Neurria ekainaren 30eko Herri Kontseiluan onartu da; asiar lozerren hedatzearen aurka borrokatzeko, Herriak proposatzen du beren jabegoan halako habiak dituzten hendaiarrei diruz laguntzea.
Entomofaunaren harrapari den intsektu horrek arriskuan jartzen ditu tokiko bioaniztasuna, jendeen segurtasuna eta giza jardunak (bereziki erlegintza). Kasu eman ezazu!
Espezie exotiko inbaditzaile horrek duen arriskuaren eta dakartzan ingurumen arazoen aitzinean, Herriak diruzko laguntza baliabide bat ematen du plantan herriko jabego pribatuetan dauden habien kentzeko.
Herriak 50 € hartuko ditu bere gain habi bat kentzeko eskuhartzearen ZB kostutik (gainerakoa jabeak ordaindu beharko du).
Habi bat duzula ikusi eta laguntza hori jaso nahi baduzu, horren berri eman behar duzu zeinahi eskuhartze egin baino lehen. Udal Zentro Teknikoarekin jar zaitez harremanetan telefono honetara deituz: 05.59.20.38.25 langile bat etxera etor dakizun eta egiazki asiar lozerren habia dela egiazta dezan.
Hala dela egiaztatuz gero, Herriak laborantzan baliatzeko Frantzian homologaturik diren parasitoen aurkako produktuak emateko baimena duen enpresa espezialista bati emanen dio mandatua.
Herriaren diruzko laguntza jasotzeko dosier oso bat aurkeztu beharko da honako elementu hauek ekarriz:
- mandatua jaso duen enpresaren urte bereko faktura bat habia kendu duela baieztatzen duena,
- eskuhartzea egin duen lekua eta data
- bizileku frogagiria
- bankuko nortasun datuak
Gehiago jakiteko:
Frantzian 2004an ikusi zen lehen aldiz asiar lozerra eta egun nazio lurralde osoan hedatua da; 2016. urtean, Europar Batasunak espezie exotiko inbaditzaile kezkagarria izendatu zuen.
Asiar lozerrak gorputz beltza du, zerrenda zabal laranjarekin sabelaldean, aurpegia ere laranja eta hanka muturrak horiak. Haien habia 80 cm diametrokoa izateraino hel liteke. Zuhaitzetan nola eraikinetan atzeman liteke, edo hesietan, edo lurreko zuloetan…
Hirietan nola landa ingurunetan ageri da, ura eta elikadura atzeman dezakeen lekuetan.
Batez ere intsektuz eta azukredun gaiez elikatzen da (fruituak, zuhaitzen izerdia eta abar…).
Herria beste espezie exotiko inbaditzaileen aurka ere da engaiatua, nola den Senecio Inaequidens Zokoburu aldean (Abadia eremuko itsas hegiaren zaintzaileek eta ekoboluntarioen lantegiak errotik kentzen dituzte) eta Cortaderia Seoana edo Panpako belarra (iragan maiatzean espezie horren aurkako borrokarako nazioarteko estrategiara lotu zen).