Connecting Europe Express izenekoak Hendaian eginen du geldialdia

Burdinbidearen Europar Urtearen karietara eta Europar Batzordearen ekimenez,  tren berezi bat ibiliko da kontinentean eta 26 herrialdetako ehun bat hiritan geldituko da jendeei burdinbidearen abantailetaz ohartarazteko. Irailaren 2an, ostegunean, abiatu da Lisboatik eta Parisen bururatuko du bere ibilaldia urriaren 7an. 

Hendaia hautatu da Frantziako lehen geldialdi izateko. Europaren trena heldu zaigu, beraz, Hendaiako geltokira, egun, larunbatean, 13:06 orenetan ttanko.

garraio molde iraunkor eta berritzaile baten alde

Bertan ziren guztiek* agerian eman dituzte europar burdinbideak altxatu behar dituen erronkak hala pertsonen bidaietarako nola salgaiak garraiatzeko burdinbidea balia dadin sustatu nahi badu. Zailtasun nagusia tren bat kontinente osoan zehar zirkula dadin oraindik dauden oztopo teknikoetatik datorkigu.

Kotte Ecenarro auzapezak ongi etorria egin dio ekimenari: «Hendaiako geltokira Madriletik Parisera zihoan lehen trena Hendaiako geltokira sartu zenetik (1864/8/15ean) 157 urte diren honetan, atsegin handia zaigu egun Lisboatik abiatu eta Madril pasatuz etorri zaigun Connecting Europe Express honek Frantzian egiten duen lehen geldialdi hau. Bozkarioz eta harro hartzen zaituzte Hendaiako Herriak, egun honetako sinbolismo handiak bidaiarien garraioaren garapenerako bide berriak irekiko direla uzten baitigu ikustera, bai eta egun ditugun burdinbideetan erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua hobetuko dela. Hendaia dugu egunerokoan bi herrialderen arteko harremana gehien bizi duten Frantziako hirietako bat… Hendaia etapa hiritzat hartuz, ez zarete tronpatzen, herri honek eta lurralde honek Europar Batasunaren gizarte eta teknologia erronkak bateratzen baitituzte.

Gure egungo ekitaldi hau sinbolo handia da, izan ere, ezabatu nahi ditugun administrazio mugen bi aldeetan, zubiak eta ez mugak eraiki eta loturak ehundu nahi dituzten herrien sinboloa. Hiru hizkuntza mintzo ohi diren kultura eta hizkuntza entitate baten erdi-erdian gara eta gure eskoletan 28 nazionalitatetako haurrak ditugu. Bete-betean gara, beraz, gure topaketak proposatzen duen «Europaren loturan». Hemendik goiti, etorkizun berri bat agertzen zaigu gure geltokian eta gure bizi arroan. Itxura guztien arabera, klima aldaketaren jokagaiek burnibidearen bilakaera bestela birpentsatzera behartzen gaituzte».

Arratsalde honetan, Connecting Europe Express hori Hendaiako geltokitik abiatu da bigarren geldialdia Bordelen egiteko. Hendaia-Bordele ibilbidean, trenak 14 gazte hartuko ditu mugikortasun iraunkorrari buruzko herritar solas baterako.

*Pertsonalitateak

Kotte ECENARRO, Hendaiako auzapeza,
Carlos SECCHI Pasabide Atlantikoaren RTE-T koordinatzailea
Denis ITXASO GONZALES Espainiaren ordezkaria Euskal Herrian
Inaki ARRIOLA LOPEZ  Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Lurralde Antolaketaren, Etxebizitzaren eta Garraioen sailburua
Mathieu BERGE Akitania Berriko Eskualde kontseilaria, Mugazgaindiko Lankidetzaren eta Euroeskualdearen arduraduna
Christophe FANICHET, SNCF Voyageurs delakoaren zuzendari nagusia
Josef DOPPELBAUER Burnibideen Aldeko Europar Batasunaren Agentziaren zuzendaria

Gehiago jakiteko, hona jo: https://ec.europa.eu/france/news/20210901/connecting_europe_express_fr

Navigation de l’article