Bixintxo ikastetxeak zirkulazioa mantsotu nahi du ikastetxe inguruan

Auto ilarak, aparkatzeko arazoak, bide segurtasun eza inguruetan txirrindaz edo oinez eskolaratu ikasleentzat. Nola ekidin eguneroko halako nahigabeak?

Kolektibitateek ekomugikortasun jarduerak sustatzen dituzte «Ikastetxeen Lekualdaketen Plan» bat plantan emanez; plan horrek eskolen inguruko zirkulazioa mantsotzeko ekintzak koordinatzen ditu. Hala da Bixintxo ikastetxearen kasuan, arazo horri lehentasuna eman nahi baitio lehen mailako laugarren eta bosgarren mailetako ikasleentzat, kolegioko ikasleentzak (350 familia) eta bere langileentzat.

Ikastetxearen eredugarritasuna eskola ekomugikortasunari dagokionean

Recycl’Arte elkarteak lagundurik eta Hendaiako Herriko Etxearen, Euskal Herri-Aturri Mugikortasunen Sindikatuaren eta Departamenduaren sostenguarekin, Bixintxo ikastetxe osoak proiektu bati ekinen dio «nola egin eskolara bestela joateko?» gaiaren inguruan.

«Proiektua 2 urtekoa izanen da», azaldu digu Claire Dutrillaux Recycl’Arte elkartearen kideak, «eta autoak lekualdeketetan duen lekua murriztu nahi du eta nor bakoitzaren autoa ez bestelako baliabideak plantan eman».

Zehazkiago erranez, honako helburu hauek ditu proiektuak:

  • Ibilbide segurtatuak eskaintzea erabiltzaile orori
  • Ikasleak beren lekualdaketetan autonomoagoak izan daitezela
  • Ikasleen osasuna ariketa fisiko erregular baten bidez zaintzea
  • Ingurumenaren zaintzan parte hartzea
  • Ikastetxearen ingurua mantsotu eta auzokoen bizi kalitatea hobetzea

Atzo, otsailaren 23 asteazkenean izan den herri kontseiluaren bilkuran, hautetsiek bozkatu dute herriak %30ean hartuko duela parte, hau da, 3727.50 €rekin, proiektua diruztatzeko. Céline Cotinat, mugitze molde berrien auzapezordearen ustez, «zentzuzko eskari hori guk mugitze molde eztien alde daramagun politikarekin bat dator eta esperientzia ekarpen baliagarriak eginen dizkigu gure antolakuntzak hobetu eta beste ikastetxeak horretara lotzeko».

Galdetegi bat linean jende ororentzat

Gogoeta horri ekin eta proiektua guztiok elkarrekin eraikitzeko, lehen bilkura bat egin zen otsailaren lehenean eta gurasoak, ikasleak, biztanleak, hautetsiak eta inguruetako merkatariak gonbidatu ziren. Helburua: diagnostikoari ekarpenak egin eta aterabideak proposatzea oinez, txirrindaz, talde garraioetan

edota autoa partekatuz bidaia dadin. Elkar aditze prozesua apirilaren lehena arte luzatuko da. Ordurarte, linean dagoen galdetegia bete dezakezu, honako esteka honetan klikatuz: https://framaforms.org/enquete-mobilite-voisines-groupe-scolaire-st-vincent-1642759146

Ekintza taldeetan parte hartzea

Recycl’Arte elkarteak du urraspidea laguntzeko zeregina eta, apirilaren 7an, helburuak finkatzeko eta, maiatz erdi aldera, ekintza plana eragile guztiekin zehazteko aukera emanen duen diagnostikoa azalduko du. Interesa duen orok har dezake parte osatuko diren ekintza taldeetan. Horretarako, aski duzu hemen izena ematea: https://framaforms.org/inscription-aux-groupes-action-plan-de-deplacement-scolaire-st-vincent-1643980614

Herria Recycl’Arte elkartearen eta eskolen ondoan

Bixintxo ikastetxearen lekualdaketen eskola planerako engaiamenduaz gain, Nicole Butori Hezkuntza auzapezordeak zehaztu du ezen «Herriak hendaiar gazteak ohartarazi nahi ukan ditu mugitzeko molde eztietaz, eta Hezkuntza Ministerioaren «Txirrindaz ibiltzen jakitea» egitaraua egin dadin lagundu nahi ukan du. Hartara, partzuergo batez lotu zen Recycl’Arte elkartearekin. 2021eko maiatzaren 26ko deliberamendu batez, herria lantegi horiek eskola bakoitzeko 800,00€tan diruztatzera engaiatu da 2021-2022 ikasturterako».

Ikastetxeei proposatu zaien urraspideak lehen mailako ikasleei txirrindaz ibiltzen eta zirkulatzen erakutsi nahi die. Xede horrekin, zenbait lantegi antolatu da txirrindaren oinarrizkoenak ezagutzeko (oreka, bulkatzea, balaztatzea, ibilbidea), eta, horren ondoren, ibilbide batean egiazki aritu eta errepidean ibili ahal izateko.

Mugikortasunen Sindikatua ere «mugimenduan»

Chantal Kehrig Cottençon, lehen auzapezorde eta Euskal Herri-Aturri Mugikortasunen Sindikatuaren lehendakariordeak gogora ekarri du, Herri Kontseiluaren bilkura horretan, ezen «Euskal Herri-Aturri Mugikortasunen Sindikatuaren mugikortasunen gaineko aholkularitza zerbitzuak laguntzen dituela elkargoko herriak mugikortasun iraunkorraren gaietan, batez ere etxe eta eskolaren arteko ibilbideetarako lekualdatze planak plantan emanez. Hainbat ekintza proposatzen du sindikatu horrek eskola ingurunerako: pedagogia eskuhartzeak, oinbus/txirrinbus sistema plantan ematea, ekitaldi edota ekintza plan bereziak. Haur eta gazteekin egin proiektuen xedea lekualdatze iraunkorren alde ohartaraztea da, lurraldean den eskaintza erabil dezaten sustatzea eta oinez edota txirrindaz nola segurtasunez ibili erakustea. Ikastetxeekin elkarlanean egiten dira horiek, bai eta gazte animaziorako egiturekin, elkarteekin edota proiektu deialdien barnean. Horren karietara, Mugikortasunen Sindikatuak xedetzat hartu du eskolak, kolegioak eta lizeoak laguntzea lekualdatze planak plantan eman ditzaten herriekin elkarlanean eta ikastetxe buruen eta gurasoen elkarteen parte hartzearekin. Hartara, Bixintxo ikastetxearen engaiamendua eredugarria dela ikusiz, diruztapena eskain dakieke”.

Navigation de l’article