO j. (auzapeza), KEHRIG COTTENÇON and., TRANCHE j., BUTORI and., IRAZUSTA j., COTINAT and.,  ARRUABARRENA j., LEGARDINIER and., GRABIERES j., MOUNIOS ADURRIAGA and. (auzapezordeak), CAMACHO SATHICQ and., ARZELUS ARAMENDI j., TARIOL j., AIZPURU and., PELEGRIN ARAMENDY j., BEAUFORT and., BERNARD j., EIZAGUIRRE j., ROMAN and., HARAMBOURE and., MARTIARENA GARAT j., LABEAU and., JEHAN j., CEZA and., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., BARRERO and, BALANZATEGUI j. (108.2020 zk. deliberamendutik goiti), SALLABERRY j.

AHALORDEA EMANIK: NAVARRON andreak ARZELUS ARAMENDI jaunari, MANTEROLA jaunak LEGARDINIER andreari, POUYFAUCON jaunak DESTRUHAUT jaunari, ESTOMBA andreak BALANZATEGUI jaunari.

BILKURA IDAZKARIA: Céline COTINAT and.

Deialdiaren eguna:2020ko urriaren 14

Biltzarraren quoruma bete dela baieztatu ondoren, auzapez jaunak hasiera eman dio bilkurari.

I –2020KO IRAILAREN 24KO HERRI KONTSEILUAREN BILKURAREN AKTA ONARTZEA

Auzapez jaunak, 2020ko irailaren 24ko bilkuraren bilduma COTINAT andreari, bilkura idazkari den bezainbatean, irakur dezan galdegin dio. Dokumentua biltzarrak onar dezan eman da bozketara.

AHO BATEZ ONETSIA –

Gero, gai zerrendari ekin diote:

II – DELIBERAMENDUAK

TXOSTENGILEA: Kotte ECENARRO, auzapeza

105.2020 – HERRI KONTSEILUAK EMAN ORDEZKARITZAZ AUZAPEZAK HARTU ERABAKIAK

Auzapez jaunak azaldu ditu Herriko Kontseiluak 2020ko uztailaren 3ko deliberamenduaren bitartez eman zizkion ordezkaritzak baliatuz hartu dituen erabakiak.

Herri Biltzarra jakinaren gainean da. Ez da bozkatzen.

106.2020 – ITSAS ALPEETAKO HERRI KALTETUAK – SOSTENGUA 06 AUZAPEZEN ELKARTEARI

2020ko urriaren 2ko Alex tenpestak suntsitu herrixkak sostengatuz, Herri Kontseiluak Itsas Alpeetako auzapezen elkarteari 1000 euroko ezohiko diru laguntza ematea erabaki du.

EMANIKO BOZ GUZTIAK ALDE –

5 abstentzio: SALLABERRY j., DESTRUHAUT j., HIRIBARREN and., BARRERO and., POUYFAUCON j.

TXOSTENGILEA: Richard IRAZUSTA j.

107.2020 – LANPOSTU IRAUNKORREN 6. ZERRENDA

Lanaldi osoko bi lanpostu iraunkor sortu dira:

“Finantzen zuzendari” lanpostu bat, A kategoriakoa, 2021ko urtarrilaren lehenetik goiti,

“Lanen begirale” lanpostu bat C kategoriakoa, 2020ko azaroaren lehenetik goiti.

AHO BATEZ ONETSIA –

BALANZATEGUI jauna biltzarrera bildu da.

108.2020 – TELELANA PLANTAN EMATEA

Udal zerbitzuetan telelana ezartzea erabaki dute hautetsiek. Telelanean arituko diren langileek lanlekuan ari direnek dituzten eskubide-betebehar berdinak dituzte.

Gutun batek zehazten ditu telelana plantan emateko bideak. Molde horiek alda daitezke araudiari egokitzeko edo hastapenean ikusi ez ziren egoeretara egokitzeko.

EMANIKO BOZ GUZTIAK ALDE –

5 abstentzio: COTINAT and., LEGARDINIER and., MARTIARENA GARAT j., ARZELUS ARAMENDI j., NAVARRON and.

109.2020 – HILERRI BERRIKO EMAKIDA BAT HERRIARI ITZULTZEA

Biltzarrak onartu du herriari itzultzea Andrée TESSE-LARUE andreak zuen emakida ohiko baldintzetan.

AHO BATEZ ONETSIA  –

110.2020 – GORREI ETA ENTZUMEN URRIKOEI TELEFONOZ ETA FISIKOKI HARRERA EGITEKO ZERBITZUA – EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOAREN ETA HENDAIAKO HERRIAREN ARTEKO HITZARMENA

2016ko urriaren 7ko 2016-1321 Legeak errepublika digitalaren aldekoak eta 2017ko maiatzaren 9ko 2017-875 Dekretuak ezintasunen bat dutenek telefono zerbitzuak eskuratzeari buruzkoak agintzen dute 10 000 biztanletik gorako herriek eta haien elkargoek helgarri egin behar dizkietela gorrei eta entzumen murriztua dutenei harrera fisikoak eta telefono bidezkoak 2020ko urriaren 7tik goiti.

10 000 biztanletik gora dutenez, hala Angelu nola Baiona, Biarritz, Hendaia, Donibane Lohizune eta Urruña dekretu horren pean dira, Euskal Hirigune Elkargoa ere den bezala. Euskal Elkargoaren Helgarritasun Misioak aztertu du, beraz, eta plantan eman gorrei eta entzumen urrikoei zerbitzua emateko aterabide partekatua.

ELIOZ CONNECT zerbitzuari esker, langileak komunika litezke, komunikazio plataforma berezi baten bitartez, gorrekin eta entzumen urrikoekin hala telefonoz nola lekuan bertan. Komunikazio plataforma berezi horrek erabiltzaileekin mintzatzeko aukera ematen du frantsesezko keinu hizkuntzaz (LSF) edo frantses mintzatu osotuaz (LPC) edo mintzatzearekin batera egiten den transkripzio bidez (TTRP) edo transkripzio automatikoz ari den operadore baten bitartez.

Euskal Elkargoak ELIOZ CONNECT zerbitzua erosi eta dagozkion herriei eskainiko die. Auzapez jaunari dagokion hitzarmena sinatzeko baimena eman zaio.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Claire LEGARDINIER and.

111.2020 – GIZARTE ETA ELKARTASUNEZKO EKONOMIA – HITZARMENA JARDUNEN ETA ENPLEGUAREN INTERSTICES KOOPERATIBAREKIN

2017ko uztailaren lehenaz geroztik, herria Interstices Sud Aquitaine kooperatibarekin partzuergo hitzarmen batez engaiatua zen jarduerak daramatzaten hendaiarrei jarduerak sortzen laguntzeko tresna eragile bat emateko.

Deliberamendu hau Hendaiako Herriaren eta Interstices SCIC kooperatibaren arteko lankidetza hori berritzeaz da, 2020ko urriaren lehenetik 2023ko irailaren 30 bitarteko epe baterako. Lankidetza hitzarmen batek zehazten ditu bakoitzak bestearekiko dituen engaiamenduak eta partzuerren helburuak.

Herriak diruz sostengatu nahi ditu Interstice kooperatibak Hendaian plantan eman baliabide bereziekin daramatzan ekintzak, eta “Interstices Sud Aquitaine” Interes Kolektiboko Sozietate Kooperatiboa sostengatzera engaiatzen da aipatu den epean, urtero 10 000 euroko diru laguntza emanez.

Auzapez jaunari SCIC Interstices Sud Aquitaine sozietatearekiko partzuergo hitzarmena sinatzeko baimena eman zaio.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Michelle MOUNIOS ADURRIAGA and.

112.2020 – 2020ko KULTURA PROIEKTUAK – DIRU LAGUNTZEN ESKARIA

Hainbat diru laguntza eskatuko zaie Eskualde Kontseiluari, Departamentu Kontseiluari eta Euskal Elkargoari kultura sasoia, Antzerkiaren Maiatza eta Guitaralde festibala diruztatzeko.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Jean Michel ARRUABARRENA j.

113.2020 – KIROL EKIPAMENDUAK ERABILTZEKO OINARRI HITZARMENA DEPARTAMENTUAREKIN 2020-2026

Kirol ekipamenduak (gimnasioa, igerilekua eta ondoko lurrak) Irandatz kolegioak erabiltzeko hitzarmen berri bat sinatu da 2020ko irailaren lehenetik hasi eta 6 urterako.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Chantal KEHRIG COTTENÇON and.

114.2020 – BIZITEGI LAGUNDUAK EGITEKO PASSICOT KOMANDANTEAREN 23AN ERAIKIN BAT EROSTEKO EUSKAL HERRIKOTOKIKOFUNTSEN ERAKUNDE PUBLIKOAREKIN ESKUHARTZE HITZARMENA EGITEA

«Passicot komandantearen karrikako 23an» kokatu eraikina berriztatzeko proiektuari ekiteko eta, epe laburrean, Tokiko Hirigintza Planean «Beltzenia karrika» gisa seinalatu leku publikoaren antolatzea bideratzeko xedez, Euskal Herriko Tokiko Funtsen Erakunde Publikoari laguntza eskatuko zaio funtsak erosteko eta eragiketaren funtsen aldea eramateko.

Auzapezari baimena eman zaio Tokiko Funtsen Erakunde Publikoarekin sina dezan Funts Ekintzako hitzarmena, non kargen eramateko moldea zehaztuko baita.

AHO BATEZ ONETSIA  –

115.2020 – ONDASUNEN ESKURATZEA “VILLA NERE CHOKUA” – ELIZA KARRIKA 3-5

Hautetsiek erabaki dute 726 000 euroren ordainetan erosiko diotela Villa NERE CHOKUA funts unitatea Jesusen Zerbitzarien NERE CHOKUA elkarteari; funtsa Eliza karrikaren 3, 5ean da kokatua. Higiezinen multzo horrek etxe bat du, bazter bastizak eta lorategia, orotara 1 724 m² zabal da multzoa.

Erosi, herriko etxearen eraikin publiko atxikia izateko erosten da, lanleku berriak sortzeko asmoz.

AHO BATEZ ONETSIA  –

TXOSTENGILEA: Ganix GRABIERES j.

116.2020 – ITSAS HEGIKO HONDAKIN HANDIEI BURUZKO DATUAK EMATEKO ZERBITZURAKO KONTRATUA

Ekologia eta Elkartasunezko Trantsiziorako Ministerioak utzi dio CEDRE delakoari itsas hegiaren atalaren koordinazio lana itsas hondakinen alorrari dagokionean. Itsas hegian itsas hondakin handien gaineko zaintzarako berrogei bat gunez osaturiko nazio mailako sarea azkartu eta biziarazteko zeregina du CEDRE horrek.

Helburu horiek betetzeko, tokiko kudeatzaileekin egiten ditu kontratuak CEDRE horrek, hondakin handien bilketa kanpaina plantan emateko.

Urraspide horretan sartzeko zenbait irizpide tekniko bete behar dira (hondartzaren luzera, profila, jende gutxi ibiltzea…). Hendaiaren kasuan, Erdiko Ura senaiko hondartzak, Abadia eremuaren parean, betetzen ditu irizpide guztiak.

CEDRE delakoak zerbitzu kontratu bat proposatzen du Hendaiako Herriko Etxearekin, itsas hegiko hondakin handien zaintzarako nazio mailako sarean partaide izan dadin.

AHO BATEZ ONETSIA  –

117.2020 – EUSKAL HERRIKO IBILBIDEEN TOKIKO PLANAREN BASERRIALDEKO BIDEETAN ETA HERRI BIDE ETA LURSAILETAN PASATZEKO BAIMENA ETA PASEABIDE ETA IBILBIDEEN DEPARTAMENTUAREN PLANA (PDIPR) EGUNERATZEA

Euskal Hirigune Elkargoa mendi ibilbideek zeharkatzen dituzten lursail pribatuetako jabeekin pasatze hitzarmenak berritzen ari da 95 ibilbidez osaturiko Euskal Herriko Ibilbideen Tokiko Plana sortzera heltzeko xedez.

Herriko lurraldea honako herri bide edota herri lursail hauek ukitzen dituzten ibilbide hauek zeharkatzen dute:

Herri bideak: Pausuko bidea, Errondeneko bidea, Enperadorearen etorbidea, Bianteneko bidea, Zubernoa karrika, Partxetegia karrika, Txingudi badiako etorbidea, Zitroinondoen karrika, Leclerc jeneralaren etorbidea, Itsas etorbidea,

Lursaila: AM 416, 513, 514, 259 eta 183.

Biltzarrak baimena eman du Euskal Herriko mendi Ibilbideetako Planaren xenderak hor aipatu herri bide eta lursailetan pasa daitezen.

AHO BATEZ ONETSIA  –

118.2020 – ITSAS HEGIKO XENDERA – HENDAIAN HEDATZEA ETA G.R.® HOMOLOGATZEA

–  ESPAINIAR GR11 HENDAIAN ZEHAR PASATZEA

Pirinio Atlantikoetako Departamentua obralaria da departamentuko ibilbide luzeen antolaketa eta mantenimendu lanetan. 25 km luze den itsas hegiko Bidarte eta Hendaia arteko xenderaren kudeaketa egiten du.

Xendera hori Bidarteko Erretegitik Aturriren bokaleraino luzatu nahi luke Departamentuak, Biarritz eta Angelu zeharkatuz, eta, beste aldetik, lotura egin nahi du Gizpuzkoako Foru Aldundiaren itsas hegiko Talaia xenderarekin, ibaiko joan-jinkariaren bitartez.

Ibilbidea mendi ibilbide luze gisa homologa dezan eskatuko dio Deartamentuak Frantziako Mendi Ibilbideen Federazioari.

Gure herrian, Zokoburuko muturraren eta ibaiko joan-jinkariaren kaiaren arteko zatian luzatuko da ibilbidea; Gipuzkoako Foru Aldundiak, GR 11ren obralari izan eta baimena eskatu dio Hendaiako Herriari ibilbidea ibaiko joan-jinkariaren bitartez pasatzeko eta Bidasoaren eskuin ertza jarraitu eta Santiago zubiraino joateko.

Biltzarrak onartu du itsas hegiko xenderaren ibilbide berria eta baimena eman dio Departamentuari mendiko Ibilbideen Frantziako Federazioari homologa dezan eska diezaion eta mantenimendua eta balizatzea indarrean diren arauei jarraikiz egin ditzan. Gipuzkoako Foru Alundiari ere eman zaio baimena GR 11 Hendaian barne pasaraz dezan.

AHO BATEZ ONETSIA  –

Gai zerrenda bururatua zenez, auzpezak biltzarra eskertu eta bilkura amaitutzat eman du 19:40an.

HENDAIAN, 2020ko urriaren 22an

Auzapeza,

Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordea,

Pirinio Atlantikoetako Departamentu kontseilaria,

Kotte ECENARRO