Ikusleen topatzera
Lehen egunean, festibala ofizialki ireki baino lehen ere, Branca tokiko konpainia artamendu etxeetako pazienteen eta zahar etxeko egoiliarren topatzera joanen da poesia dantzatuko une bat eskaintzeko.
Hor ikusten da Herria kultura ororen esku izan dadin lortzen saiatzen dela. Kultura sailak urte osoan zehar proposatzen ditu bitartekaritza ikuskizunak eta ekintzak ikusleengana joz, eta festibala ez da horretan salbuespen. Horra karrika arteen besta leku publikoan!
Asmo horri jarraikiz emanen zaie herriko eskola ikasleei Barbaque konpainiaren «La princesse qui n’aimait pas» obrarekin bozkariatzeko aukera, Gaztelu aretoan haientzat antolatu diren bi saiotan. Gero, larunbat goizean, Kukai Dantza arituko da Orio auzoan, bere «Topa» ikuskizuna aurkezten, zeinean hip hop, dantza garaikidea eta euskal dantzak nahasten baitiren.
Irekitze ekitaldi ofiziala maiatzak 26, ostirala, 18:30etan egin eta gero, antzerki, zirko, dantza, magia eta musika ikuskizunak aurkeztuko dira, bata bestearen ondoren, asteburu osoan zehar. Hendaian, sortze edo bitartekaritza egonaldietan izan diren zenbait ikuskizun eta proiektu ikusten ahalko dira, hala nola Nina Garcia hendaiar artistarekin eginen den parte hartze bidezko eta belaunaldiarteko freskoa (estreinaldia 05.26an 18:00etan) edota parte hartze bidezko bi ikuskizunak «Asfaltoaren azpian, euria» (Piszifaktoria Ideien Laborategia) eta «MU.e» (Le Petit Théâtre de Pain) ikuskizunaren kanpoko lehen emanaldia.
Festibalak jende oro atseginean bizitzeko lekuak proposatzen ditu:
- Haurren herrixkak jostailu, xingola eta girgileria artean nabigatzera eramanen ditu haur txikienak, itsasoaren gaiaren inguruan.
- Jatetxe / ostatu bat kudeatuko dute Lanetik Egina, Les Petites Têtes Dans Les Nuages eta Borderline Fabrika elkarteek, ostiralean 18:00etatik goiti, larunbatean 13:30etik goiti eta igandean 11:00etatik goiti.
- Pausaleku bat izanen da belardian, posta-txartelak idazteko edo liburu batekin lasaitzeko aukera emateko.
Betiere ekoasmakuntza asmoz
Aurten ere, antolaketan arreta berezia eman da festibalaren arrasto ekologikoa murrizteko. Horrek ekarri du tokiko produktu fresko eta sasoikoak proposatzea erakusmahaietan, turnasari bidezko Baso Berri deiturikoak erabiltzea, hondakinen sailkapena egitea eta material berrerabilgarri eta birziklagarria erabiltzea. Ikusleei ura eskubotilan ekar dezaten proposatzen zaie, bai eta festibalera txirrindaz, oinez edo autobusez etor daitezen. Txik-Txak konpainiarekin lotu partzuergo bati esker, etxeratzeko hiribusak ukanen dituzte ostiral eta larunbatean Hendaian eta Biriatun, 22:00etan, 23:00etan eta 23:45etan herri barneko geldilekutik abiatuz, eta 31 linearen ibilaldi gehiago izanen da igande arratsaldean, 18:45ak arte
EGITARAUA
Egitarau osoa honi loturiko agendan eta linean hemen: www.hendaye-culture.fr
Une garrantzitsu zenbait
« MU.e » de la cie Le Petit Théâtre de Pain
MU.e lurrunketa biral handi baten istorioa da: gure egungo gizartetik hamarkada zenbait urtetara dagoen gizarte bateko gazteriarena. Fikzio bat fikzioan da ere, errealitateari kontuak eskatzen dizkiona. Baina zein errealitateri? Zuen aurrean jokatuko den piezaren errealitateari ala guztiok egiazki bizi dugunari?
Hiru leku-denbora horiek lotzen dituztenak beldurra eta ametsa dira. Beldurrak eta ametsak munduarekiko mesfidantza eta itxuraldatze nahia sortarazten dituzte.MU.e hainbat sarreradun intriga bat da, erantzukizunaz eta beldurraz mintzo dena, gazteriak gizartearen aurpegira bota azken dei bat ageri delarik gibelean.
- Ikuskizunaren estreinaldia leku publikoan.
- Festibal aitzineko astean konpainiarekin lan eginiko zenbait hendaiar gazte arituko dira estra gisa.
- TEASER : https://vimeo.com/619898796
« Asfaltoaren azpian, euria » de la Cie Piszifaktoria ideien laborategia
2031ean gara. Piszifaktoria Ideien Laborategia konpainiak Hendaiaren bisita gidatu batean garamatza. Fikziozko ibilaldi bat eguneroko errealitatean zehar. Ikuskizun aitzindaria gure karriketan, euskaraz; gure herrien antolaketari buruzko gogoeta bat; artelan bat erkidegoarekin eta erkidegoarentzat.
- Mugazgaindiko «Karrikan» plataformak hautatu konpainia.
- Bitartekaritza egonaldian hartu genuen Hendaian, 2023ko martxoan.
« Levez-vous pour les bâtard.e.s » de la Compagnie OKTO
1660ko abenduaren 8an gara, 17:45ak ttanko ditugu eta arrats honetanxe, Lurbiraren antzerkian, Londresen, egin da Gertakaria. Puritanismozko hamazortzi urte luzeren ondoren, antzerkiak berriz zabaldu dira azkenik. Baina legea ez da aldatu. Sexu femeninoko norbanako orok du zorrozki debekatua taulagainera igotzea. Zuek, William Shakespeare ezagutzen duzuenek, jakin ezazue Judith izeneko arreba ukan zuela, bera baino hogei urte gazteagoa. Gaur, sei neska elkarren oso-oso bestelakoak, helburu berarekin ari dira: Judith-en oroitzapena ekartzea.
- Ikuskizunaren inguruan: 28an, igandearekin, 13:00etan, Ikus’arizaleen antzerki lantegia Théâtre des Chimères-ekin. 14:00etan topaketa/eztabaida konpainiarekin honako gaiaren inguruan: «Borroka feministak eta arte sorkuntza: nola bideratzen ditu patriarkatuak gure jokabideak?».
- TEASER : https://www.youtube.com/watch?v=qwuoQ73juPQ