Abiatu dira dragaketa lanak laket portuan

Laket portuaren dragatze lanak ofizialki hasi dira egun eta bi hilabetez luzatuko dira.

Fort Boyard deitu dragatze ontzia atzo heldu zen eta lanean hasi da. Goiz honetan, prentsaurreko bat egin da kapitaintzaren ondoan lanen hastapenaren berri emateko. Arte horretan, gibelaldean, Fort Boyard eta Trézence (catway edo zaldaintxoak kentzeko) ontziak lehen eragiketei ekiten zieten.

Malory Béché, Charente-Maritime Departamendu Kontseiluaren Dragaketa Zerbitzuaren arduradunordeak azaldu du eragiketen nondik norakoa: «Fort Boyard ontziak lehorretik 5 bat kilometrotara den murgiltze zona batera eramanen ditu dragaturiko jalkinak, bidaia bakoitzean 400 m3 garraiatuz. Egunean bi dragaketa eginen dira, itsasbeheretan. Eragiketa horietan bilduko diren hondakin handiak plantan eman adar egokien bidez tratatuko dira».

35 urtez goaitaturiko proiektua

Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak lanen garrantzia azpimarratu du: «35 urte pasa dira azken dragaketa egin zenetik eta bazen laket eta arrantza portuen sargiak berriztatzeko garaia, funtsezko azpiegiturak baitzaizkigu tokiko ekonomia jardueretarako, hala nabigaziorako nola laket jarduerarako, itsas kiroletarako edota arrantzarako. Proiektua bertutezko eta ingurumeneko urraspide bat da, Departamendu Kontseiluarekin, Estatuarekin eta erabiltzaileekin partzuergoan».

Emmanuel Azuri, itsas hegiaren eta arrantzaren arduradun departamendu kontseilariak parte hartzaile ororen arteko elkarlana goraipatu du: «Bizipen ederra dugu, urteak baitziren proiektuaren zain ginena. Honako hauen lana eskertu nahi nuke: 64 Departamenduarena, Hendaiako Herriarena, Artelia obralariarena, misioa hartu duen enpresarena, Charente Maritime-ko Departamendu Kontseiluarena, bai eta EGIS solutions maritimes delakoaren obralaritza laguntza ere, lanen ingurumen jarraipena egiten baitu. Emaitza ikusteko irrikitan gara».

Asmo handiko lan honek portura sartzeko baldintzak luzaz hobetuko ditu eta Hendaiaren itsas erakargarritasuna areagotuko du.

Jakiteko

Nora joan dira ontziak?

Hendaiako laket portuak, Hendaiako Itsas Oporlekuak (HIO-SLHI) kudeaturik, 890 ontzi hartu ohi ditu, eta haietako 140 lekuz aldatu behar izan dira lanei leku egiteko. Ontzi horiek hainbat portutan banatu dira, besteak beste, Laredon, Hondarribin, Arroxelan, Zumaian, Donibane Lohizunen eta Angelun. Jabe zenbaitek beren ontzia atoi gainean uztea hautatu dute; beste ontzi batzuk arrantza eta laket portuen alde teknikoetan amarraturik dira.

320 000 m3 ateratzeko 10 urtetan

Hendaiako Herriak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, obralaritza partekatuko hitzarmen baten bitartez eta lankidetza hertsian eragile eta erabiltzaile guztiekin, dragaketa egitarau bati ekin nahi ukan diote behar gehien duten aldeetan. Hautatu den dragaketa planak 3 eskuhartze zona ditu:

Laket portua (B zona) erabilerei eusteko
Bidasoaren sartze ubidea (A zona) nabigazio baldintzak bermatu eta segurtatzeko,
Arrantza portua (C zona) ontziak arrantza portuan eta alde teknikoan hartzen jarraitzeko eta ontzi gehiago hartzeko.
Ubidetik aterako den hondarra hondartzan baliatuko da, eta laket eta arrantza portuetako dragaketek aterako dituzten jalkin finak, aldiz, itsasoan murgilduko dituzte.

Gehiago jakiteko, gaiari buruzko orrira jo

Navigation de l’article