Bigarren edizioa – ADI BIDASOA

Zer sustatzen edo mugatzen du Irun, Hondarribia eta Hendaiaren arteko mugikortasuna? Partzuergoak gazteek gai hau eztabaidatzeko topaketa bat antolatzen du

  • Partzuergoak gazteen artean gai honi buruzko eztabaida sustatuko du
  • ADI BIDASOA martxoaren 22an izango da Irun Factory-n, 11:00etatik 13:00etara.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, ADI BIDASOA antolatuko dute martxoaren 22an Irun Factory-n (Jose Antonio Loidi Bizcarrondo, 8 – behekoa – Irun). Bigarren edizio honetan, Bidasoa Txingudiko mugikortasuna izango da ardatz nagusia.

Bidasoako Topaketak proiektu soziokulturala da, mugaz gaindiko garrantzia duen gai bati buruz hausnartzeko. Aurtengo edizioak, ADI BIDASOA-k, hiru udalerrietako gazteak elkartzeko aukera eskaini nahi du, ideiak trukatzeko eta, Gazteria Sailekin eta eskualdeko elkarteekin batera, ekimen edo jarduerak proposatzeko.

Nuria Alzagak, Parzuergoko Zuzendaritza Batzordeko lehendakariak, honakoa nabarmendu du: “Proiektu honen helburua da Irun, Hondarribia eta Hendaian bizi diren gazteen iritziak eta beharrak ezagutzea, eta topaketa honetan sortzen diren gogoetak tokiko eta mugaz gaindiko testuingurura ekartzea.”

Bestalde, Estitxu Urtizbereak, Parzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak, adierazi du “mugikortasunari lotutako gaiak landuko direla, baita mugikortasuna sustatu edo oztopatzen duten ohiturak eta jarduerak ere… Hiriko gazteei eragiten dieten bestelako gaiak ere jorratuko dira.”

Azkenik, Itziar Aizpuruk, Parzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak, nabarmendu du “horrelako proiektuak ezinbestekoak direla gazteen parte-hartze aktiboa sustatzeko, izan ere, etorkizuneko lankidetza mugaz gaindiko proiektuen oinarriak izan daitezke.”

Eskualdeko gazteen iritzia entzun eta zabaltzea

ADI BIDASOA martxoaren 22an izango da, 11:00etik 13:00etara, Irun Factory-n. 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da, baina publiko zabalago batengana ere ireki daiteke.

Gazteria Sailekin eta eskualdeko elkarteekin elkarlanean, eta lehenengo saioari jarraipena emateko asmoz, oraingoan mugikortasunaren gaia modu zabalean landuko da. Honako galderei erantzuten saiatuko gara:

Zein garraiobide erabiltzen dira mugaz gaindiko mugikortasunerako?

Zein ohitura edo jarduerak sustatzen edo oztopatzen dute mugikortasuna? (aisialdia, kirola, lagunak, hezkuntza, lana, osasuna, turismoa, hizkuntza-aniztasuna…)

Eztabaida eta dinamika sustatzeko, Europar Batasuneko Europe Direct bulegoaren bitartez, Junkal Cuadrado Jorge etorriko da, zeinek Europar Batasunak  hezkuntza, formakuntza, gazteria eta kirol arloak babesten dituen Erasmus + programan hartu zuen parte eta bere esperientzia kontatuko digu. Berarekin batera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza egongo da, beren mugikortasun proiektuak eta mugikortasunean joerak aurkezteko.

Jasotako ekarpenekin, mugikortasuna hobetzeko proposamenak eta SEM’25 proiekturako edota beste topaketa tematiko batzuetarako ekimenak sortuko dira.

Bigarren edizioa

Lehen edizioa 2023ko otsailean egin zen, eta gazteen parte-hartzea sustatzea izan zuen helburu, interes orokorreko gaiak jorratuz eta mugaz gaindiko ekimenak proposatuz.

Orduan, hiru hirietako gazteei zuzendutako programak aurkeztu ziren, eta eskualdeko gazteei hitza eman zitzaien, haien iritzia ezagutzeko.

Izen-ematea

Interesa duten pertsonek WhatsApp bidez izena eman dezakete +34 679 202 899 telefono zenbakian, edo mezu bat bidal dezakete helbidera.

 

Navigation de l’article