Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak mugaz gaindiko mugikortasunaren webgune berria aurkeztu du

Smartmob proiektu europarrak hainbat ekintza biltzen ditu, besteak beste, garraio-sareen mapa komuna eta Irungo autobus elektrikoaren L1 mapa.
Partzuergoak mugaz gaindiko webgune berri batean integratutako mapa digital bat egin du, herritarrei eta turistei oinez, bizikletaz eta garraiobide arruntaz mugitzeko aukeren berri emateko.

 Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, hainbat ekimen garatu dituzte SMARTMOB proiektu komunaren esparruan, mugaz gaindiko mugikortasunak dituen erronkei aurre egiteko helburuarekin.

«SMARTMOBren helburu nagusia Bidasoa – Hego Lapurdi mugaz gaindiko lurraldean pertsonen mugikortasun iraunkorra eta adimenduna sustatzea da», adierazi du Miguel Angel Paezek, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidente eta Irungo Udaleko alkateordeak.

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak bultzatutako ekimena, Syndicat des Mobilités Pays Basque – Adour erakundeak ere parte hartzen duena, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak 2012 eta 2014 artean egindako «Transfermuga» azterlanetik ateratako ondorioen ondorioz sortu zen. Bertan, Hendaia, Irun eta Hondarribia arteko joan-etorrien % 90 autoz egiten direla frogatu zen, baita biztanleriak ez duela mugaz gaindiko mugikortasun eskaintzari buruzko ezagutza gehiegi ere.

Testuinguru horretan, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak  ekimen honen sustatzailea, Syndicat des Mobilités Pays Basque – Adour, Hendaiako Udala eta Irungo Udalarekin batera; eta Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa euroeskualdea, Hondarribiko Udala eta Donibane Lohizuneko Udala ekimenari lotutako erakunde gisa, elkarrekin lan egin dute hainbat ekintza egiteko. Horien artean, lurraldeko garraio-sareen mapa komun bat sortu dute, mugaz gaindiko mugikortasun webgune berrian integratzeko.

Webgune BERRIA: SMARTMOB.IRUNHONDARRIBIAHENDAYE.COM

Webgune honek lurraldearen mapa erakusten du eta klik batez Donibane Lohizunerainoko garraio lineen eskemara jo daiteke eta informazioa zabaldu 8 atal hauen bidez:

  • Garraio publikoa. Geltokiak eta garraio-lineen ibilbidearen trazadura kokatzen duen bilatzailea eta konpainien webguneetarako loturak.
  • Lurraldean dauden aparkalekuak.
  • Bidegorriak eta oinezkoentzako bideak. Bide nagusien trazadura eta bizikletak alokatzeko edo konpontzeko dauden zerbitzuen kokapena.
  • Eskaripeko garraioa. Landa eremuetarako, eskola eremuetarako eta taxi-zerbitzuen informazioa.
  • Intereseko lekuak. Bereziki kultuari, kulturari, kirolari, azpiegiturei, naturari, zerbitzuei eta osasunari dagokienak.
  • Mugikortasunerako interesgarriak direnak, eta, bereziki, mugez gaindiko mugikortasun-mapa bera PDF formatuan deskarga daiteke.
  • Proiektuari buruzko informazio gehiago.
  • Kalkulatu zure ibilbidea. Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa euroeskualdearen Transfermuga ibilbideen kalkulagailua.

Gainera, komunikazio kanpaina bat egingo da hiru lurraldeetan maiatzetik aurrera. Besteak beste, sare sozialetan eta webguneetan zabaltzea, hiru hirietako markesinetan eta hainbat interesgunetan kartelak jartzea.

Mugaz gaindiko mugikortasun mapa

Mugikortasun-mapa honek lehen bertsio berezia izan zuen 2019ko udan. Bertan, udalerri bakoitzean zein udalerrien artean oinez, bizikletaz eta garraio publikoan mugitzeko dauden aukerei buruzko informazioa ematen die herritarrei eta turistei. «Ekimen honen helburua da lurraldean bizi diren pertsonei eta bisitatzen gaituztenei errazago egitea autoa hartu gabe mugitzea», adierazi du Ganix Grabières, Hendaiako Garapen Iraunkor Auzapezordeak. Hauxe gehitu du: “20 bat mila auto pasatzen dira egunero Santiago zubitik. Horrek azpimarratzen du gure mugitzeko moldeak aldatzearen garrantzia, jakinez gure bidaia gehienak distantzia motz edo oso motzetan egiten direla. Tresna interaktibo berri horrek Bidasoaren bi aldeetan eskaintzen diren sistemak, baita ere beren konexioak eta ordutegiak ezagutzeko parada ematen du.”

Planoaren beste aldean, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalerrien arteko perimetroa jasotzen duen kale-mapa bat dago, eta, Urruña eta Biriatu udalerrien zati bat ere agertzen da Behobiarekin duten loturan.

Egungo errealitatera egokitzeko eta herritarrentzako informazioaren digitalizazioa sustatzeko, dokumentu hau mugaz gaindiko mugikortasunaren webgune berrian txertatu da, irudi nagusi gisa eta deskargatzeko dokumentu gisa.

Azkenik, nabarmendu behar da SMARTMOB planoa eta ekintzak EFA268/16 SMARTMOB proiektuaren esparruan garatu direla. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du proiektuaren % 65, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez.

Navigation de l’article