Auzapezak Hendaia Biltzen taldeari zituen ordezkapenak kendu dizkio

KOTTE ECENARRO AUZAPEZAREN KOMUNIKATUA 

«Egun sinatu ditut 2020ko uztailean Hendaia Biltzen (HB) taldeko lau hautetsiri eman nien ordezkapen bana kentzeko 4 aginduak, eta apirilaren 27an Herri Kontseiluak eginen duen bilkuran proposatuko dut Cotinat andrearen eta Legardinier andrearen auzapez karguak legearen arabera ken dakizkien. 

Urraspide hori 2020ko ekaineko hauteskundeen ondorengo kontseiluaren bigarren bilkuran bertan hasi zen egoeraren ondorio da. 

Damu zait hori egitera heldu beharra, baina ezinezkoa zitzaigun eni eta udal talde nagusiari hautetsi horiekin konfiantzaz lan egitea. 

Gure hautespen hitzarmena engaiamendu argien gainean egin zen, hala orientabide politikoen muinari dagokienean nola udal gehiengo ororenak diren arauei dagokienean ere. 

Arau horien artean, hiru seinalatu nituen. 

> Lehena, bistako dena, kudeaketa elkartasuna da. Aurrekontuaren bozketa dugu gehiengo bat osatzen duen ekintza politiko nagusia. Bat ez etortzeak gerta litezke eta taldearen bilkuran aipatzen dira eta zuzenketak eta aldaketak ekartzen dituzte eta, azkenean, kontseiluaren aitzinean bozkatzerakoan, auzapezak aurkezten duen aurrekontua sostengatzen da. HBko hautetsiek hainbat aldiz egin diote uko aurrekontua bozkatzeari.
2021ean, zenbait atalen aurka bozkatuz, 2022an bozketan parte ez hartuz, hau da, ene ustez, mesfidantza ekintza bat eginez. 

> bigarren araua hautetsien bilkuretan solastu eta mintzatzeko gaitasunari dagokio, libreki mintzatuz eta proposamenak eginez. Berehala agertu zaigu 6 hautetsiak ez zirela ia inoiz libreki mintzatzen eta, zernahi erran aitzin, kanpoko aginduak hartzen zituztela. Elkarrekin lanean aritu garen 20 hilabeteotan, hala batzordeetan nola lantaldean, bai eta herri kontseiluaren bilkuran bertan ere, argi gertatu da hainbat aldiz HBko hautetsiek kanpoko onespenen zain zirela zernahi erran aitzin. Alta, udal gobernuak ezin du hautatuak izan ez direnen gerizapean aritu. 

> hirugarren araua auzapezarekiko jarrerari dagokio. Lehen erran dudan bezala, hainbatetan gertatu zait mesfidantzazko bozketak jasatea, edo batzuetan udal gehiengoko hautetsiekiko edota enekiko hitz iraingarriak entzun beharra, jarrera horien berri lehenago eman ez zutelarik. Udal gehiengoarekin eztabaida antolatu dut, ordea, udal kontseiluaren bilkura eguna baino 10 egun lehenago talde nagusiarekin bilkura bat eginez eta udal bulegoaren (auzapeza eta auzapezordeek osatzen dute) bilkura baino 3 egun lehenago bakoitzari bere iritziak ezagutzera emateko eta osatzeko aukera emanez. Puntu horri dagokionean, erran dezadan Tariol jaunaren Hendaye en commun taldeko hautetsiek ez dutela inoiz ere talde diziplina hori hautsi.
Metodo elementu horiek direla eta hainbatetan eman diet abisu HBko hautetsiei, baina ez didate kasu egin nahi izan. 

Funtsari dagokionean, gure hautespen hitzarmena 8 puntutan zen oinarriturik eta zortziak bete ditugu; ordezkapenak hautetsien artean banatzean ere zen oinarriturik eta hori ere bete dugu osorik. 

IZPIRITU HORRETAN, HAINBAT EKINTZARI EKIN DIOGU 2020KO UZTAILAZ GEROZTIK 

  • 30 zona Hondarraitz auzoan eta Intzura auzoan, bai eta laster herri barnean ere; 
  • mugitze molde eztien garapena, 
  • gizon-emazteen arteko berdintasun gutuna, ahalmen urritasunaren gaineko neurriak, bereizkerien aurkako engaiamenduak, 
  • THParen aldaketa erraztua eta lagunduriko bizilekuen partea emendatzea, 
  • Funtsen gaineko zerga apaltzea 400 m2 baino txikiago diren saltegientzat, 
  • Egiazko elkartasun alokatzeen garapena eta zerga apaltzea, 
  • Portuari buruzko lantaldea plantan ematea, 
  • Lurralde elikadura plana abian ematea 
  • Hizkuntza politika azkartzea… 

Zerrenda hori ez da osoa eta ez da, batez ere, HB taldearena bakarrik, gehiengo osoak gauzatu baititu ekintza horiek. 

Berehala agertu zitzaigun HB taldeak duen udal bizitzaren ikusmoldea aldatu zela aitzineko agintaldiarekiko eta ezin zela konfiantzaz eta udal gehiengo bati ezinbestekoa zaion kudeaketa elkartasunaz lan egin. 

Konfiantza ments hori gogoan har eta hobe iruditzen zaigu gauzak argitu eta 6 hautetsi horiek hemendik goiti udal gehiengotik at izan daitezela. Herriaren hautetsi diren bezainbatean, legea eta gure barne araudia betez, Hendaia Goazen taldeko hauteskideek bezala, herriaren demokrazia bizitzan parte hartzeko aukera emanen dieten elementuak eskuratu ahalko dituzte, baina ingurune berri batean izanen da hori. 

Herri Kontseiluaren maiatzeko bilkuran, hemendik goiti 20 hautetsiz osaturik izanen den udal gehiengoaren barnean zereginak banatzeko proposamen berriak eginen ditut. 

Demokrazia eztabaidan ukan ditzakegun bat ez etortzeak zeinahi izanik ere, ez dut uste inoiz ahaztu behar dugunik gure engaiamendu politikoaren funts bakarra ororen interesa eta gure zerbitzu publikoaren zeregina betetzea dugula». 

 

Navigation de l’article