Uztailaren 8tik goiti, Santiago karrika norabide bakarrean izanen da lanlekuaren parean.
Aitzin doaz, Santiago karrikan, udal igerileku berriaren lanak. Eraiste fasea bukatu da, bai eta igerileku berria eraikitzeko enpresa deialdia ere.
Orain eraikin berria eraikitzeari ekinen zaio.
Gatoz berriz ere proiektu horren etapa nagusietara, ikusgarrien den aldeari dagokionean behintzat, jokagaiak eta agertu diren arazoak azalduz.
LANEN PRESTAKETA
Lehen fase erabakigarria lanen prestaketa da. Eraikuntzarako egin behar diren guztiak zehaztu eta enpresekin plangintza egitean datza fase hori. Jokagai handiak ditugu hor: bermatu behar da lanak trabarik gabe hasten ahalko direla, betiere hirigintza eta ingurumen betebeharrak betez. Fase hori ekain hondarra arte luzatu da.
LANLEKUA KOKATZEA
Langileentzat lanlekua plantan ematea ekainaren 10eko astean egin da.
Uztailaren 8az geroztik, Santiago karrika norabide bakarrean emanen dugu lanlekuaren parean.
Zirkulazioa bi norabidetan
Norabide bakarreko zirkulazioa
Salbuespenez, lanen jarraitzeko dispentsa eginen da aldi horretan.
LUR BERDINTZE LANAK
Lur berdintzea eraikuntza prozesuaren etapa gakoa da. Lurra prestatzen da, igerilekua kokatuko den zona zulatu eta berdinduz. Lantaldeek lur metak ateratzeko arazoak kudeatu behar dituzte ere, indarrean diren ingurumen arauak betez. Etapa hori uztail bukaeran bururatuko da.
LAN LARRIA
Lan larria eraikuntzaren bihotza da. Fase horretan zimenduak egiten dira, horma nagusiak eta betoi armatuzko egitura osoa. Udal igerileku baterako hainbat jokagai daude: askak guztiz irazgaitz izanen direla bermatu behar da, erabilera intentsiboak ekar ditzakeen arazoen aitzinean egitura sendo eta luze irauteko gai izanen dela. Lanak zehaztasun milimetrikoz behar dira egin, obra bururatua kalitatezkoa izan dadin. Fase hori urte bukaera arte luzatuko da.
ZURERIA
Zureria kokatzea etapa zaila da, gaitasun berezia eskatzen duena. Igerilekuari egitura eta itxura estetikoa ematen dizkio, teilatuari eusteko adina sendotasun mekanikoa emateaz gain. Egiturarako zura hautatu da material iraunkor eta berriztagarria delako, asmo ekologikoengatik. Fase hori 2025erako da aurreikusia.
HETSITURA ETA ESTALKIA
Azkenik, hetsitura eta estalkia ematea estaltze elementuak eta kanpoko arotzia kokatzea da. Fase horrek eraikina eguraldi txarretan irazgaitz eta segurtatua bihurtzen du. Fase hori 2025erako da aurreikusia.
MULTZO TEKNIKOAK ETA BIGARREN OBRA
Eraikinaren barnean egiten diren lan guztiak dira, hala argindar lanak nola iturgintzakoak edota igeltseritzakoak, bai eta zenbait hornidura eta margotze lanak. Lan guztia bururatu arte luzatuko dira lan horiek. Gero, instalazioen entseatze aldia etorriko da, eraikina publikoari ireki baino lehen.
Udal igerileku berriaren eraikitzea proiektu handia da eta gaitasun eta baliabide anitz ditu jardunean ematen. Etapa bakoitzak, prestaketa lanetatik bururatze arteraino, funtsezkoa da kalitatezko hornikuntza iraunkor eta ingurumena zaintzen duena izanen dela bermatzeko. Herriak kontrolatzen du lanak baldintza ahal bezain onetan egin daitezen, auzokoei eta tokiko eragileei adi, guztiei kirol, aisialdi eta lasaitze leku bat eskaintzeko, nor bakoitzaren nahiei erantzun nahiz.