Ohartarazte jardunaldi batek bildu ditu, iragan apirilaren 11n, haurtzaroaren profesionalak, senitarteko indarkeriek dituzten ondorioen inguruan aritzeko. Helburua: hobe atzeman, ulertu eta aritzea oraindik maizegi ematen diren egoera horien aitzinean.
Hendaiako Herria engaiatua da beti indarkeria sexistaren, sexuzkoaren eta senitartekoen aurkako borrokan, tokiko mobilizazio kontratuaren bidez (2020-2026). Jardute eremu horrek tokiko eragileak ohartarazi, formatu eta batu nahi ditu, biktimak hobe lagundu eta indarkeria zirkuluak hausteko. Asmo horrekin antolatu zen haurrekin zuzenean harremanetan diren profesionalen ohartarazteko jardunaldia: haurtzaindegietako langileak, irakasleak, eskolaldi inguruko animatzaileak, eta abar.
«Ezin baztertuzkoa iruditu zait jarduera horren antolatzea profesional horien beharrei arrapostua eman nahiz», azaldu du Leonor Labeau, bereizkerien aurkako borrokaren ardura duen kontseilariak. «Formakuntza horrek zentzuz betetzen ditu kontratuaren helburuak, hezkuntza ministerioak, haur txikien harrera etxeek eta udal eskolaldi ingurukoak haurrak gaitz horretatik babesten laguntzen baitute.»
Zeren, nor haur horien ondoan egunerokoan diren profesional horiek baino hobe ohar liteke maiz ezkutatu egin ohi diren oinaze aieru horietaz? Konfiantza lotura bat ezartzen da haiekin, batzuetan urte luzetan eta haurride guztiekin; horrek gako zeregina ematen die indarkerien goiz atzemateko.
Elkarrekin aritzea
Jardunaldia leku bakoitzean adierazi ziren beharren galdeketa batetik sortu zen eta edukietan joria izan da. Elodie Nobili psikologo klinikoak eman dio hasiera bilkurari oso estimatua izan den senitarte indarkerien mekanismo psikologikoei eta haurrak adierazten dituen alerta aieruei buruzko mintzaldi batekin.
Hurbilpen horren osagarri, gizarte eta justizia zerbitzuak aritu dira. Sandra Dachay eta Muriel Lafayette (SDSei) informazio kezkagarrien (IK-IP) zirkuitua azaldu dute, eta Stéphanie Veyssière, prokuradoreordeak ministerio publikoaren lana eta seinalatze baten justizia ibilbidea azaldu ditu xeheki.
Maika Baron, Dongoxeneko haurtzaindegiaren zuzendariarentzat, jardunaldia konzientzia hartzea izan da: «Irakaspenez beteriko eguna izan da eta senitarteko indarkerien hedapenaz ohartzeko aukera eman digu… Kopuruak onbiderakoak dira eta gure lanbideetan erne-erne izatera deitzen gaituzte lehenbailehen aritu ahal izateko eta haurrak txiki-txikitatik, hitz egiten ere ez dakitenean ere, babesteko. Bestalde, tokiko partzuerrekin topatzeak horien hobe ezagutzeko aukera eman digu ere eta nor bakoitzaren zeregin eta egitekoak hobe ulertzeko».
Ikusirik parte hartu zutenen karra eta gaiari buruzko gaitasunak areagotzeko beharra, formakuntza sakonagorako asmoa du Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordeak (CLSPD). Mobilizazio horrek erakusten du zein garrantzi handikoa den elkarrekin batera aritzea ahulenen babesteko, hau da, haurren babesteko.