Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalek positiboki baloratu dute herritarrek Europako Mugikortasunaren Astea dela-eta Bidasoa-Txingudi Mugaz-Gaindiko Partzuergoaren bidez batera antolatutako ekimenetan herritarren parte-hartzea.
‘Energiaren alde pedalei eragiten’ izan da ekimen nagusia. Udalerri bakoitzean lau bizikleta jarri 3 orduz. Bizikleta horiek ordenagailu batera konektatu ziren, ibilbidea eta sortutako energia erakusteko. Irunen 165 pertsonak parte hartu zuten, Hendaian 147k eta Hondarribian 136 pertsonak.
Beste bi jarduerek, ‘Segurtasuna bizikletan’ (bizikletaz seguru ibiltzeko edo istripuak saihesteko aholkuak Recycl´Arte elkarteko teknikarien eskutik) eta ‘Bizikleten diagnostikoa’ bizikleta nork bere kabuz konpontzen ikasteko tailerra, ere partaidetza nahiko ona izan dute.
Borja Olazabal, Kalixa Silanes eta Ganix Grabières, Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udaletako Mugikortasun eta Ekonomia Jasangarriako zinegotziak, hurrenez hurren, bat etorri dira honako hau adieraztean: “Eguraldiak ez du lagundu, eta egoerari egokitu behar izan diogu, baina, hala ere, jende asko hurbildu da ekimenetara, eta pozik gaude publiko zabal eta askotarikora iristea lortu dugulako, hori baitzen ekimenen helburuetako bat”.
Ildo horretatik, zinegotziek nabarmendu dute “pertsona asko hiru herrietakoren bateko jardueretara hurbiltzera animatu izanak herritarren apustu argia erakusten du, ingurumena ez ezik osasuna ere errespetatzen duen mugikortasun iraunkorraren alde. Horixe da, zalantzarik gabe, Mugikortasunaren Europako Astearen gako eta xedeetako bat”.
Bestalde, Miguel Ángel Páez Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko eta Bidasoa bizirik-eko presidenteak nabarmendu du “hiru udalek lehen aldiz batera antolatu dituztela jarduerak. Emaitza positiboek elkarrekin lanaren eta mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia berresten dute, eta ildo horretan lanean jarraituko dugu”.