Hendaia, Donibane Lohizune, Bidarte, Angelu eta Biarritz herrien arteko lan bati esker, irabazi asmorik gabeko elkarteen surf jardunaren araudi bakarra sortu da. Ekainaren 2 ostegun honetan bildu dira urraspide berri horren ofizialtzeko.
Elkarteen surf jarduna, araugabeko jarduna
Bada hainbat urte merkataritza asmodun surf jarduna arauturik dugula, baina ez da hala, ordea, irabazi asmorik gabeko surf elkarteen kasuan. Arautu gabeko egoera hori ezin eramana zitzaien hala klubei nola hondartzaren erabiltzaileei eta udalei.
Izan ere, Kotte Ecenarrok erran bezala, surf jarduna eta irakaskuntza arras handitu zaizkigu, zorionez, azken urteotan, euskal itsasertz osoan. Halatan, bada, euskal kostaldeko hondartzak maiz gainditurik dira arrakasta horren ondorioz, batez ere uda sasoian.
Araudi bateratua
Erabiltzaile ororen –hala bainatzaile nola surflarien- segurtasuna bermatu nahiz, Herriaren ekimenez, Donibane Lohizune, Bidarte, Biarritz, Angelu eta Hendaiako udalak, bai eta Departamenduko Surf Batzordea eta Frantziako Surf Federazioa, elkarlanean aritu dira araudi koherentea sortzeko. Ekainaren 2 ostegunean, udal agindu bat sinatu du Kotte Ecenarro auzapezak. Gainerako herriek ere emanen dituzte halako aginduak.
Hemendik goiti eta 2025 arte, klubek dagokion herriari jakitera eman eta baimena emanen zaie elkarteei klub jardunetan ari daitezen maiatzaren lehenetik ekainaren 15era eta irailaren 15etik urriaren 31 bitartean, bi monitorek gidaturiko lizentziadun 16 ikaslerekin gehienez.
Agindu horren pean honako klub hauek dira: Aviron Bayonnais, Artha Surf Club, Le Bascs, Bidarteko Surf Club, Anglet Surf Club eta Les Surfeuses du dimanche elkartea. Bidassoa Surf Club elkartea mugagabe ari daiteke Hendaian.