Kontseiluaren urteko azken bilkura atzo egin zen eta 20 puntu aztertu zituen, guztiak aho batez bozkatuak alde batera uzten baditugu Euskal Herriko Bizitegien Tokiko Plana (BTP-PLH) onartzean izan ziren bi abstentzioak; gai horretan mintzaldi anitz izan dira. Joera politiko guztiek ukan dute lurraldean egiazko arazo dugun gai horretaz mintzatzeko aukera. 2020-2025 aldirako 2656 bizitegi egiteko helburua ezarria da (euskal elkargoaren mailan) eta hori lortzeko 6 orientabide ezarri ditu Euskal Hirigune Elkargoaren Elkargo Kontseiluak, haien artean, karbono gutxiko lurraldearen alde engaiatzea, lehentasuna tokiko beharrei ematea, bai eta hurbilekoari lehentasuna ematea. Herrian egin ditugun ahaleginak eginik ere, Kotte Ecenarro auzapezak biltzarrari jakitera eman dio Herria bizitegi lagunduen alorrean “eskas” ageri dela herrien sailkapenetan.
Bozkatu diren beste puntuen artean, hona zenbait:
- Ostatatze gabeko aisialdi harreren tarifen berrikuspena.Azaroan eskoletako eta eskolaldi inguruko jantokien gainean bozkatu deliberamenduari jarraikiz, kozienteak senitarteen diru sartzeetara egokitu dira. Udal laguntza horiek guztiek ia 90 000 euroko erosahalmena ekarriko die familiei 2021ean.
- “Tokijan” proiektuaren onartzea, Euroeskualdearen proiektu deialdiaren barnean. Herria elikadura burujabetzaren gaian engaiaturik da eta proiektu horren bidez tokiko ekoizpenaren, eraldaketaren eta kontsumoaren aldeko ekosistema sustatu eta garatu nahi du Bidasoaldean. Lan Eko partaide izanen da ekintza horretan.
- Kulturarako elkartasun funtsa sortzea COVID-19aren krisiak jo dituen zuzeneko ikuskizunetako tokiko kultura eragileentzat.
- Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako europar gutuna onartzeatokiko bizitzan, bai eta 2021erako ekintza plana ere. Mintzaldiak, formakuntzak, komunikazio ekintzak…, estereotipoen aurka borrokatzeko hainbat jarduera garatuko dira.
- Parte hartze bidezko aurrekontuaren barne araudia onartzea urtarrilaren hondarrean abian jartzeko. Biztanleei herriarentzat interesgarriak diren inbestimendu proiektuak proposatzeko eta beren nahi eta beharrei erantzuten dieten alde bozkatzeko aukera emanen zaie.
- Segurtasunerako eta Gaizkintzari Aitzina Hartzeko Tokiko Batzordearen barne araudia eta deontologia gutuna onartzea. Horren karietara, auzapez jaunak berriz ere aipatu ditu azken egunotan herrian izan diren etxe ohoinketak. “Udaltzaintza garatzen eta bideozaintzako sistemak hedatzen egin ahalegin guztiagatik ere, Herriak ezin du berak bakarrik lasaitasun publikoaren alorrean herriak eta biztanleek dituzten beharrei arrapostu aski eman. Segurtasun publikoa batez ere Estatuaren boterearen esku eta haren nazio poliziaren esku da” erran du lehen hautetsiak.
Hendaiako Herria biharko hirixken programarako hautatua izan da. Lurraldeen Kohesiorako Nazio Agentziak garaturiko programa hori 20 000 biztanle baino gutxiago dituzten hirientzat da lurraldearen antolamendu politikaren barneko biziberritze proiektuak gauzatzeko asmoarekin. Hiru miliar euro ematen ditu Estatuak 2020-2026 aldirako, hautatuak izan diren 1000 lurraldetan banatzeko.
Eztabaida guztiak horretarako orrialdean atzemanen dituzu gaur-biharkoan.