Pirinio Atlantikoetako Departamentua “osasun larrialdi egoera arruntera” pasatu da.
Hona hemen Pirinio Atlantikoetako prefetak ezarri dituen neurri nagusiak, larunbat goiz honetan prentsaurreko batean jakinaraziak:
1 – “Ezin dira sei pertsona baino gehiago elkartu, bildu edo jardunetan aritu ez leku publikoetan ez eta jendeei zabalik diren lekuetan” salbu erreibindikazio manifeztazioetan eta laneko bilkura edota jardunetan, jendeen garraio zerbitzuetan, jendeak hartzen dituzten eraikinetan, hiletetan, txartel profesionala dutenek antolatu bisita gidatuetan eta aire zabaleko merkatuetan.
Baimena duten ekitaldiak araudi berria betez egin beharko dira (gehienez 6 pertsona).
Kirola edota aisialdiko jardunak leku publikoetan baimendurik dira bakarrik 2020ko urriaren 17ko dekretuaren aginduak zorrozki betetzen badituzte (bereziki gehienez 6 pertsona biltzea eta bi metroko tartea jendeen artean).
Etxeetan sei pertsona baino gehiago biltzea ahal den gutxien egin dadin gomendatzen da.
2 – Maskara jantzirik izan behar da jendea hartzen duten eraikinetan, salbu dekretuak berak ezartzen dituen salbuespenetan (hamaika urtez peko haurrak, ezintasun bereziren bat duten pertsonak, kirolean aritzean, arte jardunean…)
3 – Ezin da ekitaldirik egin ekitaldia bitartean etengabe maskara jantzirik izan ez litekeen eraikin, egitura eta erabilera anitzeko aretoetan. Debekaturik da ere besta ekitaldi pribatu oro, hala nola ezkontzak, ikasle arratsak, urtebetetze ospakizunak… janari edo edariak izanez gero (urriaren 19tik goiti)
Ostatu eta jatetxeak: etxe horiei ezartzen zaien osasun protokoloa zorroztu da: gehienez 6 pertsona mahai bakoitzeko, kadiren artean metro bateko tartea (eta ez lehen bezala mahaien artean), eta har litekeen gehienezko jende kopurua afixatu beharra. Protokolo hori janari prestatzaileentzat da ere.
Jendea zutik eta han-hemenka mugitzen hartzen dituzten eraikinetan (museoak, merkataritza guneak…): gehienezko jende kopurua, hemendik goiti, dentsitatearen arabera kalkulatzen da, hau da, 4 m² pertsona bakoitzeko.
Jendea leku hetsi batean jarririk hartzen dituzten eraikinetan (zinemak, otoitz lekuak, antzokiak, kasinoak, joku aretoak…) edo aire zabaleko lekuetan (estadioak, hipodromoak): jarleku bateko gutxieneko tartea utzi behar da pertsona bakoitzak edo 6 pertsona baino gutxiagoko talde bakoitzak hartzen duen jarleku bat eta bestearen artean.
Maskara jantzirik izan behar da leku publikoetan eta zehazturiko zonetan (hondartza aldean eta hiri barnean).