Bidasoako Interpretazio Zentroa berriz ireki da

Zentroa Aduana zenaren eraikinean dago eta 2019ko irailetik itxita egon da, Avenida zubian egindako lanak direla eta, baita Covid-19ko pandemiak eragindako mugaren itxieren ondorioz ere.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, Bidasoako Interpretazio Zentroa berriro irekitzeko ekitaldi txiki bat egin dute gaur goizean.

Mugaz gaindiko erakustokia

Zentroa Aduana zenaren eraikinean dago, Avenida nazioarteko zubiaren ondoan, eta Txingudiko Badiako Bidearen zati da. Bidasoako Interpretazio Zentroak erakusketa-eremu bat du, bost gairi buruzko panelak dituena: mugaz gaindiko lurraldea, inguruko biodibertsitatea, Eurovélo sarea, Donejakue bidea Irunen eta aduanaren eta bere ingurunearen historia.

Zehazki, eremu horretan Bidasoarekin zerikusia duten gaiak topaleku gisa ageri dira. Pío Barojaren ‘Ibai izena duen herrialdea’ lelopean, aduanaren historia eta Txingudiko badia dagoen enklabe estrategikoaren garrantzia gogoratzen dira, eskualdean Done Jakue Bidea nolakoa den erakusten da, baita Eurovélo ibilbidea ere, puntu honetan Baiona-Iruña ardatzaren informazio-zentroa baitu.

Gainera, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak esku hartzen duen mugaz gaindiko eremuari buruzko ikus-entzunezko edukiak ere daude, baita Bidasoa ibaiaren inguruko fauna eta landarediarena ere.

“Interpretazio Zentroa hiriaren historia gogoratzeko leku enblematiko batean dago, Avenida zubian, esaterako. Hemen, gainera, historiari eta gerrei buruzko informazio-plaka bat aurki dezakegu, baita joan den urtearen amaieran jarri zen Lluís Companysen oroimenean beste bat ere”, esan du José Antonio Santano Partzuergoko lehendakariak eta Irungo alkateak.

“Gainera, Bidasoakoa da ezaugarri horiek dituen interpretazio-zentro bakarra Europako Batasuneko bizikleta-ibilbideen sare zabalaren barruan. Horregatik, berriro irekitzea albiste bikaina izan daiteke mugaz gaindiko herritarrentzat, bertan garatzen diren jarduerei berriro heltzeko aukeragatik ez ezik, erakargarri turistikoa ere izan daitekeelako”, azaldu du.

Bi erakusketa 2022an

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak kudeatuko du Bidasoako Interpretazio Zentroa, eta 2022. urterako bi erakusketa antolatzea aurreikusten du.

Lehenengoa Bidasoako errefuxiatuei Hendaian egin zitzaien harrerari buruzko oroimen historikoaren erakusketa izango da, uztaila eta iraila bitartean ikusi ahal

izango dena. Hiru hirietako artxibo eta liburutegietatik hartutako garaiko argazkiak bilduko ditu, baita Oroitza memoria historikoko elkartearen bidez bildutako testigantzak ere.

“Helburua 1936an gertatutakoa gogoratzea da, Irundik eta Hondarribitik bonbardaketa eta suteetatik ihes egiten zuten pertsonak hendaiarrek jaso zituztenean, zubia oinez edo badia gabarran zeharkatzea lortu ondoren”, azaldu du Txomin Sagarzazuk, Mugaz Gaindiko Partzuergoko lehen lehendakariordeak eta Hondarribiko alkateak.

Gero, urria eta abendua bitartean, Arte Digitalaren lehiaketaren erakusketa egongo da ikusgai. Lehiaketa hori apirilean argitaratuko da eta 30 urte baino gutxiago dituzten Bidasoaren bi aldeetako artista digitalentzat izango da, 2022 Gazteriaren Europako Urtea baita. Lehiaketaren gaia ‘Mugaz gaindiko paisaia bereziak’ izango da eta obrak abuztura arte aurkeztu ahal izango dira.

“Ekimen honen helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea gure lurraldearen aberastasun historikoa eta naturala erakusten duten irudien base bat osatzeko”, nabarmendu du Richard Irazusta Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak, Kotte Ecenarro Partzuergoko bigarren lehendakariordea eta Hendaiako alkatea ordezkatuz.. Ondoren, honako hau gehitu du: “pandemiak lehiaketak birplanteatzera eraman gaitu. Orain, baliabide digitalei lehentasuna ematen dien formatu baterantz bideratzen dira”.

2022rako aurreikusitako ekitaldi berriak

Ohiko jarduerez gain (Bidasoa Folk jaialdia, Bertso Eskola ekimena eta turismoa eta euskara sustatzeko proiektuak, besteak beste), 2022rako, Mugaz Gaindiko Partzuergoak beste jarduera batzuk antolatu ditu, hala nola, maiatzaren 25ean Ficoban egingo den “2022 Kirol Jaia – Eskolako Olinpiada Txikiak”.

Partzuergoak 2001. urtetik antolatzen du jarduera hori, nahiz eta azken urteetan ezin izan den ohiko moduan egin, hainbat arrazoirengatik. Aurten, gainera, lehen

aldiz egingo dira Bidasoa-Txingudiko Olinpiada Txikiak, hiru hirietako ikastetxeetatik datozen parte-hartzaileen artean kirol aniztasuna sustatzeko, errespetua, adiskidetasuna eta bikaintasuna bezalako balioez gain.

Bestalde, irailaren 17an eta 18an, 2022ko Mugikortasunaren Astea dela eta, bizikleta erabiltzea sustatzeko tailerrak, lehiaketak eta bestelako jarduerak antolatzea aurreikusten du Partzuergoak, baita erabiltzaileen arteko bizikidetzarekin, SMARTMOBen multimodaltasunarekin eta mugikortasun murriztuarekin lotutako gaiak lantzeko ere.

Gainera, abenduaren 1ean ‘Bidasoa-Txingudiko Mintzodromoa’ egingo da, eta hiru udalerrietako euskaltegietako ikasleak bilduko ditu euskararen praktika sustatzeko.

Azkenik, ‘Bidasoako Topaketak’ ere aurreikusita daude. Aurten, Gazteriaren Europako Urtea dela-eta, gazteriarekin zerikusia duten hainbat gairen inguruan antolatuko dira. Formatu ezberdinak izango dituzten jarduera partizipatiboak izango dira, eta kolektibo horrentzat interesgarriak diren gaiak aztertuko dira, hala nola, mundu digitala, garapen jasangarria, bizitza osasungarria eta berdintasuna.

“Hiruak Bat” laguntzen deialdia

Aipatutako jarduerez gain, Mugaz Gaindiko Partzuergoaren proiektuen artean, nabarmentzekoa da mugaz gaindiko proiektuak sustatzeko ‘Hiruak Bat’ laguntzen deialdia, apirilean argitaratuko dena.

Era askotako proiektuak aurkez daitezke: parte hartzearen eta/edo proposatutako proiektuaren eragina eta hedapenaren bidez, hiru hiriak inplikatuko edo lotuko dituzten proiektuak; mugaz gaindiko kultura, kirol eta

gizarte jardueraren normalizazioa eta lurralde identitatea sustatzen dituzten turismo, kultura, hizkuntza, ondare, hezkuntza, gizarte eta mugikortasun esparruko proiektuak; hiru hirietako herritarren arteko ezagutza eta trukea sustatzen dituztenak edo mugaz gaindiko lurraldean 3 hizkuntza ofizialen erabilera bermatzen dutenak, besteak beste.

Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jardueraren guztizko kostuaren %50era iritsi ahal izango da, eta proiektuak esleipen-ekitaldian hasi beharko dira gauzatzen, gehienez ere 12 hilabeteko iraupenarekin.

Honako hau izango da Interpretazio Zentroaren ohiko ordutegia: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, zubietan eta jaiegunetan izan ezik.
Gainera, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ostiral arratsaldeetan (15:00-18:30) eta larunbat eta igandeetan (10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era) ere egongo da zabalik.
Nabarmentzekoa da Aste Sainduan (apirilaren 14tik 18ra) eta apirilaren 22tik 24ra bitarteko asteburuan irekita egongo dela 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.

 

 

Navigation de l’article