«Elgarrekin» izena emanik inauguratu zuten, ekainaren 27an, Hendaiako aldagune multimodala Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoaren buruak, Jean-François Irigoyen, Euskal Elkargoaren Mugikortasunen Sindikatuaren buruak, Alain Rousset Akitania Berriko Eskualde Kontseiluburuak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren buruak, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluburuak, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak, bertan zirela ere Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefeta eta Marlène Dolveck, SNCF Gares et Connexions delakoaren zuzendari nagusia.
Urtero, 350 000 bidaiarik erabiltzen dute Hendaiako tren geltokia eta 700 000 ondoan duen Euskotren geltokia. Hendaiako aldagune multimodalak mugazgaindiko lekualdaketak errazten ditu eta lekualdaketa horiek oraindik ere areagotuko dira Baiona eta Donostia zuzenean, lotura egin beharrik gabe, lotzeko tren linea berria plantan emanen delarik; linea hori eragile guztien nahia da eta 2025ean hirugarren trenbidearen heltzearen aitzindari izanen da. Aldagune hori proiektuan parte hartzaile diren mugazgaindiko eragileen arteko partzuergo arrakastatsu baten adierazgarri da ere.
Erabat berrantolatu eta konektatu bi geltoki
SNCF geltokitik aterabide berri bat eta maldatxo bat egin direlarik, bidaiariak zuzenean joan litezke Eusko Jaurlaritzak erabat berritu duen Euskotren geltokira. Inguru guztia oinezkoentzat antolatu da eta, hartara, bi geltokien arteko lotura seguru eta erraza da orain. Geltokiaren eta auzoaren arteko lotura egiten du 5000 m2 zabal den geltoki aitzinaldeak, leku zabal eta zuhaitzez landatua (gingkoak, magnoliak, astigarrak…) da eta bidaiariek eta auzokoek behar dituzten zerbitzu guztietara erraz heltzeko bidea. Espaloien zabaltzeak bide egokiak eskaintzen dizkie auzokoei beren lekualdaketetan, bai eta terrazen kokatzeko aukera ere. Horiez guztiez gain, helgarritasun handiko geltokia dugu orain.
Geltoki multimodala sortzea mugikortasun iraunkorraren garatzeko
Hendaiako aldagune multimodalak mugikortasun aukera guztien arteko lotura eskaintzen du: TOPO, TER, AHT, hiribusak, autobusak, taxiak eta txirrindak, mugikortasunak garatzeko, baita mugazgaindi ere. Euskotren geltoki berria tren eskaintza areagotzeko antolatu da, 15 minutuz behin ibiltzen ahalko den TOPOarekin. Txik Txak sarearen 3. linean (Hendaia-Baiona), 31. linean (Hendaiako geltokitik iruneara 7 minututan) eta 35. Linean (Hondarraitz-Autoportua), hau da, linea guztietan afixa elektroniko bidezko informazioa ematen duten eta txartelak saltzeko gailua duten geldilekuak daude.
Proiektuaren barnean 600 metroko txirrinda bidea da ere, geltokia Bidasoaren ertzean doan Vélodyssée txirrinda bidearekin lotzeko. 83 lekudun txirrinda geltokia kokatu da ere eta leku horien herenak eguzki argiz kargatzen diren argindar birkargagailuak ditu. Transfermuga izeneko ibilbideen kalkulagailuak bidaia mugaren bi aldeetako hainbat garraiobide bata bestearekin lotuz antolatzeko aukera ematen du: https://www.transfermuga.eu
Geltoki auzoaren aldaketan parte hartzen duen proiektua
Hendaiako aldagune multimodalaren sortzeak laguntzen du geltoki auzoaren aldaketan, bizileku eta partekatze leku eder bihurtu baitu, biztanleentzat, merkatarientzat eta bisitarientzat leku funtzional eta atsegina. Abiadura gehienez orduko 30 kilometroetara mugatzen duen 30 zona ezarriz, autoen zirkulazioa lasaitu da geltokiaren aitzinean. Aparkalekuen eskaintza ere birpentsatu da. Proiektuak 105 aparkatzeko leku sortu ditu. Auzokoentzat tarifa apalagoak ezarri ditu herriko etxeak eta erabiltzaile ororentzat 15 minutuko tartea urririk da saltegietan erosketak egin edota bidaiariak laguntzeko. De Gaulle jeneralaren hiribidean ere egonaldi laburretarako 7 aparkaleku antolatu dira. Geltokiaren aitzinean bada 10 autorentzako utzi eta abia liparño baterako aparkalekua ere. Taxiek, beren aldetik, 6 leku dituzte geltoki multimodalean.
Erranak
“Egun, beterik ditugu jadanik asmo handiko proiektu honen helburu nagusiak: mugazgaindiko mugikortasuna erraztu da, geltokien multimodaltasuna eta helgarritasuna garatu dira, lekualdaketak, herriarekin bat eginik den geltoki aitzinaldearekin seguruak dira orain, auzoaren hiri itxura berritu da, mugitzeak ingurumenaren begiramen handiagoz egiten dira… Hori bezalako proiektuetan engaiatzen gara. Lurraldearen erakargarritasuna areagotzen dute eta gure biztanleen egunerokoa hobetzen. Milesker Hendaiako biztanleei, merkatariei eta taxilariei, lanak bitartean erakutsi duten egonarriarengatik. Egun antolaketa berri horietaz balia litezke, ingurune itxurosoagoa baitiete eskaintzen eta lan baldintza hobeak… Bakarrik lasterrago ibiltzen da, Elgarrekin, urrunago da heltzen! “. Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapeza
“Gure herritarrek igurikatzen zuten hornikuntza hau gure erakundeen arteko loturak indartu dituen partzuergo eredugarri baten emaitza da. Hemen, Hendaian, pertsonen komunikazioa eta mugikortasuna errazten ditugu garraio moldeen arteko lotura gunea sortuz: trena, bus lineak eta zirkulazio molde eztiak ere. Elkarren loturak errazten ditugu, hala hurbileko loturak nola tokiko eta mugazgaindiko lekualdaketetan. Erabiltzaile ororen beharretara egokitu zerbitzuak eskaintzen ditugu. Hornikuntza moderno eta funtzional hau funtsezko tresna zaigu gure lurraldearen etorkizunerako. Biztanle guztiei dagokie erraz mugitu ahal izatea”. Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoaren burua
“Aldagune hauen antolaketa erraztea garrantzi handiko zeregina da SCNF Gares et Connexions-entzat karbono gabeko mugikortasunen zerbitzurako, eta hemen, Hendaian, nazioarteko garraioaren berezitasuna dugu gainera. Aldagune multimodalaren lan hauez gain SNCF Gares et Connexion hainbat proiektutan engaiatu da, hau da, saltegien antolaketan, erabiltzaileentzako informazio dinamikoagoa hedatzen, Borderline Fabrika deitu hirugarren lekua irekitzen, eta Mugikortasunen Sindikatuari, bidaiarien eraikinaren eta topo geltokiaren arteko lotura hobetzea proposatu dio ere, alboan berinazko horma bat sortuz. Geltoki berri bat dugu orain, beraz, baliagarriagoa, berdeagoa, nabarmenagoa. Aldagune multimodal eredugarria da hau”. Marlène Dolveck, SNCF Gares et Connexions delakoaren zuzendari nagusia
“Mugazgaindiko aitzinatze ederra dugu egun ospatzen. Departamenduak jarraituko du partzuer guztiekin batera halako proiektuetan parte hartzen. Segur naiz inoiz baino gehiago behar dugula mugazgaindikoaren gaiaz elkar aditu eta eztabaidatu eta eztabaida horiek dinamikoak izanen direla espero dut, beharrezkoak baitzaizkigu, proiektuak delikatuak direlako eta bitartekoak mugatuak”. Jean-Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluburua
“Topo geltoki berriaren eta Hendaiako tren geltokiaren eraikuntza funtsezko urratsa da erakundeen arteko elkarlanaren barnean. Eusko Jaurlaritzak bururatu duen Topo geltoki berriak bidaiarien bizitza errazten du eta heltzeko baldintzak hobetzen ditu bigarren trenbidea eraiki dutelarik. Elkarlanerako proiektuak ez dira hor gelditzen. Transfermuga proiektua dugu horren adibidea. Oraindik bada zeregin handia, baina mugazgaindiko lankidetzaren uste osoa dut ekonomikoki erresiliente, sozialki zuzen eta iraunkor izanen den lurraldea eraikitzeko bidea dela”. Iñigo Urkullu Euskal gobernuburua
“Kotte Ecenarrok eta Jean René Etchegarayk aipatu kopuru bat dut gogoan, hau da, mugaren gaineko trafikoaren % 83 autoz edo kamioiz da egiten. Egiazko ekologia, energia eta ingurumen trantsizioa nahi badugu, trafiko horren erdia behintzat trenbidez egitera pasa behar genuke. Egunero, Espainia eta Portugaletik etorriz Akitania berria zeharkatzen duten 10 000 kamioi dabiltzala jakitea guztiz jasanezina eta manten ezina zaigu. Nahitaez, gure lurralde sentsibilitateetatik haratago, erabaki azkar eta ausartak hartu behar ditugu Espainiarekin, bereziki hegoaldeko Euskal Herriarekin, Euroeskualdearen barnean egiten dugun bezala. Zer eginen dugu bihar? Hor gelditu behar ote dugu? Bada argi den zerbait, hau da, gure trenbideak egokitu beharko ditugu kamioiak errepideetatik ateratzeko behar horretarako. Abentura ez da bukatu”. Alain Rousset, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluburua eta Euroeskualdearen burua.
“Aldagune multimodala, legeak eta zentzu onak bultzaturik, proiektu arraskatatsua da alde orotatik, hala mugazgaindiko lankidetzari dagokionean nola mugikortasun berrietarako aterabideen laguntzen, txirrindari egiazko lekua eginez, bai eta intermodalitatearen garapenean, erabiltzaile ororen arteko partekatze lekua garatuz edota mugikortasun garbiagoa garatuz. Hirian kokatu aldagune multimodala dugu hau; hiriaren erakargarritasuna bultzatzen du eta helgarritasunerako bideak irekitzen ditu ororen mugikortasunerako. Arrazoi guztiak ditugu, beraz, egite eder horretaz bozkariatzeko”. Philippe Le Moing-Surzur, Baionako suprefeta
- 10,7 milioi euro
- 20 enpresa aritu dira (haietan 10 tokiko enpresak)
- 3 bus linea
- 83 txirrinda leku txirrinda aparkalekuan
- 16 txirrinda arku
Proiektu osoaren kostua 10,7 milioi euro ZG da:
- Eusko Jaurlaritzak egin duen Euskotren geltokiaren berriztapenaren kostua: 5,95 milioi euro ZG.
- Euskal Herriko Mugikortasun Sindikatua obralari zuen Elgarrekin aldagune multimodalaren antolaketaren kostua: 4,8 milioi euro ZG (POCTEFA eta FEDER europar funtsek: % 40; Euskal Herriko Mugikortasunen Sindikatuak (% 23), Akitania Berriko Eskualdeak: % 14, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak: % 10, Hendaiako Herriak: % 9, SNCF konpainiak: % 4).